Udazkenean gaude jada, eta, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik, kirol praktikarekin jarrai dezazuen nahi dugu, uda nahiko atipiko honen ondoren ere bai.
Zuetako askok beharbada probatuta izango duzue honezkero hipika, eta, oraindik probatu ez baduzue, aukera baduzue, probatzea gomendatzen dizuegu. Espezialitate konpletoa eta dibertigarria da. Euskal Hipika Federazioaren webgunean , kirol honi buruzko informazioa duzue, bai eta prestakuntzari, egutegiari eta diziplinei buruzkoa ere. Ekitazio lehiaketa osoa, hiru zaldi-diziplinen konbinazioa da: doma klasikoa, krosa eta oztopo-jauziak; doma klasikoa bera, zeina, reprisean idatzitako segida jakin baten arabera, mugimendu-serie bat egitean datzan. Bestalde, poniak dira haurrekin ekitazioan hasteko biderik egokiena; poniaren garaieraren arabera, lau kategoria daude: 1,10 metrotik hasi eta 1,48ra ferrarik gabe. Oztopo-jauzian, berriz, zaldizkoa eta zaldia epaitzen dira, osotasunean, oztopoen ibilbidea egin bitartean, hainbat baldintza aintzat hartuta. Azkenik, zaldi-turismoa (aisialdia) dago; izan ere, Euskal Hipika Federazioak ekitazioa aisialdi-praktika gisa ere sustatu nahi du, aurrez aipatu dugun bezala, kirol konpletoenetako bat baita eta edozein adinetan praktika baitaiteke.
Hipikak balio batzuk hartzen laguntzen du, esate baterako, norbere burua gainditzea eta animalienganako maitasuna eta errespetua. Halaber, modalitate honek arazoak gainditzeko gaitasuna indartzen du, izan fisikoak nahiz psikologikoak. Hala, kirol honen onurak askotarikoak dira, eta onura terapeutikoak ere badakartza, fisikoez gainera, besteak beste, jarrerak zuzentzen laguntzea eta oreka zentzumena garatzea. Enborraren jarrerak amazonei eta zaldizkoei ahalbidetzen die jarrera tentea mantentzen, edota hori zuzentzen, hala behar bada. Abantaila gehiago ere baditu: hipikak gure egoera fisikoa nahi dugun puntuan mantentzen laguntzen digu, bai eta tonu muskularra ere, gorputzeko zati gehienak lantzen dira-eta: hankak, besoak, bizkarra, abdominalak eta gluteoak. Zaldiaren gainean egiten dugun ariketa fisikoak gure muskuluak indartzen eta lantzen laguntzen digu, tonifikatu egiten ditu, eta gorputza moldatzen laguntzen digu. Kirol praktika hau, horrenbestez, funtsezkoa da gorputzaren elastikotasuna garatzeko; hori dela-eta, ekitazioa kirol bikaina da, gure egoera fisiko egokia proiektatzen laguntzen
diguna. Horrez gainera, mugimendu-koordinazioa garatzen du, aipatutako orekaren garatze hori eta gorputzaren eta adimenaren koordinazioa ahalbidetzen baititu. Erreflexuak optimizatu egiten dira, beti egon behar baita zaldiak egin ditzakeen mugimenduei edo ustekabeko erreakzioei adi, eta haren gaineko kontrola izaten eta lasaitasuna igortzen ikasten da. Kirol honi esker, handitu egingo dugu arnas-gaitasuna, eta bihotza indartu. Zaldian ibiltzeak, orobat, tonu muskularra hobetzeaz gainera, gaitasun kardiorrespiratorioa hobetzen du, eta gure arnasketaren kontrolean laguntzen du; ondorioz, bihotzeko muskuluak indartzen ditu. Eta horrek onurak dakarzkio odol-zirkulazioari.
Ekitazioa praktikatzek dituen beste abantaila batzuk dira gure konfiantza eta autoestimua hobetzea. Batez ere, beldurrak gaindi ditzakegulako eta oso beharrezkoa dugun gainditze-espiritu hori barneratu dezakegulako, bete beharreko helburuak pixkanaka handitzen baitira. Gainera, kirol hau zentro eta klub espezializatuetan egiten da, kirol honen zale nahiz kirol honetan aditu direnekin, eta horrek lagundu egiten du lagun berriak egin eta zaletasunak partekatzen.
Hipikak kontzentrazio-maila handia eskatzen du; hori da beste alderdi positiboetako bat. Estresa askatzeko aukera ematen digu, eta gure eguneroko arazoetatik deskonektatzen laguntzen digu. Hori guztia, gainera, oso dibertigarria den jarduera bat eginda, eta nabarmendu egingo ditugu horretarako behar diren ikasteko diziplina, pazientzia eta konstantzia; guztiak ere oso alderdi onuragarriak guztiontzat, baina, batez ere, umeentzat. Izan ere, oso kirol aproposa da adin guztietako jendearentzat, modalitate desberdinak baitaude, testuaren hasieran aipatutakoak, esaterako, eta urteko sasoi guztietan egin baitaiteke, adibidez orain, udazkenean.
Abantailekin jarraituz, bestelako balio batzuk ere garatzen ditu: erantzukizuna, afektua eta errespetua, beste izaki bizidun batekin batera jarduten baitugu, eta hura zaindu eta maitatu behar dugu. Horrenbestez, balioak hazten dira, hala nola natura eta animalienganako maitasuna, eta zaldia ahalik eta baldintzarik onenetan zaintzeko ardura. Jarduera honetan ere, gainerako jarduera fisiko guztietan bezalaxe, ez dira inola ere segurtasuna eta arreta ahaztu behar, eta onurak ekar diezazkieke, besteak beste, autismoak, down sindromeak edo arreta defizitaren nahasmenduak jotako edo garuneko paralisia eta ikusizko urritasuna duten pertsonei. Hipikari esker, egunez egun ezagutza berriak eskuratu eta forma fisiko hobea izango dugu. Izenburuak laburbiltzen du, alegia: konpletoa eta dibertigarria da.
