
Europako Justizia Auzitegiak, 2018ko otsailaren 22ko epaian, haurdun dauden emakume langileak (haurdun geratzen direnetik amatasun-baimenaren amaierara arte) kaleratzeko aukera jasotzen du, baldin eta kaleratze kolektibo baten barruan bada.
Kataluniako Auzitegi Nagusiak arazo prejudizial gisa planteatutako kasuaren bidez, gai horren inguruan Europan dauden direktiben kontra doan edo ez zalantza ebazten da; zehazki direktiba hauen kontra: 92/85, haurdun dagoen langilearen segurtasunari eta osasunari buruzkoa, eta 98/59, kaleratze kolektiboei buruzkoa. Horretarako, Bankiako langile bat, haurdun zegoelarik, kaleratze kolektibo baten barruan kaleratzearen legezkotasuna baloratzen du.
Langileen Estatutuaren 51. artikuluan, kaleratze kolektiboari buruzkoa, jasotzen da kaleratze kolektiboaren aurretik kontsulta aldi bat egin behar dela langileen ordezkariekin, enpresan jarraitzeko lehentasun-irizpideak baloratzeko. Kasu honetan, hori egin ondoren, langilearen balorazioa baxuenetarikoa zen; hortaz, bidezkoa zen kontratua azkentzea.
Planteatutako kontuak 92/85 direktibaren 10. artikulua Espainiako araudira era egokian ekartzeari buruzkoak dira; kasu berezietan izan ezik, haurdun dauden langileak kaleratzea debekatzen baitu.
Enpresak langilearen egoeraren berri bazuela kontuan izanik, eta, beraz, Auzitegiak hipotetikoa ez den kasu bat duela kontuan izanik, eztabaidatuko den direktibaren artikuluak ezartzen du estatu kideek beharrezko neurriak hartuko dituztela haurdun dauden langileen kaleratzea debekatzeko, haren egoerari loturik ez dauden kasu berezietan izan ezik. Hala, enpresaburuak pertsonarekin loturik ez dauden arrazoiengatik langileak kaleratzeari dagokio Espainiako kaleratze kolektiboa; beraz, salbuespen hori ezarriz, emakumearen babesa errespetatzen da, eta, hala, planteatutako lehen arazoari erantzuna ematen zaio, eta enpresaburuak kaleratzea gauzatu ahalko du, kaleratze kolektiboaren arrazoi justifikagarri eta objektiboak soilik jakinarazita.
Era berean, ez da ezartzen enpresan jarraitzeko lehentasunik, ezta beste lanpostu batean jartzeko lehentasunik ere (kaleratze horren aurretik haurdun dauden langileei aplikatu ahal zaizkien neurriak). Hori negoziazio kolektiboaren bidez araututa dago beste kolektibo batzuetarako (adin jakin bateko langileak, familia-zama zehatzak, etab.). Horiek kaleratzeko aukera dago, baina salbuespenezko arrazoiak alegatu beharko dira. Hortaz, haurdun daudenek lehentasun hori izango dute baldin eta negoziazio kolektiboan jasota badago bakarrik, eta, planteatutako kasuan, araudi hori ez dago jasota.
Beraz, kaleratze kolektiboan, haurdun dagoen langile bat kaleratzea onartzen da, baldin eta ez bada haurdunaldiarekin loturiko arrazoiengatik eta enpresaburuak erabaki hori hartzeko arrazoiak baditu (zuzenbide nazionalean onartuak).
María Urizar. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua
