
Berrogei bat lagun izan ziren prestakuntza-ekitaldian: lehen mailako arretako eta larrialdietako zerbitzuko medikuak, erizainak, izpien zerbitzuko eta errehabilitazioko kideak. Jardunaldian erabilitako metodologiaren ardatza izan zen bertan ikasitakoa kontsultetan berehala aplikatzen hasi ahal izatea.
Mutualiaren Arabako erabakimen azkarreko ospitaleko osasun-laguntzako zuzendari Javier Oleaga doktoreak eman zion hasiera ekitaldiari. Jardunaldiko hizlaria Enrique Arbaiza doktorea izan zen, Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko traumatologiako larrialdietako medikua.
Programaren lehen puntua bizkarrezurraren (goiko aldea eta behekoa) eta sorbaldaren anatomia normalaren miaketa eta analisia izan zen. Adibideak emateko irudi eta bideoak erabili ziren, horietako asko eguneroko jardunetik hartutakoak, eta haiei esker erakutsi ziren irudi-probetan egiaztatu beharreko puntuak, aztertutako eremuetako lesio ohikoenak eta minaren iturburu posibleak.
Kafea hartzeko atsedenaldi labur baten ostean, ukondo, eskumutur, esku, pelbis, belaun, orkatila eta oinaren anatomia normala landu zen. Atal horretan, lehenengoan bezalaxe, aztertu egin ziren irudi bidezko miaketetan kontuan izan beharreko puntuak, eremu bakoitzeko lesiorik ohikoenak eta maizen egiten diren akatsak.
Ondoren, parte-hartzaileek beren kasu partikularrak eta zalantzak adierazi zituzten, eta Arbaiza doktoreak ebatzi egin zituen.
