Unión de Federaciones Deportivas-Euskal Kirol Federazioen Batasunak era askotako kirolen jarduerari buruzko aholkuak eman ohi dizkizue atal honen bitartez, eta kirol horien onurei buruz ere jarduten du. Plataforma eta ‘magazine’ saio berri bati buruzko informazioa eman nahi dizuegu oraingo honetan: astelehenetik ostiralera bitartean izaten da saioa, 18:00etan, eta federazioek antolatzen dituzten txapelketak zabaltzen dira bertan.
Euskal Kirola Telebista izeneko kate berri bat du UFDV-EKFBk, zeinaren asmoa baita Euskal Kirol Federazioek antolatzen dituzten lehiaketa eta ekitaldien bozgorailu izatea. Unión de Federaciones Deportivas-Euskal Kirol Federazioen Batasunak adin nagusitasuna bete berri duen unean (2003. urte inguruan sortu zen) jarri da, hain justu, ekimen hau abian, euskal kirolari hitz emateko xedearekin. Erakunde beraren barruan biltzen ditu euskal kirolaren esparruko federazio guztiak, hau da, 200.000 kirolari inguruk (Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren ehuneko 10 ia) bat egin dute helburu berberak lortzeko asmoz.
Erakunde honen helburuetako bat ekimenen, lehiaketen eta txapelketen berri zabaltzea da, Euskadiko Kirol Federatua sustatzeko asmoz, betiere. Horregatik sortu da, hain zuzen ere, Euskal Kirola Telebistaren esperientzia berri hau, eta esperientzia horretan jarri dituzte sustatzaileek gure kirolei eta espezialitate guztiei ahal den neurrian ikusgaitasuna emateko itxaropen guztiak.
Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunak euskal kirola sustatzen, defendatzen eta ordezten du oro har, eta Euskadin kirola garatzeko eta hobetzeko abentura horretan lagun dituzten erakunde eta organismo publiko zein pribatu askorekin dihardu lankidetzan. Era horretako proposamen eta ekimenak, euskal kirolaren telebista berria esaterako, urrats handia dira Euskadiko kirolaren esparruarentzat. Kirolaren mundu zoragarrian gure ordezkarien arrakastak erakusteko erakusleihoa izango da inondik ere (https://euskalkirolatb.eus/). Orain dela zenbait hilabete hasi ziren emankizunak, eta zuzenean ikusi ahal izan dira, esate baterako, futboleko, saskibaloiko eta boleiboleko partidak, hipikako probak, karatea, taekwondoa, arku-tiroa, halterofilia, hockeya, igeriketa, arrauna edo automobilismoa. Gainera, lehen esan bezala, saio guztiz gomendagarria dago, astelehenetik ostiralera, kirol guztiei buruz jarduten duena. Bi helburu nagusi ditu proposamen horrek: batetik, Euskadiko kirolaren albisteak zabaltzea, bereziki jarraitzaile gutxien dituztenei dagokienez, eta, bestetik, gazteenak erakarri eta kirola egin dezaten bultzatzea.
Bestalde, Euskal Federazioen egoitza berria zabaldu da Anoetako estadioan, Donostian. 1.300 metro koadroko eremua da (udalaren titulartasuna du), eta hamazazpi federazio biltzen dira guztira bertan: urpekaritzako jarduerak, xakea, automobilismoa, badmintona, eskubaloia, beisbola eta sofbola, ehiza, txirrindularitza, judoa, mendizaletasuna, motoziklismoa, arrantza eta castinga, piraguismoa, arrauna, errugbia, triatloia eta bela. Unión de Federaciones Deportivas Vascas Euskal Kirol Federazioen Batasuna arduratu da egoitzak lekualdatzeaz eta bulego berriak egokitzeaz.


