cristina perucho Mutualiako mediku errehabilitatzailea
Itzuli

Humanizazioa mutualian

Osasun-laguntza gertukoa eta kalitatezkoa eskaintzeko konpromisoa landu du Mutualiak bere ibilbidean. Joan den maiatzaren 4an,Julio Zarco Rodríguez doktore eta Humans Fundazioko presidenteak Humans ziurtagiria (A maila) eman zion Mutualiari, zeinak osasun-laguntzan humanizazio- eta kalitate-neurriak aplikatzea aintzatesten baitu.

Cristina Perucho medikua elkarrizketatzeko aukera dugu gaur. Perucho Mutualiako mediku errehabilitatzailea da, eta Osasun Laguntza Pertsonalizatzeko Batzordeko arduraduna.

Cristina Perucho

Zertaz ari gara osasun-laguntzako humanizazioaz ari garenean?

Profesional soziosanitarioen, erakundeen eta pazienteen arteko erlazioen multzoari egiten dio erreferentzia humanizazioaren kontzeptuak. Profesionalen eta osasun-erakundeen betebeharretako bat da pazientearengana eta haren familia-ingurunera gerturatzea.

Arreta humanoa eta pazientearengana eta haren familia-ingurunera gerturatzeko modu hurbila bermatzen duen jarduera- eta ekimen-multzo bat barne hartzen du, eta haien premia eta lehentasunetan zentratzen da. Horretarako, pertsona ulertu behar da, haren tokian jarri eta zer eskatzen duen ulertu. Sentikortasuna, ulerkortasuna, gertutasuna, enpatia erakustea; informazioa, laguntza, konfiantza eta segurtasuna ematea. Eta, halaber, efizienteak izatea emandako laguntzan, laguntza-zirkuitu arinak izatea, profesionalen arteko koordinazio egokia izatea, eta instalazioek harrera-giroa, lasaitasuna eta erosotasuna bultzatzea, punta-puntako medikuntza eskaintzeko beharrezko teknologiaz batera.

Pertsonari (pazienteari nahiz profesionalari) gizaki gisa behar duen garrantzia ez eskaintzea eragin dezakete faktore askok.  Besteak beste, hauek: teknologia, txandakako lana, profesionalen txandakatzea, hizkuntza teknikoa, pazientea aldi berean espezialista batek baino gehiagok tratatzea, itxaronaldiak, lanaren antolamendua bera eta eraikinen egiturak.

Erronka horri erantzuteko, Mutualiak 2015-2017 aldirako Plan Estrategikoan ekin zion humanizazio-plan bat garatzeari.

Zer ekimen ezarri dira Mutualian?

Mutualian hainbat ekimen garatu dira,osasun-laguntzaren humanizazioaren/pertsonalizazioaren kontzeptuarekin bat datozenak. Azpimarratzekoak:

  • Loturako Osasun Unitatea (LOU). Erizaintzako erreferentziazko unitatea da; laguntza-maila guztietako profesionalen koordinazioa kudeatzen du, eta beharrezko baliabideak abiarazten ditu, arreta integrala bermatzeko. 
  • H gunea. Osasun-laguntza humanizatzearen aldeko ekimen honi esker, itxarongela bat daukagu pazienteek eta haien senideek ingurune eroso eta egoki bat izan dezaten. 
  • Educator proiektua. Osasuneko eta higiene- eta osasun-arloko ezagutzak zabaltzeko proiektu bat da, eta haren helburua da prebentzioan eta osasun-arloan hobetzen laguntzea, pazientearentzako, senideentzako, eta, oro har, gizartearentzako hezkuntza-politika batera orientatua. 
  • Zeinuka sistema. Sistema honen bidez, profesionalaren eta entzumen-desgaitasuna duten pazienteen arteko komunikazio egokia ziurtatzen dugu, eta, hala, pazienteen segurtasuna hobetzeko konpromisoa betetzen laguntzen dugu. 
  • Argigarria. Ebakuntza bat egiteko ospitaleratutako pazienteei programatutako kirurgiari buruzko bideo-gidak ematen dizkiegu. 
  • SueñOn proiektua. Gure kliniketan proiektu hau sartu dugu, ospitaleratuen atsedena sustatzeko. 

Gero, Osasun Laguntza Pertsonalizatzeko Batzordea sortu zen. Zer helburu nagusi du? eta nork osatzen dute?

