Itzuli

Kirol-jarduerara pixkanaka itzultzea

Koronabirusaren pandemiak eragindako konfinamendu luze honetan, gomendatu dizuegu etxeetan ariketa batzuk egitea, ahal den neurrian. Aurreko bi hilabeteetan, kirol-jarduera oso ezohikoa izan da, eta, orain, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik, aholku batzuk emango dizkizuegu, nahi dugun normaltasunera itzultzeko, gustuko ditugun modalitate guztietan sasoian egoteko. Lerro hauetan, oinarrizko aholku batzuk emango dizkizuegu, lesionatu gabe berriro ariketa fisikoa egiten hasteko, poliki-poliki berriro sasoian egoteko eta nahitaezko geldialdiaren ondoren zuen elikadura zaintzeko. Lehenik eta behin, ulertu behar da denbora eta egokitze-aldi bat behar direla, aurreko maila lortzeko. Gogoz gaude ondo sentiaraziko gaituzten ohitura osasungarriak berreskuratzeko. Errealistak izan behar dugu, eta astiro hasi, lehen bezala ez gaudela jakinda. Horregatik, itzulerak pixkanaka joan behar du, alferrikako esfortzuak egitera behartu gabe, ariketetan pisua pixkanaka handituz, eta indar eta erresistentzia handiagoa eskuratuz. Desiratutako itzulera horretarako, oso garrantzitsua da une bakoitzera egokitutako ariketa fisikoa elikadura egokiarekin eta dieta osasungarriarekin uztartzea. Hori guztia funtsezko oinarria da gure osasuna arriskuan ez jartzeko, jarduerarik gabeko aldi luze baten ondoren.

Bistan da kirol-praktikara edo entrenamenduetara itzultzean ez garela martxoaren erdialdean genuen mailan egongo. Horregatik, ondo jakin behar da nola gauden fisikoki, ariketak eta saioak gure benetako egoera fisikora egokitzen saiatzeko. Akatsa litzateke gure jarduera gelditu aurretik egiten genuen gauza bera egiten saiatzea, horrek arazo fisikoak sor baititzake. Osasuna arriskuan ez jartzeko, itzulerari ekin behar diogu, baina behartu gabe, lesio beldurgarriak saihesteko.

Kirolera itzultzeko, oinarrizko ariketa batzuk egin ditzakegu egokitzeko, presarik izan gabe geunden tokian jarraitzeko, eta sekuentzialki hasita. Beroketa da hasierako eta ezinbesteko ariketa, edozein modalitateren praktika bermatzen duena arriskurik gabe. Oso garrantzitsua da beroketak eta luzaketak egitea, lesioei eta muskulu-gainesfortzuari aurrea hartzeko. Horregatik guztiagatik, berriro diogu elikadura ona, beroketa eta mailaz mailako entrenamendua funtsezkoak direla berriz sasoian egoteko. Komeni da adi-adi egotea gorputzak igortzen dizkigun sentsazioei, ziurtatzeko lehen entrenamendura behar bezala egokitzen ari garela; izan ere, itzulera era egokian egiten ez badugu, arazo fisikoak izateaz gain, beharbada, motibazioa ere galduko dugu ezustean.

Etxean konfinatuta egotea ez da eragozpen izan jende asko sasoian egon dadin, baina berriro kirola egitera atera diren gehienek kontuan hartzen dute, jarduera horrekin berriz hastean, birusaren aurkako neurriak hartzeaz gain, pixkanaka joan behar dutela. Lehenengo egunetan hainbat entrenamendu-mota txandakatzean, askoz errazagoa da interesatzen zaigun jarduera horretan zentratzea. Onena da ariketa aerobikoak gimnasioko entrenamenduekin, korrika egitearekin, bizikletaz ibiltzearekin edo igeri egitearekin bateratzea, energia eta motibazio gehiagorekin jarraitzeko behar den atsedena hartuta. Izan ere, barietatean dago gakoa, fisikoa suspertzeko desiratutako prozesu honetan. Garrantzitsua da ariketa kardiobaskular eta aerobiko horiek tonifikazio- eta indar-ariketekin uztartzea. Gainera, ona da gogoan hartzea, jarduerari berriz ekitean, atsedenaldia ere funtsezkoa dela, gure gorputzari entzun ondoren.

Amaitzeko, jarraibideak gomendatzen dizkizuegu lehengo berberak izan zaitezten: dieta orekatua, etxean hainbeste egun igaro ondoren agian ez diezuelako jaramonik egin gure elikadura-ohiturei edo zerbait aldatu duzuelako, karbohidratoak irentsi beharreko elikagai gisa hartuta, eta litro pare bat ur; helburu logikoak eta arrazoizkoak ezarri, gure egonkortasun emozionala kaltetuta baitago, eta, agian, antsietatea izango baitugu, eta behar duguna baino gehiago eskatuko baitiogu geure buruari. Bizi garen aldi bitxi honetan, kirola egitera ateratzean, distantzia soziala errespetatu behar dugu, eta oinarrizko higiene-jarraibideak bete, hala nola eskuak garbitzea eta aurpegia ukitzea saihestea.

Ariketa egitean, komeni da distantzia soziala handitzea, eztul edo doministiku egitean kanporatzen diren eta airean flotatzen duten mikropartikulak direla-eta. Ondo egongo zaretelakoan eta alderdi guztietan lehengo berberak izango zaretelakoan, kirola pixkanaka egitera animatzen zaituztegu.

Lotutako berriak