INTERPRETAZIO ADMINISTRATIBOAK MARTXOAREN 1eko 6/2019 ERREGE LEGE-DEKRETUARI DAGOKIONEZ, LAN-KONTRATUAREN ETENALDIEN ETA ZAINTZA-BAIMENEN ALORREAN, JAIOTZAK, ADOPZIOAK ETA ADOPZIOA EDO HARRERA HELBURUTZAT DUTEN ZAINTZAK DIRELA-ETA.
Martxoaren 1eko 6/2019 Errege Lege-dekretuak LEren 45. eta 48. artikuluek ziotena aldatu zuen funtsean, jaiotzak, adopzioak eta adopzioa edo harrera helburutzat duten zaintzen ondoriozko lan-kontratuaren etenaldien eta zaintza-baimenen alorrean, hain zuzen ere. Aldaketa nagusiena zen etenaldi edo baimen horiek langileen banakako eskubide gisa hartzen zirela; eta bi gurasoek, adoptatzaileek, zaintzaileek edo harreragileek hartzeko aukera zutela, iraupen berarekin eta transferentziarako aukerarik gabe.
Aipaturiko lege-aldaketek eragina izan zuten, halaber, halako egoerak babesten dituen Gizarte Segurantzako prestazio-erregimenean; izan ere, aipaturiko Errege Dekretuaren 4. artikuluak, 2019ko martxoaren 8tik indarrean dagoenak, ordura arte Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean zeuden 177. artikuluaren eta ondorengoen edukia aldatu zuen.
Neurri horiek kolektibo handiari eragiten diotenez gero eta sorturiko kasuistika ezberdina dela-eta, GSINko Antolamendu eta Laguntza Juridikoaren Zuzendariordetza Orokorrak bere Kudeaketa Irizpideak argitaratu zituen 2019ko ekainaren 11n; eta, bertan, suposizio ezberdinei buruzko interpretazio administratiboa argitzen zen. Nahiz eta irizpide horiek balio juridikorik ez izan eta egoitza jurisdikzionalean berrikus edo gezurta daitezkeen, erakunde administratiboen hasierako erabakia zein izan daitekeen ezagutzeko aukera ematen dute, eta, hasiera batean, prestazioak onartzen dituzte. Hona hemen irizpide horietako batzuk, laburtuta.
- Prestazioaz gozatzeko denboraldien beranduko aldakuntzaren aukera, eskatu eta behin betiko erabakiz eta onartu ondoren. GSINk aukera hori kanpo uzten du, aldaketa bidezkotzen duten baldintza bereziak gertatu izana egiaztatzen ez bada; esate baterako, hasieran ezarri diren denboraldien gozamena bideraezina egiten duten gertaerak, hots, aitaren edo amaren falta, gaixotasuna edo istripua, familia uztea, banaketa, genero indarkeria edo antzeko beste arrazoiren bat. Hala eta guztiz ere, GSINren irizpide horrek ez ditu zehazten suposizio tasatuak; horrenbestez, autore batzuek (BARRIOS BAUDOR) aukera hau egingarria dela uste dute, baldintza konkretuetan bertan behera gelditu ezin daitezkeen zerbitzuak ematen direnean; lanpostua uzteko ezintasuna badago, harik eta ordezko langile kualifikatuak hasi arte; eskaintzen diren zerbitzuen berezitasuna; lanaldi berezien prestazioa; zerbitzuen prestazioa atzerrian, etab.
- Lanean berriz hasteko alta boluntarioa eskatzen bada eskatutako borondatezko denboraldia amaitu baino lehen, eta atseden-aldi osoaren iraupenaren gehienezko epea bete aurretik, gozatzeko gelditzen diren egun guztien galera dakar, edo zati batena soilik? GSINk uste du lanera borondatez eta aurrez joateak prestazioaren eskubidea iraungitzea dakarrela; ez soilik une horretan gozatzen dabilena, baizik eta osoarena.
- Erditze ondorengo beharrezkoak diren lehen sei asteak pasatu ondoren –nahitaez, lanaldi osoan gozatzekoak–, hurrengo lan-kontratuaren etenaldia lanaldi partzial moduan har daiteke? Ba al dago etenaldi horri ezarri ahal zaion gutxieneko partzialtasun ehunekorik? GSINk aukera hori onartzen du, eta ez du gutxieneko partzialtasun portzentajerik exijitzen.
- Ama biologikoak erditzearen data baino lehen hasten badu jaiotze eta adingabekoaren zaintzaren behar baino lehenagoko atsedena, baina ez badu 4 asteko gehienezko denbora eskatzerik nahi, aurreratze aldiak astekoa izan behar du edo egunka eska daiteke? GSINk aurrerapen hori asteko aldika soilik baimentzen du, egunkako gozamenari so egin gabe.
- Zera planteatzen da: 6 hilabeteko haurdunaldiaren ondoren haurra hilik jaiotzen bada, amak ba al du prestaziorako eskubidea? Eta aitak, orain arte, kasu honetan, aitatasunerako eskubiderik ez zuenak, 8 asteko atsedena hartzeko eskubidea izango al luke? Araudi berriaren arabera, GSINk ez du soilik amaren atseden-eskubidea babesten; baizik eta, orain arte gertatzen ez zen bezala, aitaren eskubidea ere babesten du, 8 astetan atseden hartzeko.
- Jaioberriaren ospitaleratzeagatiko prestazioa luzatzea, erditu eta berehala hasi eta gehienez ere 13 astera arteko iraupenarekin, aitak eta amak goza dezakete? GSINk dio aitak eta amak luzatze horren eskubidea dutela.
- Ama biologikoa ez den bikotekideak ez badu prestazioa eskatzen jaiotzatik edo adopzioa gauzatzen den erabaki judizialetik edo adopzio edo harrera helburuak dituzten zaintzaren erabaki administratibotik denboraldi bat pasatu arte, eta garai horretan lanean jarraitu izan badu, onartu al dakioke prestazioa lan egindako egunak kenduta? GSINk aukera hori baztertzen du.
- Erditze anizkuna. Galdera hau da: Errege Lege-dekretu berriaren ondorioz, aita eta ama, biak, al dira erditze anizkunagatik sorospen bereziaren onuradunak. GSINk aitari eta amari, era berean, ematea baztertzen du; horren ordez, bietako bat aukeratu beharko dute sorospenaren onuradun izateko.
- Posible al da jaiotza eta adingabekoaren zaintzaren prestazioarekin gozatzen jarraitzea, bitarte horretan, beste enpresaburu batekin lan-erlazio berri bat hasi bada, beste lan-erlazio bati jarraituz edo langabezia egoeratik abiatuta, eta alta ematea zerbitzuen benetako prestaziorik egoten ez denean? GSINren arabera, zerbitzuen benetako prestaziorik ez badago, hasitako atsedenarekin eta prestazio horren gozamenarekin jarrai daiteke.
Iñaki EsnalMutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
