
Beharrezkoa al da enplegatutako langileak lotura izatea autonomoak egindako jarduerarekin?
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 214. artikuluak aldaketa handiak izan ditu Lan Autonomoaren Premiazko Erreformei buruzko 6/2017 Lege berriaren ondorioz. Funtsean erreforma horri esker jarduneko langile autonomo bat, aldi berean ordaindutakoaren araberako erretiro-pentsioa jasotzen duena, pentsioaren % 50 jasotzetik % 100 jasotzera igaro daiteke besteren konturako langile bat kontratatuta badu edo kontratatzen badu.
Erreforma horrek zalantza ugari eragin ditu. Haietako bat da ea enplegatutako langileak loturarik izan behar duen autonomoak egiten duen jarduerarekin edo aski den autonomoaren eta langilearen arteko lan-loturarik egotea. Legea argitaratu zenean, itxura guztien arabera eskakizuna zen autonomoak oraindik egiten zuen jarduera ekonomiko edo profesionalari lotutako zerbitzuak eman behar zituela kontratatuak, baina horren aurkakoa adierazi du Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala Antolatzeko Zuzendariordetza Nagusiak 26/2017 kudeaketa-irizpidean, etxeko langileen kolektiboa kontratatzeko kasu zehatza hizpide hartuta.
Etxeko langileei dagokienez, izaera bereziko lan-harremana dugu esku artean (LEren 2.1.b), arau espezifikoaren arabera zuzentzen dena, hau da, azaroaren 14ko 1620/2011 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera (familia-etxeko zerbitzuaren izaera bereziko lan-harremana arautzen duena). Harreman berezi horren ondorioz enpresaburua hala da «etxeko enplegatzaile» modura, eta langilea, berriz, «etxeko langile» gisa. Etxeko langilea ez dute autonomo gisa kontratatzen, etxeko titular gisa baizik, eta langileak ez dizkio zerbitzuak enplegatzaileari esparru profesionalean ematen, etxe eta familiako eremuan baizik.
Horregatik, zalantzazkoa zen autonomo aktiboak etxeko langile bat kontratatzeaz baliatu ahal izatea erretiro osoa jasotzeko, baina GSINek halako kontratuak onartzearen alde eginez argitu du zalantza hori, kontratu horiek kontratatutako langilea Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrera sartzea baitakarte, Etxeko Langileen Sistema Berezian bada ere.
Horri gehitzen badiogu Legez ez dela beharrezkoa kontratatua araubide mugagabean eta lanaldi osoan egotea, ondorioztatu ahal dugu ondorio horietarako langilea araubide orokorrean besteren konturako langile gisa alta emanda egotea dela garrantzitsuena GSINrentzat, eta ez horrenbeste lan-harremanaren beraren eduki espezifikoa.
Azaldutako beste kontu bat da neurri hori autonomo sozietario deitu ohi direnei hedatzen zaien, hau da, jarduera ekonomiko edo profesionala kapital-sozietate baten erabilera instrumentalaren bidez egiten duten haiei.
Autonomoek, norberaren konturako jarduera egiten duten bitartean, ordaindutakoaren araberako erretiroa, besteren konturako langile bat eduki edo kontratatzeagatik, osorik kobratzeko duten aukera hori autonomo sozietarioei hedatuko zaienik ez dirudi, ordea. Horren zergatia agerikoa da: banako autonomoak ez du mendeko langilea kontratatzen, partaidetza edo akziodun bazkidea den merkataritza-sozietateak baizik. Lan-kontratuaren lotura enpresa sozietarioaren eta langilearen artean gertatzen da, ez banako autonomoaren eta langilearen artean, eta hori jarduera ekonomikoa edo profesionala instrumentu sozietario baten bidez egitea aukeratzeak nortasun juridikoa sozietateari transferitzea dakarrelako, besterik gabe.
Iñaki Esnal
Aholkularitza Juridikoa
