Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak (GSDN) zerbitzu berri bat gehitu du bere atarian (Importass). Zerbitzu horri esker, langileek kontsultatu dezakete Gizarte Segurantzan zer jarduera dituzten aitortuta, eta dokumentu bat deskargatuta egiaztatu ditzakete jarduera horiek.
Autonomo gisa soilik alta emanda ere, nahitaezkoa eta funtsezkoa da profesional batek bere kontura egiten dituen jardueren berri ematea, Diruzaintza Nagusiak egiten duen kudeaketarako. Informazio horren arabera, langile autonomoen araubide berezi (LAAB) horiei buruzko prozedurak automatizatu ahal izango ditu, behar bezala kokatzeko eta dagozkien kuotak zehazteko.
Diruzaintzaren atariaren eremu pertsonalean kontsultatu daitezke jakinarazitako jarduera bakoitzari buruzko datu guztiak, eta haiei buruzko txosten bat deskargatzeko aukera dago. Hala, eskaerak beste bide batzuetatik egin behar izatea eta itxaronaldiak saihesten dira, zerbitzu horri esker erantzuna berehala jasotzen baita web bidez.
Txostena deskargatzeko, jarraitu urrats hauei:
- Importasseko zure eremu pertsonalean, sartu ‘lan autonomoa’ txartelean.
- Ondoren, egin klik “Zure jarduerak” atalean, “Txosten eguneratua” estekaren gainean. Horrela, eskatu duzun txostena bistaratu ahal izango duzu.
- Autonomoak, deskargatu behar badu, zuzenean deskargatu ahal izango du.
Gainera, eskura dagoen informazioa zabaldu da, eremu pertsonalean kuotaren xehetasunari buruzko informazio berria gehituz. Halaber, zerbitzuetan abisu berriak sortu dira; adibidez, aldi baterako ezintasunean dauden eta kotizazio-oinarria aldatzea aukeratzen duten langile autonomoen kasuan, aldaketa zer datatan aplikatuko zaien jakinarazten zaie.