
Nazio Batuek jasotzen duten moduan, “Zeinu Hizkuntzen Nazioarteko Eguna aukera paregabea da gor guztien eta zeinu-hizkuntzaren beste erabiltzaile batzuen hizkuntza-identitatea eta kultura-dibertsitatea bultzatzeko eta babesteko”.
“Arabako Gorrak” Arabako Pertsona Gorren Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide Alejandro Bravo Romerorekin harremanetan jarri gara, pertsona gor baten eguneroko bizimodua bertatik bertara ezagutzeko.
· Nola eta noiz sortu zen Arabako Gorrak elkartea?
Arabako Gorrak 1972. urtean sortu zen, gorren eskubideak lortzeko eta eguneroko bizitzako arlo guztietan (hezkuntza, lana, gizartea, familia, kultura, aisia, etab.) integra daitezen lan egiteko, arreta berezia jarriz komunikazio-oztopoak ezabatzeko lanari.
· Zer da eta zertan datza zeinu-hizkuntza?
Zeinu-hizkuntza gorren hizkuntza propioa eta naturala da, informaziorako eta komunikaziorako eta gizartean parte hartzeko sarbide osoa ematen diena, eta gorren komunitatearen balio kulturalik garrantzitsuena da. Jende askok uste du, oker, Espainiako zeinu-hizkuntza zeinu bihurtutako espainiera dela, espainierarentzako eskuzko kodea dela, eta informazio zehatza bakarrik adieraz dezakeela. Hizkuntza-ikerketek erakusten dutenez, zeinu-hizkuntza mintzatutako hizkuntzarekin erka daiteke, konplexutasunean eta adierazkortasunean. Bere egitura gramatikala du, beste edozein hizkuntzaren gramatika bezala hartu behar dena. Zeinu-hizkuntza bisuala da, entzungarria izan ordez, eta eskuen mugimendu eta posizio oso zehatzek osatzen dute.
· Zeinu-mintzoa ikasteko ikastaro homologaturik badago?
Lehenik eta behin, argitu behar da ez dela “zeinu-mintzoa”, “zeinu-hizkuntza” baizik. “Mintzo ingelesa” edo “mintzo frantsesa” esaten ez dugun bezala, ez da “zeinu-mintzoa” esaten. Eta bai. Arabako Gorrak elkarteak 20 urte baino gehiago daramatza Eusko Jaurlaritzak homologatutako hizkuntzen irakaskuntzarako Europako Esparru Bateratuan zeinu-hizkuntzako ikastaroak ematen. Gainera, Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioaren (CNSE) Zeinuen Hizkuntza Irakasteko Estatuko Sarearen parte da.
· Zeinuka proiektua dugu Mutualian, entzumen-ezgaitasuna duen gaixoaren eta profesionalaren arteko komunikazio egokia ziurtatzen duen proiektua. Zer zailtasun dago osasun-sisteman sartzeko?
Osasun-arloan dugun arazo nagusia da osasun-arloko profesionalek ez dakitela zer den gorra izatea ezta harekin nola komunikatu ere. Pertsona gorren taldea oso heterogeneoa da: pertsona gor batzuk zeinu-hizkuntzan bakarrik komunikatzen dira eta zeinu-hizkuntzako interpretea behar dute; beste batzuek ezpainetako irakurketa erabiltzen dute; beste batzuk beren entzumen-hondarrez ere baliatzen dira eta audifonoekin edo inplante koklearrekin aprobetxatzen dituzte, etab.
Akats handia da pertsona gor guztiak zaku berean sartzea eta denak berdinak direla pentsatzea. Pertsona gor bakoitzaren komunikazio-beharretara egokitzen jakin behar da. Gainera, zenbait entzulek oinarrizko gauzak ikasi dituzte zeinu-hizkuntzan, eta hori bi ahoko ezpata da; izan ere, hizkuntza hori ondo ezagutzen ez bada eta ondo erabiltzen ez bada, gaixoaren eta osasun-langilearen arteko gaizki-ulertuak eragin ditzake, eta ondorio atzeraezinak izan diagnostikoetan eta tratamenduetan.
Osasun-arloan gorrek aurkitzen dugun beste komunikazio-oztopoetako bat, pandemiaren ondorioz larriagotu dena, hau da: telefonoa ezarri dela medikuen eta gaixoen arteko harremanetarako bide bakar gisa. Gor askok babesgabe ikusi dugu geure burua osasun-arloko hitzorduak eskatzean, familia-medikuari kontsultatzean, sendabideen jarraipena egitean; halaber, bilatzaileek gurekin harremanetan jarri nahi badute, ezinezkoa izango da, etab. Osasun-sistemak orain arte ez duenez jakin handicap horri erantzuten, senideen, lagunen, lankideen eta abarren mende egon behar izan dugu, osasun-arloko profesionalekin telefonoz harremanetan jartzeko.
Pertsona gorrak egunero borrokatzen gara autonomia osoa eta independentzia lortzeko eguneroko bizitzako kudeaketak egiteko orduan, eta pertsona gorren errealitatea ezagutzen ez duten eta entzuten dutenek hartutako erabaki horiek guztiek mendekotasuna sustatzen dute, eta horrek esan nahi du atzeraka ari garela izan ditugun gure lorpen apurretan.
· COVID19a prebenitzeko nahitaezko maskarek ezpainen irakurketa eta komunikazioa zailtzen dituzte. Nola konpon dezakegu?
Egia da maskarak erabiltzeak asko zailtzen duela pertsona gorren eta entzuten dutenen arteko komunikazioa. Baina argitu behar da ezpainen irakurketa errazteko maskara gardenak homologatzeko eskaerari buruz sare sozialetan egiten ari diren kanpainek pentsamendu okerra eragin dezaketela: pertsona gor guztiek ezpainak irakurtzen dakigula; hori ez da errealitatea.
Gainera, ezpainen irakurketa oso ona duen pertsona batek gehienez ere ahoz transmititutako mezuaren % 45 hartuko du; hainbat faktoreren araberakoa izango da: pertsona gorrak hartu duen hiztegia, igorleak ondo ahoskatzen duen ala ez, mezua zer abiaduratan transmititzen den, giroan argi aski dagoen ezpainak irakurtzeko, etab. Ezpainen irakurketa hartzen den trebetasun bat da; pertsona gorra izateak ez du esan nahi ezpainak ezin hobeki irakurtzen jakingo denik.
Arazoa ez dira maskarak, arazoa da gizarteak ez dakiela nola komunikatu pertsona gor batekin.
Maskara gardenez gain, askoz ere baliabide gehiago erabil daitezke: zeinu-hizkuntzako interpreteak edo bideo-interpretazioko zerbitzua izatea, idatziz komunikatzeko arkatza eta papera erabiltzea edo ahozko mezua testura transkribatzen duten aplikazioak, zeinu-hizkuntzan komunikatzea, eta, hizkuntza hori ezagutzen ez bada, mimika eta keinu-laguntza erabil daitezke, etab.
Nazioarteko egun honetan, aukera izango dugu pertsona gorren beharren inguruan sentsibilizatzeko eta horiek ikusarazteko, haien gizarte-inklusioa benetakoa izan dadin. Eskerrak eman nahi dizkiogu Arabako Gorrak elkarteari, egin duen lan handiagatik eta bere egunerokoaren berri emateagatik.