Itzuli

Jorge Darpont elkarrizketa- INGEMAT

INGEMAT enpresa Bizkaiko 2020ko ETErik onena izendatu dute. INGEMATen Corporate Director Jorge Darpont elkarrizketatu dugu; berak azaldu digu haien jarduera zertan den, eta egunerokoaren berri eman digu.

1.- Zein da INGEMATen jarduera?

INGEMAT ingeniaritza-enpresa bat da, eta ibilgailuen karrozeriaren mihiztadurarako linea robotizatuak diseinatu, eraiki, instalatu eta abiarazten ditu. Proiektuak kontratupean eta giltza eskura egiten ditu.

2.- Noiz sortu zen eta non eskaintzen ditu zerbitzuak?

1986an sortu zen; instalazio nagusiak Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean kokatuta daude. Mexikon filial bat daukagu, eta partnerrak ditugu Txinan (Asiako merkaturako) eta Argentinan (MERCOSUR-erako). Gure salmenten % 75 esportatzen dugu batez beste, Europara (Alemania, Frantzia, Italia, Belgika, UK, Txekiar Errepublika, etab.), Asiara (batez ere Txina), Hego Afrikara eta NAFTA eremura (Mexiko eta AEB). OEM enpresei (SEAT, NISSAN-Renault, Toyota) nahiz estanpatzaileei (CIE Automotive, Martinrea, SNOP Automotive, etc.) saltzen dizkiegu zerbitzuak.

3.- Zenbat pertsonak osatzen dute enpresa eta zein dira profil profesionalak?

100 pertsona gara, batez ere ingeniariak, hala mekanikoak nola elektrikoak, robot programatzaileak, PLC eta abar.

4.- Hauek dira INGEMAT enpresaren balioetako batzuk: kultura korporatiboa, garapena, talde lana, konfiantza, malgutasuna, erronka berriei ekiteko ausardia… Zein nabarmenduko zenuke zuen balioen proposamen horretatik?

Enpresek oro har sustatzen dituzten BALIOEZ gainera, INGEMATek apustu argia egin du pertsonen alde. Gogor lan egin du enpresa-eredu bat lantzen, zeinean aukera berdintasuna, gardentasuna, ardurak besteren esku uzten eta hartzen jakitea eta abar sustatzen den. Ahalegintzen gara talde lanean oinarritutako kultura sortzen; hartara, pertsonak seguru sentituko baitira bezeroek jartzen dizkiguten erronken aurrean, eta ETE txikia izatearen abantaila nagusietako bat, malgutasuna, galdu gabe.

5.- Zer ekarri dio INGEMATi Bizkaiko 2020ko ETErik onena izendatzeak? Are gehiago, gaur egungo pandemia-egoera kontuan hartuta.

Gaur egungo egoeran, ahalegin handia egin dugu osasun protokoloak betetzeko, eta INGEMAT osatzen duten pertsonen erantzuna bikaina izan da. Ilusio handia egiten digu izendapen honek, langileak bertako kide izatearen harrotasunari eta enpresaren izen onari dagokienez esan nahi duenagatik. Eta eskerrak eman nahi dizkiegu hiru babesleei (Banco Santander, Merkataritza Ganbera eta El Correo), hori eman izanagatik.

6.- Zer erronkari egin nahi diezue aurre etorkizunean?

INGEMAT bezala ibilgailuen sektorean horren espezializatuta dauden enpresen erronkak bi alorretan banatzen ditugu:

– Ibilgailuen industria jasaten ari den eraldaketara egokitzeko gaitasuna: elektrifikazioa, ibilgailuen pisua murriztea, auto autonomoak, auto partekatuak…

– Automatizazio eta robotizazio enpresa garenez gero, gai izan nahi dugu beste sektore batzuetan ere automatizazio soluzioak garatu eta ezartzeko.

Lotutako berriak