Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik, oraingo honetan, karatea bezalako kirol bat praktikatzeak dituen abantailak nabarmenduko dizkizuegu; arte martziala da, txikitatik has daiteke harekin, eta onura ugari dakartza. Kirol-mota guztietan beharrezkoa den diziplinarekin hasiko gara, karateak beti behar baitu funtsezko errespetua bere ikaskuntzan.
Hortik aurrera, beste bertute fisiko batzuk deskubrituko ditugu, hala nola oreka, bai kata modalitatean –irudiak–, eskuen eta oinen mugimenduen sekuentzian, modua ematen baitu gorputz-egonkortasuna kontrolatzeko, nola kumite modalitatean, borroka horietan mugikortasuna eta gorputza menderatzea funtsezkoa baita aurkari bakoitza ezegonkortzeko. Karatea praktikatzeak, gainera, koordinazio psikomotorrean eragiten du, kolpe edo teknika bakoitzak erabilera edo koordinazio desberdinak hartzen baititu. Gorputz-adarrek trebetasun handiagoa lortzen dute, eta hori gure bizitzako beste alderdi eta jarduera batzuetara eramango dugu. Modalitate honetan garatutako indarra da beste bertuteetako bat; izan ere, adierazi ditugun kolpe- edo defentsa-teknikak alde batera utzita, beste ariketa fisiko batzuk egiten dira gure muskulatura garatzeko. Horren ondorioa izango dira giharrak luzatzeko izango ditugun gaitasunak, eta, beraz, malgutasuna da kirol honek dakarren beste onuretako bat, ostikada baten teknika ona goreneraino irits baitaiteke. Horrela, gorputza zurruntasunetik urrunduko da, eta nork bere burua kontrolatzeko gaitasuna ere izango du. Izan ere, karatea ez da erasoko arte martzial bat, defentsakoa baizik, eta edozein motatako liskarrak saihesten irakasten digu. Bai, geure burua defendatzeko irakasten digu, baina ez borroka bat hasteko, eta, beraz, bizitzan jokabide ona izaten laguntzen du. Hala, bada, kontzentrazioa ere beharrezkoa da, eta indartu egiten da arte martzial oso honetan. Euskadiko Karate Federazioan aholkua edo informazioa eskatuz has zaitezkete arte honetan, Federazioak hainbat klub baititu lurraldeka, eta hainbat txapelketa antolatzen baititu urtean barrena (https://www.karateeuskadi.com/).
Beti gustatu zaigu lerro hauetatik adieraztea modalitate bakoitzak haurrentzat zer esan nahi duen. Eta, pentsa daitekeenaren kontra, karatea lehiatzeko entrenamendua da, baina ez da batere oldarkorra; izan ere, norberak bere burua gainditzea bilatzen du, eta praktikatzaile bakoitza bultzatzen du bere helburuak lortzeko dituen mugetatik harantz
jotzera. Lehen ere nabarmendu dugu defentsa pertsonalerako metodo bat ere badela, erreflexuak, malgutasuna eta trebetasun fisikoak garatzen dituena, besteak beste, ohitura kaltegarriei eta gizentasunari aurre egiten lagunduz. Hainbat ikerketaren arabera, karatea bezalako arte martzialak lagungarriak dira haurrek beren gaitasun fisikoa hobetzeko, koordinazioa, indarra eta malgutasuna landuz, eta, aldi berean, zenbait bertute transmititzen dituzte, hala nola iraunkortasuna, autokontrola eta erantzukizuna. Frogatuta dago karateak txikienengan arnasketa egokia errazten duela, koordinazioa, kontzentrazioa, aipatutako muskulu-malgutasuna, autokontrola eta autoezagutza estimulatzen dituela, espazio-denboraren orientazioa eta ikusmen-trebetasunak indartzen dituela, erreakzio-abiadura eta kolpeen edo mugimenduen exekuzio-denbora laburtzen dituela, gehiegizko energia deskargatzen duela, eta autokonfiantza, segurtasuna eta autoestimua indartzen dituela, eta, horrela, inpultsibotasuna kontrolpean mantentzen duela. Gainera, irakasten du gogoa gorputzarekin kohesionatzen, eta izaera positiboko beste balio batzuk garatzen ditu, hala nola tolerantzia, adiskidetasuna eta erantzukizuna, haurrak diziplinan eta errespetuan hezten baititu, eta ezaugarri horiek lagungarriak baitira kirolari eta pertsona on bilaka daitezen. Izan ere, emozioak erregulatzen eta inpultsibitatea kontrolatzen da. Behar-beharrezko kontua bizi garen garai hauetan.
