ekfb
Itzuli

Iraupen-eskia

Neguko kirolaz gozatzeko modalitatea

ekfb

Negua aurreratu egin da gure lurraldean eta zale asko hurbildu dira eski-estazioetara, kirol erakargarri batez gozatzera: eskiaz, hain zuzen ere. EKFBren atal honetan, iraupen-eskiari buruz hitz egingo dugu hilabete honetan, abantaila asko baititu modalitate horrek.

Neguko kirolen artean, eskia da lehenengo aukera, argi eta garbi. Gure autonomia-erkidegoan, adin guztietako milaka pertsona aritzen dira kirol horretan. Gehienek eski alpetarra edo snowboarda egiten duten arren, oso osasungarriak diren beste aukera ekonomikoago batzuk hauta daitezke, esaterako, iraupen-eskia eta mendiko eskia. Espezialitate horrek lesioak egiteko arrisku txikia dakar eta asko garatzen ditu ahalmen aerobikoa, indarra eta erresistentzia; horregatik, oso gomendagarria da neguan egiteko. Adin guztietako pertsonek egin dezakete iraupen-eskia eta onura asko ekar ditzake, egin diren ikerketa zientifikoen arabera. Prestakuntza fisikoari dagokionez, modalitate horrek lasterketaren antz handia du, baina ez da hain traumatikoa artikulazioentzat, elurretan labaintzeak inpaktuak murrizten baititu. Oso mesedegarria da erresistentziako kirol modura, oxigeno gutxiko toki garaietan egiten delako. Hala, bihotza indartu eta sistema kardiobaskularra hobetzen du. Gure gorputzeko giharrei dagokienez, iraupen-eskiak gorputza estilizatzen du, eta oso kirol osotzat hartzen da, hanketako eta besoetako giharrak indartzen dituelako.

Gure osasunarentzat dakartzan onurez eta prestakuntza fisiko onaz harago, beste arrazoi on batzuk daude iraupen-eskian aritzea gomendatzeko. Zure kabuz aritu zaitezke, nahi duzun estiloan: patinatzailea, klasikoa, mendikoa edo biatloia. Iraupen-eskirako zirkuituen leuntasunari eta desnibel zabalari esker, ez da eski alpetarra bezain arriskutsua, eta zailagoa da erorikoen ondorioz lesionatzea. Oso kirol dibertigarria da, hala hautatutako ibilbideetatik igotzean nola jaistean. Irristatzea da neguko kirolen espezialitate honen ardatz nagusia. Izan ere, teknika nagusitzen zaio indarrari, iraupen-eskiatzaile ona izateko orduan. Iraupen-eskia gauzatzeko zirkuituak oso erakargarriak dira, bailara eta zuhaizti artetik, mendien ingurutik eta ibilbide elurtuetatik igarotzea

gozamena baita. Mendiko eskia hautatzen baduzu, ibilbide alternatiboetatik joan zaitezke, beti kontu handiz.

Gainera, iraupen-eskia eski alpetarra baino merkeagoa da, modalitate hartako ibilbideetara sartzeko forfaitek prezio txikiagoa baitute. Iraupen-eskian, bi teknika gomendatzen ditugu, eski gainean aurrera egiteko. Estilo klasikoa, zeinetan eskiak paraleloan mugitzen diren, egin beharreko ibilbidea markatuta duten pistetan zehar. Eta estilo askea, zeina patinatzaile pauso moduan ere ezagutzen den. Teknika horretarako, esfortzu handiagoa eta forma fisiko hobea behar da, indar handiagoa egin behar baita beso eta hankekin, abiadura handiagoa lortzeko. Teknika aske horretarako eski motzagoak erabiltzen dira, eta estilo klasikoa baino azkarragoa da. Negu betean gaude eta iraupen-eskia gorantz ari den kirol-jardueretako bat da.

Lotutako berriak