Giza gorputza ez dago geldi egoteko diseinatua. Historian zehar, pertsonak fisikoki aktiboak izan dira, lan esparruan egin duten ariketa fisikoari esker. Edonola ere, gaur egun ez da horrenbeste jarduera fisiko egiten, nagusiki, industrializazioaren, digitalizazioaren, joan-etorrietan garraiobideak masiboki erabiltzearen eta abarren ondorioz. Hori dela-eta, bizi-estilo sedentarioa duten pertsonen forma fisikoak nabarmen egin du okerrera. Nahasmendu muskuloeskeletikoak ugaritu egin dira, batez ere lanerako jarrera estatikoa edo behartua izatea beharrezko den lanpostuetan edo/eta mugimenduak asko errepikatzen diren zereginak dituzten lanpostuetan.

Egunerokoan, ariketa fisikoa neurrian egiteak onura handiak ditu, bai maila kardiobaskularrean, bai maila muskuloeskeletikoan; izan ere, muskuluen tonua eta malgutasuna hobetu egiten da, eta horrek ekarriko du pertsonak hobeto prestatuta egotea zereginerako, bai eta lanegunetan pilatutako tentsio muskularrak askatu ahal izatea ere.
Mutualian, MUTUALIA ON! programa garatu dugu; ekimen horren helburua da enpresa kideetako langileen lesio muskuloeskeletikoak murriztea. Programa horren barruan, enpresetan Atsedenaldi Aktiboa ezartzen laguntzen da, eta, horretarako, programaren abiaraztea gainbegiratzen eta dinamizatzen dugu.

Lanpostuan Atsedenaldi Aktiboa izanda, pertsonak eguneroko zereginak egiteko fisikoki prestatu ahal izango dira. ATSEDENALDI AKTIBO horretan, laneko zereginaren geldialdi batean, errutina bat egiten da; beroketa-ariketak, muskulu-luzamenduak eta tonifikazio-ariketak egiten dira, lanpostuan bertan; gutxi gorabehera, 7 minutu irauten du.
LAGUNTZA-MATERIALA
Errutina hori Mutualiak diseinatzen du, enpresaren instalazioetako lanpostuak bisitatu ondoren, egiten duten laneko jardueraren eskakizun muskuloeskeletikoak aintzat hartuta.
Errutina hori modu erregularrean egiteak aukera emango du langileei eragiten dieten min muskuloeskeletikoak nabarmen murrizteko, haien tonu muskularra eta malgutasuna hobetzeko, eta, era berean, ahalbidetuko du pertsona horiek baldintza hobeetan eta aldez aurretiko jarrera hobearekin ekitea eguneroko jarduerei.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri gurekin harremanetan: prevencion@mutualia.eus
