Itzuli

KALTE ZEREBRALAREN ONDOREN BERRIRO GIDATZEA

Kalte Zerebralaren Eguna dela-eta, DGTk, Sociedad Española de Medicina de Tráficok eta Aita Meni Ospitaleak ikerlana egin eta gida esperimental bat sortu dute kalte zerebrala jasan ondoren gidatzeko kontuan hartu beharreko hainbat alderdiri buruz. Arrazoia? Hainbat arrazoi daude, noski, eta artikulu honetan azalduko ditugu. 

Esan beharrik ez dago gidabaimena garrantzi handiko tresna dela lan eta gizarte bizitza autonomo eta askeagoa izateko. Ez da harritzekoa, beraz, berriro gidatzea izatea kalte zerebrala jasan ondorengo ilusio eta erronka handienetakoa.  

Kalte zerebralaren ondorioek eragina izan dezakete, uste izatekoa denez, gidatzeko gaitasunean, eta arriskuan jar dezakete bide segurtasuna.  

Gidatzeko gaitasunari eragiten dioten ondorioak edo gorabeherak zentzumenekin lotuta daude (ikusmena, entzumena, oreka, ukimena eta propiozepzioa): 

  • Alterazio motorrak (hemiplegia, hemiparesia, ataxia, dardara…), mugimendua mugatzen dutenak. 
  • Jokabidearen alterazioak eta alterazio emozionalak (bultzada edo portaera sozialki desegokiak kontrolatzeko zailtasunak). 
  • Alterazio kognitiboak (arreta, gaitasun bisual-espazialak, funtzio exekutiboak eta erabaki eta arrisku estimazio desegokiak) eta krisi epileptikoak, kaltea jasandako eremuaren edo eremuen arabera. 

Zer urrats egin behar dira kalte zerebrala jasan ondoren gidatu ahal izateko? 

Hona hemen lesio zerebraletik oneratu ondoren egin beharreko urratsak:  

1.- Txostena eskatu mediku espezialistari (neurologoa, psikiatra, pazientearen tratamenduaren ardura duen errehabilitazioko medikua…), txosten horretan egin dezan gidatzeko ahalmenarekin lotura duten gaitasunen balorazio bat.  

2.- Gidarien Osasun Azterketen Zentro batean ebaluazioa eskatu; ebaluazio hori egin dezaten, aurreko puntuan aipatutako espezialisten txostenak emango zaizkie aztertzaileei.  

3.- Sekuela motor edo sentsorialengatik beharrezkoa dela agerikoa bada, ibilgailua egokitu beharra dago. Gidarien Osasun Azterketen Zentroak edo osasun agintaritza eskumendunak zehaztuko du gidabaimenean zer kode harmonizatu adierazi behar diren, eta Trafikoko Probintzia Buruzagitzari igorriko zaio informazio hori.  

4.- Kasu horretan, Trafikoko Probintzia Buruzagitzak azterketa praktikoa egiteko prozesua abiatuko du; osasun zerbitzu eskumendunek izendatutako mediku baten aholkularitza eska lezake horretarako. Ezohiko azterketa praktikoa egiteko, pazientearen ibilgailua bera erabil daiteke, baldin eta egin beharreko egokitzapenak eginak baditu, edo autoeskolako ibilgailu egokitu bat (kasu horretan, irakaslea ere joango da autoan). 

Gogorarazi nahi dugu arau horiek guztiak zehaztuta daudela Gidarien Araudi Orokorraren IV. eranskinean, non agertzen baitira zirkulazioa ukatzea, egokitzea edo murriztea ekar lezaketen gaixotasunak eta gabeziak. Kalte zerebralarekin loturiko arazoei zehazki dagozkien zenbait atal ere badira araudi horretan. 

Lotutako berriak