Auzitegi Nazionalak ebatzi du sistema hori ezartzeak ez duela funtsezko aldaketarik eragiten lan baldintzetan
Lan arloan, zuzeneko isla du gaur egungo gizarte egoerak. Osasun krisiak berebiziko eragina izan du gizarte, familia nahiz lan arloetako eguneroko bizitzan, eta enpresek, egokitzeko premiari erantzutearren, lan arloko egokitzapenerako askotariko sistemak aukeratu dituzte.
Urruneko lana ezartzeko eta ordutegiak egokitzeko, beharrezkoa da akordio argi bat izatea gizarte eragileen artean, lana, familia eta enpresa bizitza uztartzeko, eta beharrezkoa da, batez ere, antolaketa argi bat bermatzea, laneko sarearen parte diren subjektu guztiek eskuragarri dituzten orotariko baliabide pertsonalak eta telematikoak optimizatzea lor dezaten.
Hala, hot desk edo mahai beroaren sistemak aukera ematen du eskariaren arabera definitzeko bulego fisikoa. Autonomoen erregimen berezipean diharduten langileen artean erabili ohi diren coworking espazioen antzeko sistema da, eta bulegoetan malgutasuna eta espazioa murriztea ahalbidetzen du; alabaina, gure herrian nahiko ezezaguna zen orain arte, Europako beste herrialde batzuetan ez bezala. Pandemiarekin batera, ordea, enpresak kontuan hartzen hasi ziren bestelako antolaketa sistema batzuk, lan arlorako ezarritako aforo eta segurtasun neurri jakin batzuk bete behar zituztelako eta askotan zaila gertatzen zitzaielako beren ohiko ezaugarrien arabera neurri horiek betetzea.
Auzitegi Nazionalak, 2021eko uztailaren 27ko epaian, onespena eman zion lanpostuak sistema honen bidez esleitzeari, lan baldintzetan funtsezko aldaketarik egin gabe.
Aplikazio bat erabiliz, astez aste, langile bakoitzak, bere beharren arabera, bere lanpostua gordetzen du, beharrezko baliabide ofimatiko guztiekin; lanpostu hori erabil dezake, eta aldatu ahal izango da astean zehar sortutako ohiko gorabeheren arabera. Aplikazioak hutsuneak kudeatzen ditu, ehuneko jakin bat gordez betiere, langileak lanposturik gabe geratzen ez direla bermatzeko.
Hala, Auzitegiaren arabera, asteko plangintza bat ezartzen da eta finko eusten zaio horri; laneko ekipoen konfigurazioa errespetatzen da eta hurbileko lanpostuen erreserba sustatzen da, languneak aldatu behar izanik gabe. Enpresaren oinarria da enpresak zuzendaritza eta antolaketa boterea duela, Langileen Estatutuko 20. artikuluan araututa dagoen moduan. Hori guztia, langileen ordezkaritzak bideratutako salaketari dagokion Lan Ikuskaritzaren kalterik gabe.
Argudioetan, lana antolatzeko enpresa-irizpide berri baten aldeko apustua egiten da, hargatik eragotzi gabe Langileen Estatutuko 41. artikuluan araututako alderdiak, eta antolaketaren eraginkortasuneko eta eragingarritasuneko arrazoiei erantzunez, enpresak bere xedea betetzeko baliabide materialak ahalik eta hobekien aprobetxatzeari begira.
Amaitzeko, esaten du ez dagoela lan baldintzen funtsezko aldaketarik eta ez dela urratzen Langileen Estatutuko 4.2 artikuluan aipatzen den okupazio efektiborako eskubidea, sistema honekin langile guztiek bermatuta baitute lanpostu bat gordeta dutela astez aste.
Maria Urizar
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
