Joan den ekainaren7an, Jendaurrean Erabili praktika komunitatearen aurrez aurreko saioa izan zen Mutualiak Bilbon (Henaon) duen egoitzan. Saioaren lehen zatian Jordina Arnauk “Lidergoa, ahalduntzea eta hizkuntzen kudeaketa erakundeen komunikazioan” izenburuko hitzaldia eman zuen. Bigarren zatian, AZK komunikazio eta publizitate agentziak Jendaurrean Erabili komunitatea sortzen dabilen “Erakundeek euskaraz komunikatzeko gida” webgunearen lehen bertsioa erakutsi zuen. Bertan urte hauetan guztietan landutako komunikazio alor ezberdinak agertuko dira, baita euskaraz komunikatzeko baliabideak ere. Datorren udazkenean egingo da gida honen aurkezpen publikoa.
Egitasmo honek aurten 10 urte bete ditu, eta aurtengoa egitasmoaren azkena izango da. Ibilbide oparoa izan du urte horietan guztietan makina bat saio eta ikerketa lan eginez; besteak beste, “Praktika komunitatea hizkuntza gutxituan ere komunikatzen duten erakundeen testuinguruan”, “Hedabide eta erakundeen arteko harremanak eta praktika linguistikoak” eta “COVID19aren pandemiaren eraginak erakundeen komunikazio publikoan”.
Egitasmoaren praktika komunitatearen sorreran talde nuklearra Adegi, AEK, Athletic Club, EITB, Guggenheim, ELA, Getxoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta UPV/EHUk osatu zuten. Ondoren, hainbat erakunde batu dira egitasmo honetara: Artez, Bai Euskarari, CAF, Donostiako Zinemaldia, Donostiako Udala, Elhuyar, Emun, Eusko Legebiltzarra, Kontseilua, LAB, Makina Erraminta Institutua, Malerrekako Mankomunitatea, Mondragon Koop., Mondragon Unibertsitatea, Mutualia eta Sakanako Komunitatea.
Jendaurrean Erabili egitasmoak erakunde ezberdinen arteko elkarlana eta saretzea bultzatu du, helburu zehatz batekin: jendaurreko komunikazioan euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabiltzea, erakunde eta eragileei lagundu eta jardun hori errazteko bide eta bitartekoak eskainiz.


