Mutualiak parte-hartze nabarmena izan du Asistentziaren Kalitatearen Espainiako Elkartearen (SECA) XL. Kongresuan, urriaren 16tik 18ra Las Palmas Kanaria Handikoan egindakoan. Osasun-arretaren kalitatea hobetzera bideratutako ezagutzak eta jardunbide egokiak trukatzeko topagunea izan da. Aurtengo leloa honako hau izan da: “Zainketen humanizazioan aurrera eginez: osasun-arretaren pertsonalizazioa“. Zainketak humanizatzea eta pazienteen premia indibidualetara egokitzea izan da kongresuaren ardatza. Halaber, berrikuntzaren eta teknologiaren erabilera nabarmendu da —hala nola adimen artifiziala (AA)—, osasun-arreta eta pazientearen segurtasuna optimizatzeko eta hobetzeko.
Miguel Ulibarrenak, Mutualiaren Osasun Kudeaketako eta Kanpoko Osasun Laguntzako zuzendariak, mahai-inguru honetan hartu du parte: “Gizarte Segurantzako Mutua Laguntzaileen arteko Benchmarking-a: hobekuntzak pazientearen segurtasunean”, zeinean hitzaldi hau aurkeztu baitu: “Zainketen humanizazioan aurrera eginez:
osasun-laguntzaren pertsonalizazioa”. Hitzaldian, Mutualiak osasun-arreta hurbilago eta gizatiarrago batekin duen konpromisoa azpimarratu du. 2023an Humans Ziurtagiria lortu zuen (A maila), osasun-arretan humanizazio- eta kalitate-neurriak ezarri izana aitortzen duena.
Ulibarrena doktoreak, halaber, “Adimen artifizialaren aplikazioak lan-mutualitateko osasun-arretan” komunikazioa aurkeztu du, zeinean Mutualiak garatutako hiru proiektu berritzaile ezagutarazi baititu, adimen artifizialean oinarrituak. Proiektu horien artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- AA irudi erradiologikoen tratamenduan, hezurretako lesioak diagnostikatzen lagungarri.
- AA datu masiboen analisian, kontingentzia arruntengatiko bajen jarraipena eta kudeaketa egiteko.
- AA hizkuntzari aplikatua, lehentasunezko hizkuntza gisa euskara eskatzen duten pazienteentzat urgentziazko txostenak hizkuntza horretan sortzeko aukera ematen duena.
Mutualiak, halaber, pazientearen segurtasunarekin eta arretaren kalitatearekin lotutako hainbat poster aurkeztu ditu:
- “Baimen kirurgikoaren zirkuitua. Beste urrats bat pazientearen segurtasunean”, eta abar.
- “Espetxeetako pazienteentzako osasun-arreta eta jarduera-prozedura”
Arreta-jarduera kudeatzeko sisteman lanean jarraitzen du Mutualiak. Arreta pertsonalizatua eta arretaren kalitatea hobetzeko ildoak sustatzen ditu, betiere pazientearen segurtasuna delarik ardatza.








