Auzitegi Gorenak, 2020ko urtarrilaren 8ko epaian, aldi baterako ezintasunaren prestazioa jasotzeko eskubidea aitortu zion demandatzaileari, klinika pribatu batean bere borondatez bi begietako ebakuntza bat egin ondoren. Ebakuntza horretan kristalinoa erauzi, eta begi-barneko lenteak jarri zizkioten, hipermetropia astigmatismoarekin eta presbizia kentzeko, nahiz eta operazio hori ez dagoen jasota Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzu komunen zorroan. Auzitegi Gorenaren 4. Salaren arabera, hipermetropia, astigmatismoa eta presbizia, OME-Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, ikusmeneko gaixotasunak dira, eta orain arte betaurrekoekin (protesiekin) baino ezin ziren tratatu; gaur egun, ordea, begietako kirurgiarekin trata daitezke. Tratamendu kirurgikoa Osasun Sistema Nazionalaren zerbitzu komunen zorroan sartuta ez egoteak eta autonomia-erkidegoek, beren eskumenak baliatuz, tratamendu hori beraien zerbitzu-zorroan daudenen artean ezin sartu izanak ez du esan nahi begi-gaixotasunen benetako tratamendu mediko baten aurrean ez gaudenik, ezta ebakuntza dela-eta inork eztabaidatzen ez duen lanerako ezgaikuntza-egoera baten aurrean ez gaudenik ere. Horrenbestez, Auzitegi Gorenak ondorioztatu du prestazio-ondorioak izan behar dituela, GSLOren 169.1 a) artikuluaren arabera, zeinak egoera ezgaitzaile bat egotea eta tratamendu medikoa jasotzea exijitzen baitu, eta osasun laguntzari buruzko aipamena ez dela ulertu behar Gizarte Segurantzak zuzenean emandakoa denik.
Gorenak adierazten duen bezala, “manuan aipatzen den osasun laguntza egoera ezgaitzailearen eta tratamendu suspertzaile egokiaren kontrola bermatzera bideratuta dago osasun zerbitzu publikoen aldetik. Horrela, bada, zerbitzu horiek dira eskudun bakarrak baja-agiri medikoak, baja berresteko parteak eta alta-parteak emateko; beraz, erabakigarriena ez da, gaixotasun-egoera baten aurrean, tratamendua osasun zerbitzu publikoek finantzatzen duten ala ez, baizik eta gaixotasun eta tratamendu horren ondorioz osasun zerbitzu publikoen iritziz lanerako ezgaikuntza-egoera bat sortzen den ala ez, zerbitzu horiek izanik, beren medikuaren aginduen bidez, araudiaren arabera aurreikusitakoa kontuan hartuz baldintza ezgaitzailea betetzen dela kontrolatuko dutenak”.
Azkenik, Auzitegiak argitu du egoera ezin dela alderatu Auzitegi Gorenaren 2012-02-21eko epaikoarekin (769/2011 errek.), kirurgia estetikoko ebakuntza bat zelako, eta, beraz, ez zuelako inolako harremanik hori egitea gomendagarri egiten zuen langilearen osasunaren inolako alderdirekin. Horregatik, Salak ulertu zuen estetika hutseko kirurgia baten aurrean zegoela, osasun publikoaren sistematik kanpo, eta haren ondorioak osasunarekin zerikusirik ez zuen erabaki pertsonal baten ondorio zirela; horregatik, Salak ulertu zuen osasun laguntzaren beharraren betekizun objektiboa falta zela, ez baitzen kirurgiaren ondoriozko konplikaziorik egon, ezta horrekin lotutako patologiarik ere; beraz, ulertu zuen ebakuntza estetiko mota horrek altxor publikoak bere gain hartu behar ez zituen kostu batzuk zekartzala.
Desberdina da aztertzen ari garen epaian aipatzen den egoera: “langileak tratamendu desberdinak dituen gaixotasun bat, begi-patologia bat, zuen, eta tratamendu horietako batzuk, bereziki aurreratuenak eta modernoenak, ez ditu osasun sistema nazionalak estaltzen. Horrek ez du eragozten gaixoak bere borondatez haietara jo ahal izatea, baina osasun laguntza behar duten tratamendu horien ondoriozko aldi baterako ondorio ezgaitzaileek GSLOren 169.1 a) artikuluak babestutako egoera osatzen dute, zailtasunik gabe, betiere, egoera horren kontrola zerbitzu mediko publiko eskudunek egiten badute.”
Susana Castaños
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
