hijo nacido
Itzuli

Jaiotza- eta zaintza-prestazioak guraso bakarreko familietan

Amatasun- eta aitatasun-laguntzaren –gaur egun jaiotza eta zaintza deitzen da– araubide juridikoa aldatzen joan den heinean, pixkanaka luzatzen joan da laguntza horren iraupena, eta zaintza-lanetan bi gurasoak erantzunkide izatearen alde egiten du. Helburu horretarako, prestazioa eskubide indibidual eta transferiezin gisa eratzen da, Langileen Estatutuaren 48. artikuluari jarraikiz, eta, modu horretan, lan horiek amarengan pilatzearen alborapen historikoa aldatu nahi da.

Horrekin lotuta, geure buruari galdetzen diogu: zer gertatzen da guraso bakarreko familiekin?, guraso bakarrak metatu ditzake atseden hartzeko bi aldiak? Horren inguruan eztabaida handia egon da gizartean, eta Auzitegi Gorenak Sala Orokorrean 2023ko martxoaren 2an emandako epai baten bidez ebatzi da, doktrina bateratzeko 3972/2020 kasazio-errekurtsoa dela eta.

Kontua Bilboko lan-arloko epaitegi batean hasi zen, emakume langile batek ama izan berritan egindako eskaera ezetsi zutenean. Bera guraso bakarra zen, eta, bere jaiotza- eta zaintza-baimena izan eta gero, beste gurasoarena eskatu zuen; Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak ukatu egin zion.

Epaia errekurritu zuen gure autonomia-erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, eta 2020ko urriaren 6ko epaiaren bitartez onetsi egin zen langilearen errekurtsoa: beste gurasoari legokiokeen jaiotza- eta zaintza-prestazioa jasotzeko eskubidea aitortu zitzaion, adingabearen interes gorenean oinarrituta eta Salaren iritziz, gainera, 48.4 artikuluak emakumeak diskriminatzen dituen faktore bat du, guraso bakarreko familia gehienak emakumeak baitira.

Fiskaltzak kasazio-errekurtsoa jarri zuen, legezkotasuna defendatzeko bere eginkizuna betez, ez baitzegoen doktrina bateraturik arlo horretan.

Auzitegi Gorenak errekurtsoa onetsi du, kontuan hartuta gaiak ez diela bakarrik Gizarte Segurantzaren prestazioei eragiten, baizik eta ondorioak dituela enplegatzailearekiko lan-harremanetan ere, prestazioa aitortzen denean kontratuaren etetea luzatzen baita, eta horrenbestez, kotizatu beharra baitago.

Auzitegi Gorenaren epaian, Justizia Auzitegi Nagusiak kontuan hartu zituen argudioak birpasatzen dira, eta ondorioztatzen da egungo araudia ez dela ez nazioarteko ez batasuneko ezein trataturen aurkakoa, ezta Espainiako zuzenbide positiboaren aurkakoa ere, eta prestazio hori handitzearen aldeko interpretazioa estatuaren konstituzio-antolamenduaren aurkakoa litzatekeela, epaileek eta auzitegiek arauak interpretatu egin behar baitituzte, eskubiderik sortu gabe.

Kotizaziopeko prestazioa dela adierazten da, eta hura aitortzeko beharrezkoa dela onuraduna altan edo altaren antzeko egoeran egotea eta gabealdia izatea. Laguntzaren zenbatekoa, berriz, beti kotizazio-oinarriaren araberakoa da, eta, beraz, guraso bakarrari bi prestazioak metatzeko aukera emanez gero, bi gurasoz osatutako familiek ondorio kaltegarriak jasango lituzkete, bietako batek alta- eta gabealdi-betekizunak beteko ez balitu. Epaian, prozedura hasi zuen langilearen moduko guraso bakarreko familien inguruan INEk emandako estatistika-datuak jasotzen dira, egoera horretan zegoen baita ere; INEren arabera, horrelako familiak % 15,8 bakarrik dira, ez baitira guraso bakarreko familien eredu bakarra.

Beste alde batetik, Auzitegi Gorenak iritzi dio ez dagoela arau-hutsunerik, Gizarte Segurantzan badaudelako guraso bakarreko familientzako hobariak; adibidez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 182.3.b artikuluan amatasun-prestazioen inguruan jasotakoa, gabealdi espezifikorik gabea, eta handitu egiten dena guraso bakarreko familien kasuan –legezko testu beraren 351.b artikulua–. Bestalde, epaian bertan jasota dago ezetsi egin zela Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Lege Organikoaren proiektuaren zuzenketa, zeinaren bidez aldatu nahi baitzen Langileen Estatutuaren 48.4 artikulua, guraso bakarreko familiei aitortzeko beste guraso bat egonez gero hari legokiokeen baimen aldia metatzeko eskubidea. Horrek are gehiago berresten du Auzitegiaren jarrera, erabaki hori botere legegileak hartu behar duelakoa, Zuzenbide Estatuaren oinarrietako bat baita botere-banaketa eta botere legegileari esleitzea legearen monopolioa, botere hori hauteskunde-prozesu baten ondoriozkoa denez eta horrenbestez gizartearen adostasunaren adierazlea.

Adingabeen interesari dagokionez –horixe da berrikusi den epaiaren oinarrietako bat–, Auzitegi Gorenak dio bestelako interesekin haztatu behar dela, kontuan harturik, gainera, kontziliazio-eskubideek saihestu egin behar dutela gure ordenamendu juridikoa oinarritzen duen berdintasun-printzipioarekin bat ez datozen genero-rolak betikotzea. Gainera, genero-ikuspegia ez da erabakigarria kontu hau ebazteko, legegileak aplikatu baitu ikuspegi hori, berariaz debekatu zuenean eskubideak metatzea, seme-alaben heziketa- eta hazkuntza-balioetan erantzunkidetasuna ezartzeko helburuarekin.

Epaiak aurkako boto partikular bat du, eta horri atxiki zaio Auzitegi Goreneko magistratuetako bat. Bereziki interesgarria den eztabaida judizial oso konplexua da hau, botere judizialaren zereginaren inguruko hausnarketa eragiten duena, eta ez dago inolaz ere bukatuta.

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Lotutako berriak