Haurdun dagoen etxeko langile baten kontratuaren atzera egite
egoera eta horren arauketa planteatzen da:
- Kasu horretan, langilea kaleratzeko erabakia hartuz gero, deuseza izango litzateke, Langileen Estatutuaren 55.5.b) artikuluak ezartzen duen erabateko deuseztasuna aplikatuta, etxeko langile ez den haurdun batek izango lukeenaren pareko tratamendua emanda.
Bi kasuen arteko interpretazio analogikoan eta, 1620/2011 Errege Dekretuaren 11.2 artikuluak kaleratze bidegabea soilik aipatzen duen arren, kaleratze deuseza jaso gabe, auzitegien iritziz, kaleratze deuseza aplikatu behar da, oinarrizko eskubide bat urratzen baita (Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, 2008-11-24koa, 8610/2008 zk., 4191/2008 errek.) (hamazazpigarren zuzenbideko oinarria).
‒ Baina, kaleratzearen deuseztasun-kalifikazioa eman eta gero, lanera itzultzea izan beharko litzateke ondorioa.
Hala ere, horrek oinarrizko beste eskubide baten aurka egingo luke; hain zuzen ere, etxeko kideen intimitate pertsonala eta familiarra babesten duena, etxean gatazkaren aurreko konfiantza ez duen pertsona bat izan beharko bailukete.
Beraz, oinarrizko bi eskubideren arteko gatazka dago: alde batetik, sexuarekin lotutako diskriminazio ezari dagokiona, eta bestetik, etxeko kideen intimitate pertsonal eta familiarrari dagokiona.
Egoera horretan, irizten dutenez, ez da lanera itzultzea inposatu behar «etxeko kideei neurrigabeko sufrimendua eragingo liekeelako familian, eremu oso pribatu eta intimoan, kanpoko pertsona baten presentzia fisikoa onartzea, lehendik zegoen konfiantza hautsi ondoren».
Hala ere, lanera itzultzea posible ez denez, bidezko kalte-ordaina kaleratze bidegabearena izatea erabaki dute (Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, 2008-11-24koa, 8610/2008 zk., 4191/2008 errek.) (15., 16., 19. eta 20. zuzenbideko oinarriak).
Hortaz, etxeko langile haurdun bat kaleratzean lan-harremana azkentzeari emango litzaiokeen kalifikazioa kaleratze deuseza izango litzateke, erabateko deuseztasunagatik, eta kaleratze bidegabearen kalte-ordain berdina emango litzaioke.
‒ Une horretan sortzen den kezka da izapide-aldiko soldatak ordaindu beharko diren edo ez, kaleratze bidegabearen kasuan ez baitira ordaindu behar.
Kasu horretan, eta kaleratze bidegabearen kalte-ordaina lanean berriz onartu ahal ez izatearen ondorioz aplikatu denez, auzitegiek adierazi dute Langileen Estatutuaren 56.2) artikuluan xedatutakoa aplikatu eta izapide-aldiko soldatak ordaindu behar direla (Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, 2008-11-24koa, 8610/2008 zk., 4191/2008 errek.) (21. eta 22. zuzenbideko oinarriak).
Laburbilduz, etxeko langile haurdun bat kaleratzen den kasuetan, kaleratzea erabat deuseza izango da, eta kaleratze bidegabearen kalte-ordain berdina eskuratzeko eskubidea izango du, bai eta izapide-aldiko soldatak eskuratzekoa ere; horietatik, aldi baterako ezintasuneko aldiei dagozkienak deskontatu beharko dira.
- Kontsultatu den kasuan, eta etxeko langile bat denez, enplegatzaileak kontratuan atzera egin dezake (1620/2011 Errege Dekretuaren 11.3, 4 eta 5 artikuluan arautua), baina ez litzateke kaleratzea bezala tratatuko.
Kasu honetan, azkentzea ez litzateke erabat deuseztzat jo beharko, baizik eta oinarrizko eskubide bat urratu dela egiaztatu beharko litzateke (sexuarekin lotutako diskriminazioa edo osotasun fisikoa izateko eskubidea), eta enplegatzaileak bere erabakia justifikatzeko arrazoiak alegatzeko aukera izango luke.
Hain zuzen ere, ezin da azkendu, besterik gabe, atzera egiteagatik, etxeko langile haurdun baten kontratua, baina horrek ez du esan nahi etxeko langile haurdun baten kontratuan atzera egite guztiak deuseztzat hartu behar direnik –deuseztasun objektiboaren teoria aplikatuz– ez badago diskriminazio-zantzurik edo, egotekotan, enpresak egiaztatzen badu lanpostutik kausa arrazoitu eta justifikatuengatik kendu duela (Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, 2015-10-26koa, 714/2015 zk., 552/2015 errek) (3. zuzenbideko oinarria) (Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, 2014-10-07koa, 6550/2014 epaia, 2838/2014 errek.) (bigarren zuzenbideko oinarria, 16. paragrafoa eta hurrengoak).
Beraz, atzera egitea eta kaleratzea bereizi behar ditugu; lehenengoa probaldian atzera egiteari dagokiola ulertu behar dugu, eta, lan-harremana azkentzearen deuseztasuna aitortzeko, oinarrizko eskubide bat urratu beharra dago.
Beraz, langileak erakusten badu atzera egitea haurdunaldiaren ondorioz izan dela, enpresak, atzera egitea haurdunaldian zehar nahiz ondoren izanda ere, frogak aurkeztu beharko ditu, bere erabakia haurdunaldiaren ondorioz izan ez dela eta erabakia zentzuzkoa dela erakutsiko luketen arrazoi nahikoak, benetakoak eta funtsezkoak dituela egiaztatzeko.
Ondorioak:
– Etxeko langile haurdun bat kaleratzeaerabat deuseztzat joko litzateke, eta kaleratze bidegabearen kalte-ordain berdina eskuratzeko eskubidea emango luke, bai eta izapide-aldiko soldatak eskuratzekoa ere; horietatik, aldi baterako ezintasuneko aldiei dagozkienak deskontatu beharko dira.
– Enplegatzaileak etxeko langile baten kontratuan atzera egiten badu ez litzateke deuseza izango ez bada oinarrizko eskubiderik urratzen. Kasu horretan, langileak oinarrizko eskubideren bat urratu dela egiaztatzen duen froga bat aurkeztu beharko du, eta baldintza hori betetzen bada, enplegatzaileak urraketarik izan ez dela frogatu beharko du.
– Langileak erakusten badu atzera egitea haurdun egotearen ondorioz izan dela, enpresak, atzera egitea haurdunaldian zehar nahiz ondoren izanda ere, frogak aurkeztu beharko ditu, bere erabakia haurdunaldiaren ondorioz izan ez dela eta erabakia zentzuzkoa dela erakutsiko luketen arrazoi nahikoak, benetakoak eta funtsezkoak dituela egiaztatzeko.
PEDRO FRAILE
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa
Ekaina 2018
