Zorioneko batzuk oraindik oporretan badaude ere, itzulita gaude gehienak. Asmo berri askorekin, baina baita errutina zaharrekin ere, urte sasoi honetan gertatu ohi denez.
DGTk “Vuelta al Cole” kanpaina jarri du abian gizarte sareen bidez. Kanpaina horretan, haurrak eskolara eramaten ditugunen portaerari buruzko gomendioak ematen dituzte, modu didaktikoan.
Gogoratu nahi dugu abuztuaren 17an Oinezkoaren Mundu Eguna izan zela, zeinetan gogoratzen baita zirkulazio istripu batean gertatutako lehen heriotza dokumentatua. Londresen gertatu zen. 1896ko abuztuaren 17an hil zen Bridget Driscoll, garai hartan bideetan zebiltzan ibilgailu apurretako batek harrapatuta. Roger-Benz bat zen ibilgailua, eta, lekukoen arabera, abiadura ikaragarrian zihoan: 10 km/h! Epaiketan, epaimahaiak ebatzi zuen “ezbeharrezko heriotza” izan zela. Eta, garai hartako egunkarietan eta historialarien artean izandako oihartzunari begiratuta, ez zioten garrantzirik eman gertaera hari.
Lehen istripu zorigaitzezko hartatik 125 bat urte igaro dira. Hainbat belaunaldi igaro dira, baina gurasoen eredutik ikasten jarraitzen dugu, baita oinezkoen arauak ere, gidatzekoez gainera.
Datuetan galdu gabe, aipatzekoa da azken hamarkadan ez dela ia aldaketarik izan zirkulazio istripuetan hildako oinezkoen kopuruan. Urteko 370 bat oinezko hiltzen dira; 2020an izan ezik, noski, konfinamendua dela-eta asko jaitsi baitzen kopuru hori, 260ra hain zuzen. Zer dela-eta halako kopuruak? Oso erraza. Denok gara oinezko, eta, oinezko gisa ahulagoak garen arren, askoz ere lasaiago hartzen ditugu arauak; txikitatik ikasitako ohiturengatik edo ezjakintasunagatik, maiz. Horregatik gertatzen da hain zaila datuen joera aldatzea.
Beste 125 urte igaro ez daitezen egoera berean, oinezkoek, zirkulazio istripuen katean katebegi ahulena izanik, dagozkigun arauen kontzientzia hartu eta saiamenez bete behar ditugu. Oinezkoen bideetatik ibili, eta errepidea lehentasuna dugun tokietatik gurutzatu, hala nola oinezkoen pasabideetatik, edo izkinetatik, non baitugu ibilgailuekiko lehentasuna, oinezkoen pasabiderik izan ez arren. Era berean, zorrotz errespetatu behar ditugu semaforoak eta gainerako seinaleak, adingabeen aurrean bereziki.
Hori guztia dela-eta, ongietorria eman nahi diogu kanpaina polit eta garrantzizko honi, zeinetan dei egiten baitzaigu gure seme-alabei eredu eman diezaiegun.
