“Transformazio digitala pazientearen segurtasuneko eta lan-segurtasuneko prozesuetan” jardunaldia ospatu zen joan den asteartean, hilaren 2an, Bilboko Bizkaiko Medikuen Elkargoan. Health 2.0 Basque eta Mutualiak antolatu dute, Tecnalia eta Inithealthekin (Grupo Init) elkarlanean.
Jardunaldia Health 2.0 Basqueren sortzailekideen ongietorriarekin hasi zen, alegia, Gonzalo López, Blanca Usoz Eroski taldeko Lan Osasuneko koordinatzailea, eta Juan Carlos Santamaríaren ongietorriarekin. Segurtasun digitalaren alorrean interesa duen edonor animatu zuten Health 2.0 Basquen izena eman dezan; era horretan, osasunean teknologia berrien garapena sustatzea xede duen foro horren kide izango dira.
Jarraian, Victor Echenagusia doktoreak, Mutualiako Laguntza Zerbitzuen eta Prestazio Ekonomikoen zuzendariak, adierazi zuenez, “osasunaren alorreko transformazio digitalak garrantzi berezia du datuen segurtasunean eta datuen babesean”. Eta Pazientearen segurtasuna hizpide izan zuen lehen hitzaldien blokea eta mahai-ingurua aurkeztu zuen.
Lehen hitzaldia Miguel Ulibarrena doktorearen ardura izan zen. Aseguramenduko zuzendaria eta Osasun Kudeaketako Unitateko arduraduna da, eta azaldu zuen “nola bilakatu den Pazientearen Segurtasuna funtsezko osagai, ospitaleko prozesuetako arretaren kalitaterako”. Blanca Segurola Osakidetzako Farmaziako programa korporatiboaren koordinatzaileak adierazi zuen “zer garrantzi duen teknologia aplikatzeak medikamentuak preskribatzeko, prestatzeko, emateko eta erabiltzeko orduan”. Bestalde, Juan José Jaras Osakidetzako Arabako ESIko Erizaintza zuzendariordeak nabarmendu zuen “zer inportantzia duen segurtasunak esterilizazio-prozesuan, batez ere, pazientearen esterilizazio prozesurako trazabilitate instrumentalari dagokionez”.
Tecnaliako Xabier Larruzeak, Borja López Biocruces Bizkaia institutuko bioinformatikoak eta Eunate Arana-Arri Biocruces Bizkaia osasun ikerketa institutuko koordinatzaile zientifikoak “SHIELD” proiektua aurkeztu zuten, “Europako herritarren espediente medikoen segurtasuna eta pribatutasuna hobetzera bideratutako Europako proiektua”, hain zuzen ere. Mahai-inguruaren moderatzailea Gonzalo López izan zen, Inithealth (Grupo Init) erakundearen zuzendari tekniko komertziala.
Bestalde, Juan Carlos Santamaría, Inithealtheko (Grupo Init) Komunikazio eta Negozio Garapeneko zuzendariak aurkeztu zuen jardunaldiko bigarren hitzaldi-multzoa; lan-segurtasunean jarri zuten arreta. Iñaki Sendín Petronorreko Segurtasuneko buruaren hitzaldiarekin ekin zitzaion. Sendínek nabarmendu zuen “zer garrantzi duen teknologia aplikatzeak findegietako jarduera prebentiboetan”. Yolanda García Mercedes-Benzen Vitoria-Gasteizko plantako Mediku-zerbitzuen buruak garrantzitsutzat jo zuen “lesio muskulueskeletikoak prebenitzeko programa praktiko eta eraginkor bat”.
Halaber, Ana Guridi Mutualiako Prebentzio Zerbitzu Propioaren arduradunak adierazi zuenez, “gure alarma sistemaren bidez, osasunaren arloko profesionalak seguruago sentitzen dira, lan egiterakoan”. Mahai-ingurua Dolores Rico Laneko segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen alorreko aholkulari eta prestatzaileak moderatu zuen. Haren arabera, “teknologia berriek aukera ematen dute langileen segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeko”.

