Neguko jardun dibertigarria

Egun hauetan, gure inguruko hainbat herri eta hiritan jartzen dituzte izotz pistak, eta horietan oso agerikoa da zein ongi pasatzen duten haurrek batez ere. Neguko sasoiari ondoen egokitzen zaion kiroletako bat da, eta adin guztietako jendearentzat da dibertigarria: izotz gaineko patinajeaz ari gara.
Modalitate honen onuren berri eman nahi dugu Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan. Jende asko egoten da hil hauetan berriro patinatzeko irrikaz, eta oraindik horretan jardun ez duenari hasteko gomendioa egiten diogu: erraza da, eta behar den material guztia aloka daiteke. Bai lehen urratsak emateko, bai estiloa hobetu nahi dutenen segurtasunerako, hainbat ikastaro antolatzen dira instalazio horietan; bertan egoten diren begiraleek ondo zaintzen dute mugimendu egokiak egin ditzagun eta jarrera ona har dezagun.
Azpimarratu nahi dugu izotz gaineko patinajea kirol aproposa eta egokia dela urteko sasoi honetan jarduteko. Arestian esan dugunez, hirietako lekurik bisitatuenetan daude patinaje pista erakargarriak, eta txiki zein nagusiek oso tarte dibertigarri eta bereziak igarotzen dituzte bertan; ondo pasatzeaz gainera, kirola ere egiten dute, patinatzeak onura handiak eta interesgarriak ekartzen baitizkio osasunari. Negua da familiarekin edo lagunekin izotz gaineko patinajean aritzeko sasoirik egokiena. Lehenik eta behin, erortzeko beldurra gainditu ondoren, asko gozatzen da kirol dibertigarri honekin; ez dago bira handiekin edo abiadurarekin zertan arriskatu eta horiekin zertan gehiegi arduratu. Izotz gaineko patinajeak giharrak tonifikatu eta indartzen ditu, kirol anaerobikoa baita; alboko mugimenduak (hankak, ipurmasailak, gerria, abduktoreak edo aduktoreak) egiten dira bereziki, eta, horrela, giharrak sendotu eta indartzen dira. Batez ere artikulazioak sendotzen dira, esaterako, belaunak, horiei egiten baitzaie mesede gehien izotz gaineko patinajean.
Hori bai, behar bezala patinatzen ikasi behar da, mugimendu zakarrekin edo premiazkoak ez diren jauziekin min hartu gabe. Izotz gaineko patinajean burua ere lantzen da, kontzentrazio handia, espazioaren azterketa eta memoria behar direlako mugimendu guztiak behar bezala koordinatzeko. Eta patinatzean, gainera, argaldu egiten da, patinaje saio batekin 400 eta 500 kaloria bitarte erre baitaitezke; patinatzeko ohitura hartuz gero, pisua gal liteke. Gainera, gaixotasun kardiobaskularren prebentzioan laguntzen du, bihotzari eta birikei mesede egiten baitie, oxigenazioari esker. Estresa ere, beste edozein kiroletan bezala, desagertu egiten da patinajean, burua askatu eta errotik aldentzen dituelako eguneroko arazoak. Bestalde, patinatzean askatutako endorfinen ondorioz, hobeto sentitzen gara.
Eta ez inoiz etsi. Guztiz normala da erortzea edo geure hankekin estropezu egitea, hasieran bereziki. Horregatik, kontu handiz ibili behar da ikaskuntza fasean, baita gai horretan aditua bazara ere. Neurriak hartuz gero, lesioak saihesten dira, eta konfiantza eta segurtasun handiagoa lortzen da. Kaskoa erabiltzea gomendatzen dizuegu (kolpeak saihesteko), bai eta belaun eta ukondoko babesak (artikulazioak arintzeko), eskularruak, ondo egokitutako patinak eta arropa erosoa ere, mugimendu egokiak egiteko. Izotz gaineko patinajea kirol eta aisialdiko jarduera osasungarria eta gomendagarria da inondik ere, eta, koordinazioa, oreka, kontzentrazioa eta erreflexuak hobetzen ditu.
Adierazi bezala, indartu egiten ditu hanketako giharrak, eta goiko muskuluak ere lantzen ditu, biratzen edo frenatzen denean. Korrika egiteak ekartzen dituen antzeko onurak ekartzen ditu, baina, patinatzean, artikulazioek ez dute kolpeen ondoriozko higadura jasaten, hankak apenas aldentzen baitira lurretik. Hori bai, uste baino kirol gogorragoa da, baina oso dibertigarria, eta ahaleginaren sentipena txikiagoa da, nahiz eta jarduera fisikoa handiagoa izan.
Kirol guztiz aproposa, hortaz, neguan egiteko.