2024ko irailaren 13an argitaratu zen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina aldatzen duen lege-proiektua, langileen ezintasun iraunkorragatik lan-kontratua azkentzeari dagokionez, eta urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina (GSLO), ezintasun iraunkorrari dagokionez.
Erreformaren helburua da modu eraginkorragoan bermatzea desgaitasunen bat duten pertsonen berdintasunerako eskubidea lanean, Espainiako Konstituzioaren (EK) 9.2, 14., 35. eta 49. artikuluetan eta Desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bateginean ezarritakoaren arabera.
Horretarako, “Lan-kontratua azkentzea” arautzen duen Langileen Estatutuaren Legearen 49.1 artikulua aldatu da, bi alderditan:
- Langilearen heriotzaren araubide juridikoa ezintasun iraunkorreko kasuei aplikatu dakiekeenetik deslotuta, lan-kontratua azkentzeko arrazoi gisa.
- Hala, 49.1 artikuluaren e) letra aldatu da, eta honela idatzita geratu da: «e) Langilearen heriotzagatik».
- Ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia lortzen duten pertsonen lan-kontratua modu automatikoan azkentzea ezabatuz, eta enpresaren erabakia langilearen borondatearen eta lanpostua egokitzeko aukeraren edo haren lanbide-profilarekin bat datorren eta haren egoera berriarekin bateragarria den lanpostu huts eta erabilgarri bat egotearen mende jarriz.
- Horrela, 49.1 artikuluari n) letra gehitu zaio, eta honela geratu da idatzita: “n) Langilearen ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortzeagatik edo hirugarren pertsona baten laguntza-osagarria aitortzeagatik, 48.2 artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, baldin eta ezin bada arrazoizko egokitzapenik egin edo langilearen lanbide-profilarekin bat datorrena eta langilearen egoera berriarekin bateragarria den lanpostu huts eta erabilgarri batera aldatu, enpresarentzat gehiegizko karga izateagatik. Karga hori enpresarentzat gehiegizkoa den zehazteko, kontuan hartuko da desgaitasunen bat duten pertsonentzako neurri, laguntza edo diru-laguntza publikoen bidez behar adina arindu daitekeen, bai eta egokitzapenak dakartzan kostuak ere, enpresaren batez besteko soldatari, tamainari eta negozio–bolumenari dagokienez”.
Prozedura eta epeak:
“Langileak hamar egun naturaleko epea izango du, ezintasun iraunkorra (aurreko paragrafoan aipatutako mailetako batean) kalifikatzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, enpresari idatziz adierazteko lan-harremanari eutsi nahi diola”.
Enpresak gehienez ere hiru hilabeteko epea izango du, ezintasun iraunkorra kalifikatzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, arrazoizko egokitzapenak egiteko, lanpostuz aldatzeko edo, bi aukerak gehiegizko zama direnean, kontratua azkentzeko.
Erabakia arrazoitu egin beharko da, eta idatziz jakinarazi beharko zaio langileari.
Prebentzio-zerbitzuek, laneko arriskuak prebenitzeari buruzko araudian ezarritakoarekin bat etorriz, eta laneko arriskuen prebentzioaren arloko langileen ordezkarien partaidetzarekin, egokitzeko neurrien irismena eta ezaugarriak zehaztuko dituzte, langilearen prestakuntzari, informazioari eta osasunaren zaintzari buruzkoak barne, eta langilearen egoera berriarekin bateragarriak diren lanpostuak identifikatuko dituzte”.
Adierazitako aldaketak eragin zuzena du aldi baterako ezintasuneko eta ezintasun iraunkorreko prestazioen dinamikan eta ondorioetan, bai eta batetik besterako trantsizioan ere. Beharrezkoa da GSLOren 174. artikulua aldatzea. GSLOren testu bateginaren 174. artikuluaren 5. apartatua aldatu eta honela geratu da idatzita:
«5….. Aurreko paragrafoan aipatutako kasuetan, ezintasun iraunkorreko prestazioa aitortzen denean eta horrek lan-harremana azkentzea dakarrenean, 49.1.n) artikuluan aurreikusitakoaren arabera, edo eten egiten denean, lanpostu-erreserbarekin, 48.2 artikuluaren arabera, biak ala biak Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginekoak, ezintasun iraunkorreko prestazioaren ondorioak bat etorriko dira prestazioa aitortzen duen erakunde kudeatzaileak ebazpena ematen duen egunarekin, salbu eta langileak aldi baterako ezintasunaren ondorioak luzatzeagatik jasotzen zuena baino handiagoa bada; kasu horretan, ondorio horiek atzera eramango dira aldi baterako ezintasuna iraungi eta hurrengo egunera.
Langileen Estatutuaren testu bateginaren 49.1.n) artikuluan ezarritakoaren arabera, ezintasun iraunkorra aitortzeak (dela osoa, absolutua edo hirugarren pertsona baten laguntza-osagarria) ez badakar lan-harremana azkentzea, enpresak lanpostuan aitortutako ezintasun-egoera berriarekin bat datozen egokitzapen arrazoizko, beharrezko eta egokiak egiteagatik, edo langilea beste lanpostu batera bideratzeagatik, aldi baterako ezintasunaren ondorio ekonomikoek bere horretan jarraituko dute ezintasun iraunkorra kalifikatzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik enpresarentzako zerbitzuak berriro ematen hasten den egunera bitartean, gehienez ere hiru hilabetez.
Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan, ezintasun iraunkorreko prestazioaren ondorio ekonomikoak eten egingo dira lanpostu bera betetzen den bitartean, egokitzapenekin, edo dagokion pentsioa jasotzearekin bateraezina den beste lanpostu bat, 198. artikuluan ezarritakoaren arabera. Lanpostua egokitzen ez bada, edo prestazioa jasotzearekin bateraezina den beste lanpostu batean birkokatzen ez bada, ezintasun iraunkorreko pentsioa ordaintzen hasiko da eskatzen den egunetik aurrera, betiere enpresak egokitzea edo birkokatzea ezinezkoa dela jakinarazten duen egunetik hiru hilabeteko epean bada. Bestela, pentsioak gehienez hiru hilabeteko atzeraeragina izango du, eskaera egiten denetik zenbatzen hasita. Azken bi kasu horietan, aldi baterako ezintasunaren ondorio ekonomikoen luzapenak bere horretan jarraituko du ezintasun iraunkorraren ondorioen datara arte, gehienez ere hiru hilabeteko mugarekin, hura kalifikatu duen ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita.
Horrez gain, Gobernuak konpromisoa hartzen du sei hilabeteko epean Gizarte Segurantzaren ezintasun iraunkorraren arloko eta hura lanarekin bateragarria izateko erregulazioa erreformatzeko proposamen bat egiteko, eta zehaztu beharreko alderdiak mugatuko ditu.
Azkenik, Espainiako Konstituzioaren 49. artikuluaren erreformak ezartzen duen ildotik, lanaren eta Gizarte Segurantzaren arloko araudian «baliaezintasun handia» eta «baliaezintasun ez-kontributiboa» egoeren izena aldatu da.
Susana Castaños del Molino
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
