Mutualiak hiru jardunaldi antolatu ditu maiatzean –lurralde bakoitzean bat–, Adegi, Cebek eta SEA elkarteekin lankidetzan, enpresa txikiek gaur egun beren buruak kudeatzeko zer aukera dituzten azaldu eta eztabaidatzeko. Jardunaldi horietan Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalak (LSHIN) eta OSALANek ere hartu dute parte.
Bilboko jardunaldiaren irudia: Laneko arriskuen prebentzioaren autokudeaketari dagokionez hiru enpresak izandako esperientzia praktikoaren berri jaso genuen jardunaldian.
Jardunaldiotan, hasierako aurkezpenaren ostean, OSALANek autokudeaketa babesten duen lege-esparrua eta haren mugak azaldu zituen. Halaber, erreferentzia araudia aztertu ez ezik, autokudeaketa-aukeren eta enpresaren jardueran dauden arriskuen artean proportzionaltasuna egon beharra nabarmendu zuten. Araudiak xedatzen duen moduan, prebentzio-jardueraren autokudeaketa alde batera gelditzen da prebentzio-zerbitzuen araudiaren I. eranskinean adierazitako jardueretan.
OSALANek, horrez gain, prebentzio-jarduera enpresan integratzearen garrantzia ere nabarmendu zuen, baita arlo horretan autokudeaketak dakarren abantaila ere, egoera jakin batzuetan izan litezkeen mugak gorabehera.
LSHINren aldetik Prevención10.es zerbitzua kudeatzeaz arduratzen diren teknikariek hartu dute parte. Zerbitzu horren utilitate ezberdinak azaldu zituzten, eta tresna horren moldakortasuna eta erraztasuna nabarmendu, baita enpresaren prebentzio-jarduera guztia hodeian eguneraturik edukitzeko aukera ere. Horrez gain, prebencion10.es zerbitzuak abisu-sistemak, aholkularitza-zerbitzua eta bestelako laguntza-tresna batzuk ere baditu. Nabarmendu beharra dago, halaber, etengabe aldatzen eta hobetzen ari direla enpresa txikiei lagungarri gerta dakien prebentzio-jarduera kudeatzeko orduan. Zerbitzuaren mugei buruz luze eta zabal eztabaidatu zuten jardunaldietan; besteak beste, prestakuntza eta ezagutza ergonomiko, higieniko edo teknikoak behar dituzten arrisku-ebaluazioak izan zituzten hizpide. Agerian utzi zuten tresnak muga horien berri ematen diola erabiltzaileari jarduera horiek bitarteko egokiak erabiliz egin ditzan. Azkenik, zerbitzua erabiltzean emandako datuen gainean Prevencion10.es webguneak zuhurtasuna eta konfidentzialtasuna errespetatzen dituela nabarmendu zuten.
Autokudeaketaren lege-esparrua eta Prevencion10.es zerbitzua ezagutarazi ondoren, enpresa baten esperientzia praktikoa ezagutarazi zuten jardunaldi bakoitzean. Beren esperientzien berri eman zuten honako enpresa hauek: HTMBoxes eta Vitoriana De Espectáculos. Esperientzia eta ikuspegi ezberdinak ezagutarazi bazituzten ere, kasu guztietan nabarmendu zuten autokudeaketa, zailtasunak eta mugak gorabehera, abantaila izan daitekeen aukera bat dela, eta ez ikuspegi ekonomikotik soilik. Prebentzio-jarduera integratzeko modua izan daiteke, enpresatik kanpoko zerbait gisa ikus ez dadin, eta bezeroen aurrean balio erantsia ere izan daiteke.
Jardunaldiak amaitzeko, Mutualiak bere prebentzio-sailak garatzen dituen jarduerak azaldu zituen. Jarduera horiek enpresa txikiei langileen osasuna babesteko betebeharrak betetzen lagundu eta aholkatzeko dira, hain zuzen. Gogoan izan Enplegu eta Segurtasun Ministerioak emandako datuen arabera langileen % 52k baino gehiagok gehienez 49 langile dituzten enpresetan lan egiten dutela.
Bilboko jardunaldiaren irudia: Laneko arriskuen prebentzioaren autokudeaketari dagokionez hiru enpresak izandako esperientzia praktikoaren berri jaso genuen jardunaldian.
Donostiako mahaiaren irudia: Hiru jardunaldietan Adegi, Cebek, SEA, LSHIN, Osalan eta Mutualiak hartu zuten parte, baita esperientzia praktikoaren berri eman zuten hiru enpresak ere.
Prebentzio Saila