Osasun laguntza Pertsonalizatzeko Batzordearen (OAPB) helburu nagusia da Humanizazio Batzordeak hasitako lanari jarraipena ematea, zeina, beste ekimen asko bezala, moteldu egin baitzen pandemiaren ondorioz, eta bultzada eta sistematika berriak ekartzea, arretaren arloan sakontzeko eta paradigma-aldaketan aurrera egiteko, arretaren fokua pertsonengan jarriz. Gaur egungo osasun-laguntzan pertsonak zaintzeari ematen zaio lehentasuna; hau da, pazienteak eta profesionalak zaintzeari.

Mutualiak hiru klinika (Ercilla Bilbon, Pakea Donostian eta HAR Gasteizen) eta 15 arreta-zentro ditu. Batzordea oso heterogeneoa da, eta hiru lurraldeetako pertsonek osatzen dute. Gaur egun, profil desberdineko pertsonek osatzen dute Batzordea (laguntzaileak, erizainak, fisioterapeutak, administrariak, medikuak eta eraikinen kudeaketako teknikariak). Batzorde Iraunkor batek (16 pertsonak osatua) eta zenbait lankidez osatutako 5 lan-eremuk osatzen dute egitura. Egoera ideala izango da Mutualiako langile guztiok modu batera edo bestera parte hartzea proiektu honetan, dela ekintzak proposatuz, gure lankideei bultzada emanez edo batzordeko kide gisa.

taldea

Nola eraman da/ari da edo eramaten/eramango da pertsonalizatzeko plana Mutualian?

Zenbait jardute-fase daude:

1.- Batzordearen lidergoa

Neurriak modu egituratuan eta paraleloki jarri behar dira martxan zentro bakoitzean. Horregatik, garrantzitsua da zentroetako profesional guztien parte-hartzea. Batzordeak martxan jartzea eta jarraipena zuzentzen ditu, eta batzordeko pertsonetako batek koordinatzen eta kudeatzen du batzordearen lana.

2.- Egoeraren azterketa

Egoera aztertu ondoren, pazientea ezagutu eta haren iritzia entzun behar da. Horretarako, inkestak egin zaizkie pazienteei. Datuak aztertu egin behar dira, lana nola egiten ari garen eta zer alderdi hartu behar diren kontuan jakiteko. Talde fokalak ere egin dira. Haietan, pazienteek beren kezka eta premiak adierazi, eta beren ikuspegia, ideiak eta hobetzeko proposamenak ematen dituzte.

Funtsezko alderdia da, halaber, profesionalen inplikazioa aukerak eta erronkak identifikatzeari dagokionez. Pazienteari arreta pertsonalizatua eskainiko badiogu, beharrezkoa da profesionalek prestakuntza izatea, ikuspegi horrekin inplikatuta egotea eta haien eguneroko kondizioak lagungarriak izatea.

3.- Helburuak

Egoera aztertu eta planean jasotako hobekuntza-neurriak lehenetsi ondoren, batzordearen ardura da ekintzak aztertu eta ordenatzea. Horretarako, ekintza-plan bat ezartzen da, zeinean alderdi hauek jasotzen baitira: inplementatu beharreko neurriak, ekintza bakoitzaren arduraduna eta dagokien kronograma. Laburbilduz, datozen urteetarako OAPBren Ekintza Plana osatzen da.

4.- Jardueren jarraipena

Martxan jartzen dugun neurrietako bakoitzak zenbait profesionalek osatutako lantalde bat du, eta batzordeko kide batek zuzentzen du. Batzordeak hilero bilera bat egiten du planaren bilakaeraren jarraipena egiteko eta iritzi eta iradokizunak aurkezteko.

5.- Inplementatutako hobekuntzen eragina

Garrantzitsua da hobekuntzen jarraipena egitea; horretarako, adierazleak eta informazio-iturriak ezartzen dira; esate baterako, inkestak egin daitezke proposatutako neurriak betetzeko.

Adierazi dugunez, Humans Fundazioaren ziurtagiria (A maila) du Mutualiak dagoeneko. Zer ondorio izan ditu Humans Fundazioarekin lankidetzan aritzeak eta ziurtagiria lortzeak?

humans

Fundazio horrekin elkarlanean arituta, sakon aztertu ahal izan dugu nola egiten dugun laguntza-jarduera, eta, hala, zertan hobetu dezakegun ikusi dugu, eta jarraitu beharreko ildoak ezarri ditugu.

Gure erakundeak sistema normalizatuak bilatzeko duen kulturarekin bat egiten du ziurtagiriak. Pazienteen, haien ingurunearen eta osasunaren arloko profesionalen premiak kontuan hartuta gero eta arreta hobea eskaintzen jarraitzeko erronka bat da.

Lotutako berriak