Itzuli

Istripua: kontzeptu medikoaren eta juridikoaren arteko bereizketa

“Istripu zerebrobaskularra” (IZB) izendapenak, termino mediko gisa, ez dakar atxikita lanekoa ez den istripuaren kalifikazioa, termino juridiko gisa, IZB hori lanalditik eta lantokitik kanpo agertzen denean.

Istripu zerebrobaskularra kalifikazioa lanekoa ez den istripuarekin parekatzen saiatzeak ezin du ondorio ekonomiko larririk izan eskatzailearentzat; adibidez, dagokion lan-hitzarmena aplikatuz, enpresak laneko istripuen nahiz lanekoak ez diren istripuen ondoriozko Ezintasun Iraunkor Absolutuko edo Baliaezintasun Handiko egoeretarako jasotzen dituen kalte-ordainak eskuratzeari dagokion.

Arrazoi hori dela medio, komeni da azaltzea parekatze hori deuseztatzen duten arrazoibide juridikoak. Gai hau dagoeneko ebatzi du Auzitegi Gorenaren Laugarren Salak 2010eko otsailaren 9ko epaian, zeinak aipatzen baitu 2001eko apirilaren 30eko aurretiko epaia. Epai horren arabera, miokardioko infartua laneko istripua izan daitekeela onartzeak ez du esan nahi lanalditik eta lantokitik kanpoko edozein infartu lanekoa ez den istripua denik, eta irizpide hori bera aplika dakieke istripu zerebrobaskularrei.

Erabakigarria dena da istripu zerebrobaskularra termino mediko bat dela, eta, berez, garuneko infartu edo iktus deritzonaren sinonimoa dela. 

Laneko istripua nahiz lanekoa ez den istripua kontzeptuak, aldiz, termino juridikoak dira, GSLOren 156. artikuluan eta 158.1 artikuluan arautuak, hurrenez hurren. Istripu zerebrobaskularra lanaldian eta lantokian agertzeak eta GSLOren 156.3 artikuluan aurreikusitako presuntzioaren ondorioz laneko istriputzat jotzeak ez du esan nahi, ordea, lanekoa ez den istriputzat jo daitekeenik istripua lanalditik eta lantokitik kanpo gertatu denean eta iktusa eragin duen ekintza edo kanpo indar bat-bateko, gutxi-asko biolentorik antzeman ez denean.

Esan bezala, laneko istripua eta lanekoa ez den istripua termino juridikoak dira, ez medikoak, eta, horrenbestez, ikuspegi medikotik istripuaren kalifikazioa jaso dezakeen oro ez dago zertan hartu “istriputzat”, GSLOren 156. eta 157.1 artikuluen arabera, termino juridiko gisa, eta, hain zuzen ere, horietara jo beharra dago, horiek aipatzen baititu lan-hitzarmenaren 48. artikuluak, bertan aitortutako borondatezko hobekuntzak eskuratu ahal izateko.

Sakonduz gero lanekoa ez den istripua arautzen duen 158.1 artikuluaren interpretazio juridikoan, artikulu horrek ezartzen du lanekoak ez diren istriputzat joko direla laneko istripuak ez direnak. Hortaz, istripua, zentzu hertsian, beti den arren ezinbestekoa, arauak istripuari berari soilik aitortzen dio lanekoa ez den istripu izaera, eta ez beste arrazoi batzuek eragindako gorputzeko lesioei (gerta litekeen moduan 156. artikuluaren 2. zenbakiko erregulazioan, bereziki f) eta g) ataletan arautzen diren gaixotasunei dagokienez).

Beraz, 158.1 artikuluak ez die erreferentziarik egiten gorputzeko lesioei, nahiz eta lanekoa ez den istripuan beti egon lesioa, laneko istripuan gertatzen eta gaixotasun arruntean nahiz profesionalean gertatzen den bezala, kontuan hartuta Hizkuntzaren Errege Akademiaren hiztegiaren arabera lesio terminoa zauri, kolpe edo gaixotasunek eragindako gorputzeko kaltea dela.

Lanekoa ez den istripuaren nozioa benetan ezaugarritzen duena, gaixotasun arruntarekin alderatuta, ez da lesioa, zeina bat baitator bietan, baizik eta istripua izatea; alegia, ekintza bat-bateko, biolento eta kanpokoa izatea. 

Beraz, Auzitegi Gorenaren doktrina bateratuan oinarriturik, miokardioko infartu baterako baliozkoa denak orobat izan behar du baliozkoa infartu zerebral baterako, eta, horrenbestez, ondorioztatu behar da istripu zerebrobaskular bat laneko istriputzat har daitekeen arren istripua lanaldian eta lantokian agertzen bada, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 156.3 artikuluan aurreikusitako presuntzioa aplikatuz, ezin daitekeela kalifikatu lanekoa ez den istriputzat, nahiz eta istripu izendapen medikoa eduki, baldin eta lanalditik eta lantokitik kanpo gertatzen bada eta ez bada antzeman iktusa eragiteko moduko kanpo ekintza edo indar bat-bateko eta gutxi-asko biolentorik. Hori guztia, esan bezala, kontuan hartuta ezin daitekeela ahaztu laneko istripua nahiz lanekoa ez den istripua ez direla termino medikoak, inola ere, juridikoak baizik, eta, hortaz, ikuspegi medikotik istripuaren kalifikazioa aitortzen zaion orok ez duela zertan jaso istripuaren kalifikazioa, GSLOren 156. eta 158. artikuluekin bat etorrita, zeinetara jo behar baita, zalantzarik gabe, hitzarmeneko 48. artikuluaren arabera.

Maria José Marcilla


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak