
Jarduera atsegina eta dibertigarria
Euskal Herriko Irristaketa Federazioaren barruan gurpil gaineko hainbat irristaketa-klub daude. Zale asko dituzte, eta askotariko txapelketa, teknifikazio-jardunaldi, erakustaldi, kirol eskolako jardunaldi eta talde-entrenamendutan parte hartzen dute. Gainera, ate irekien egunak ere egiten dituzte, espezialitatea sustatzeko jarduerak antolatuta. Euskal Kirol Federazioen Batasunak tarte hau baliatu nahi du diziplina horren abantailak ezagutzera emateko. Gurpil gaineko irristaketa artistikoan, patinak erabiltzen dira, eta elementu teknikoak eta erabat artistikoak uztartzen. Egokia da pisua galtzeko, baita pisuari eusteko ere, eta prestaketa fisiko eta kontzentrazio handia behar dira. Gainera, kirolariak musikarako oso belarri ona izan behar du, eta mugimenduak musikaren erritmora egokitzeko trebetasuna. Onura asko dakartza: erresistentzia fisikoa hobetzen, eta gorputz osoa indartzen da; 300 kaloria bitarte erre ahal dira; kontzentrazioa, oreka eta entzumena hobetzen da; gorputz-malgutasuna areagotzen da; hanketako giharrak, birikak, bihotza, gerria, sabela eta ipurmasailak indartzen, eta odol-zirkulazioa aktibatzen da; eta sistema motorra hobetzen da. Gainera, kirol dibertigarria da, eta haurrei energia eta ongizatea ematen die. Talde-lana ere aipatu behar da abantailen artean.
Gainera, ariketa mota hori beste kirol batzuetan ere balia daiteke, adibidez: patin gaineko hockeyan, eta, beste pauso bat emanda, izotz-hockeyra ere pasa daiteke. Irristaketa artistikoan ezinbestekoa da gogoaren eta gorputzaren arteko oreka ezin hobea izatea eta, aldi berean, koordinazio zentzumen-motor handia, orekaren eta espazioaren erabileraren zentzua garatzeko eta fintzeko. Izan ere, sentipen berezia da gainazal erregular baten gainean irristailuekin ibiltzea. Kirol aerobikoa da; izan ere, oxigeno-emari jarraitua behar da, eta indarra, trebetasuna eta erresistentzia ere bai. Oso garrantzitsua da muskuluen eta giltzaduren ekintza, tolesteko eta luzatzeko mugimenduak transmititzeko. Irristaketa da aukera onenetako bat kontzentrazioa, koordinazioa eta oreka hobetu nahi dutenentzat. Nagusiki hanka-mugimenduetan oinarritutako kirola denez, beheko gorputz-ataletako muskuluak sendotzen dira. Gorputz osorako da ona, halere; izan ere, mugimendu batzuetan, birak ematean, frenatzean edo norabidea aldatzean, goiko gorputz-atalak ere erabili behar dira, aldakak eta sorbaldak barne. Klub hauetan parte har daiteke: Arrigorriagako Arri-Gorrin, Barakaldoko Baratzalde eta Gurutzetan, Sestaoko Altzairun, Bilboko Irrizbizin, Getxoko Giragetxo eta Shown, Portugaleteko Kiribilen, Gasteizko Elurran, Ugaoko EPA Ugaon, Leioako Irristaketan eta Laudioko Lautxirrinkan. Horien helbideak Euskal Herriko Irristaketa Federazioaren webgunean daude: fvpatinaje.eus
