
Euskal karateak –2.500 federatu– maila handiko kirolariak ditu eta oso emaitza onak lortzen dituzte abantaila fisiko ugari eskaintzen dituen diziplina horretan
Euskal Herrian asko praktikatzen da karate modalitatea, urtero kategoria guztietako hainbat txapelketa egiten dira eta goraka doazen kirolariak ditu. Japonian sortutako borroka-artea da karatea, eta norbere defentsa du helburu. Hainbat faktore bateratzen ditu diziplina honek: hala nola, oreka, indarra, arnasketa, giharrak eta gorputz-adarrak. Munduko borroka-arterik ezagunenetako bat da, eta edozein adinatako jendeak egin dezake, praktikatzeko intentsitate maila asko baitaude. Diziplina honek abantaila ugari eskaintzen ditu, norbere buruarekiko eta besteekiko errespetuaren inguruko arauak dituelako bereizgarri, eta kidea lesionatzea ekiditen saiatzen direlako uneoro. Arau horiek guztiek, bai eta ariketa fisikoak ere, karatea praktikatzen duten pertsonen autokontrola areagotzen dute. Halaber, karateak odolaren zirkulazioa hobetzen du. Alde batetik, urteek aurrera egin ahala odol-hodien malgutasun naturala gutxitu egiten da, baina karatea praktikatuz gero sintoma hori atzeratu egiten da: bihotza sendotu eta odol-bolumen handiagoak ponpatzeko gai izan dadin lortzen du. Koordinazioa ere areagotu egiten da, karatean hankak eta besoak erabiltzen direlako. Gorputz-adarren eta garunaren arteko koordinazioa ere askoz handiagoa da. Karatea praktikatuz mugimendu guztiak harmonizatzea lortzen da. Malgutasunean ere badu eraginik; izan ere, karatean egiten diren mugimendu eta luzapenek gorputzeko artikulazioak malguagoak izatea eragiten du. Hanketako giharrek elastikotasun handiagoa lortzen dute eta artikulazioen mugimendu maila dezente handiagoa da. Gainera, bizkar, beso eta hanketako giharrak indartu egiten dira, eta giharren pisua handitu egiten da. Bestalde, Euskal Kirol Federazioen Batasuna-Unión de Federaciones Deportivas Vascasen atalean lantzen ari garen modalitate honen modukoak praktikatzea jendearekin sozializatzeko modu bikaina da. Karatea ezin da bakarka praktikatu, beraz, lantaldean lagun berriak egiteko aukera dago. Karateak kontzentrazioa hobetzeko balio du, hainbat mugimendu ikasi eta praktikatu behar direlako. Aurrean beste pertsona bat dutenez, karatekek kontzentratu egin behar dute, zein maniobra egin behar duten jakiteko. Beraz, malgutasuna eta gorputzaren koordinazioa handitzen ditu, egoera kardiobaskularra hobetzen da, kontzentrazioa areagotzen da, giharrak indartzen dira, konfiantza eta segurtasuna areagotzen dira eta egoera mentala hobetzen da. Gainera, haurrei edozein beldur gainditzen laguntzen die, eta pertsona lotsatientzako terapia gisa erabili ohi da kirol hau.
Manuel Colás Euskal Federazioko lehendakari berriak honakoa adierazi du: «Euskal karateak oso maila ona du. Espainiako txapeldun batzuk, estatuko txapelketetan dominak lortu dituzten kirolariak, Espainiako selekzioko kideak eta nazioartean emaitza bikainak lortzen dituzten gazteak ditugu. Hori azken urteotan gertatu da, klubek egindako lanaren emaitza gisa. Federazioak kirolariei babesa eman behar die. Gutxi gorabehera 2.500 federatu ditugu eta eskoletako lizentzia kopurua 1.500 eta 1.700 artean dago. Horrez gain, federatuta egon ez arren karatea praktikatu ohi duten zale asko daude. Klub askok historikoki garrantzi handia izan dute eta 40 urtetik 50era arteko pertsona multzo batek, nahiz eta kirola praktikatu, ez du federatzeko beharrik ikusten. Federazioa beraiei zerbitzuak ematen saiatu behar da, gure erakundearen barruan gustura senti daitezen. Karatea euskal gizartean presentzia duen jarduera fisiko bat da. Eta lehiaz kanpoko karateari garrantzi handiagoa eman nahi diogu, karatea borroka-artetzat hartuta, gizarte-balio eta hezkuntza-balio batzuk biltzen dituen kiroltzat hartuta.

