2025eko irailaren 19ko epaiaren bitartez (1153/2025 zk.), Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salak pentsioen arloan garrantzi handia izango duen gai bat ebatzi du, eta doktrina finkatu du Estatuko Klase Pasiboen Legearen alarguntza-pentsioei buruz, onuradunak bi izanik, eta, ondorioz, prestazioaren zenbatekoa bien artean banatzen dutelarik, onuradunetako bat hiltzen denerako.
Epai horren bitartez, Auzitegi Gorenak mugarri bat ezarri du, eta segurtasun juridikoa eskaintzen die egoera horretan dauden funtzionarioen familiei, alargun baten kasua aztergai hartuta; zenduaren emazte ohiarekin pentsioa partekatzen zuen, eta behin emazte ohia ere hil ondoren, pentsioa oso-osorik jasotzea eskatzen zuen.
Hasiera batean, Ogasun Ministerioko Langileen Kostuen Zuzendaritza Nagusiak ukatu egin zuen eskatutako alarguntasun-pentsioa berrikusi ahal izatea, pentsioaren zenbatekoa eskatzailearekin partekatzen zuen emakumea ere hil ondoren, oinarritzat hartuta Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legeak, apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zenak, 38. artikuluan xedatzen duena eta Zuzendaritza horrek berak emandako jarraibide propioak. Haren arabera, alarguntza-pentsioa onuradun anitzen artean banatzeko ondorio-data gertaera eragilearena da; beraz, haietako edozeinen heriotzak edo pentsioa jasotzeko lege-gaitasuna galtzeak ez du aldatzen gainerako onuradunei esleitzen zaien hainbanaketa.
Bidenabar, zuzendaritza nagusi horrek berak argudiatzen zuen eskatzaileak lortu nahi zuen gehikuntza, Estatuko Klase Pasiboen arloan indarrean dagoen zuzenbidean, soilik terrorismo-ekintzen ondoriozko aparteko pentsioen kasuetarako dagoela aintzat hartuta, bai eta 851/1992 Errege Dekretuak 14. artikuluan xedatzen dituen kasuetarako ere (Gizarte Segurantzako edozein erregimen publikotan eskubiderik ez duten terrorismo-ekintzen biktimak). Hau da, berariazko lege-xedapenik ez zegoenez, ondorioztatzen zuen ezin zela aitortu eskatzaileak beretu nahi zuen eskubidea.
Ebazpen horren aurrean, eskatzaileak esaten zuen ezen, alarguntza-pentsioaren jasotzaile onuradun anitzeko egoera desagertu zenez, ez zuela zentzurik Estatuko Klase Pasiboen Legeak 38.2 artikuluan, alarguntasun-pentsioa jasotzeko eskubidea izateko baldintzei buruzkoan, xedatzen zuen banaketa-irizpideari eusteak. Artikulu horrek, besteak beste, hau ezartzen du: “Baldin eta, dibortzioa egon denean, pentsiorako eskubidea duten hainbat onuradun aldi berean badaude, pentsioaren zenbatekoa haietako bakoitza eragilearekin bizi izan den denboraren araberako proportzioan aitortuko da; nolanahi ere, ehuneko 40 bermatuko da ezkontidearen alde edo, hala dagokionean, ezkontidea ez bada ere, hiltzeko unean eragilearekin bizi zenaren alde, betiere alargun-pentsioaren onuraduna bada hurrengo 4 apartatuan aipatutako moduan”.
Auzia Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusira iritsi zen, eta Langileen Kostuen Zuzendaritza Nagusiaren antzera ebatzi zuen, esanez eztabaidaren xede nagusia zela zehaztea onuradun bat hiltzeak beste onuradunaren pentsioa dagokion proportzioan handitzea erakar ote dezakeen, indarrean dagoen legediaren arabera, Estatuko Klase Pasiboen Erregimenean alarguntza-pentsioa aldi berean onuradun baten baino gehiagoren artean banatzen den kasuan, eta ondorioztatu zuen errekurtsogileak eskatzen zuen pentsioaren “gehikuntza” ez zegoela aintzat hartuta indarreko legerian eta ezinezkoa zela, kontuan hartuta pentsioaren aitorpen-datan alarguntza-pentsioa banatzeko aplikatu behar zen irizpidea.
Kasua Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salaraino iritsi denean, hark ondorioztatu du, Lan-arloko Salaren doktrinarekin bat etorriz, Estatuko Klase Pasiboen Araubideari dagokion alarguntza-pentsioa onuradun bakar batek kobratu behar duela oso-osorik eskubide-kidea hiltzen denetik aurrera, ulertu behar baita ez dela pentsioaren gehikuntza bat, egon pentsio bakarra dagoelako, jatorriz eta osorik bizirik dirauen ezkontideari dagokiona, eta soilik beste onuradun batzuekin hainbanatu behar den kasuetan banatu behar dena araudian jasotzen den moduan.
Auzitegi Gorenaren iritzian, bizirik dirauen alargunari pentsioaren zenbatekoa osorik ez ordaintzeko arrazoia desagertu ondoren, alargunaren eskubidea jatorrizko dimentsiora itzultzen da, eta Estatuko Klase Pasiboen Legean berariazko arau-xedapenik ez egotea ez da eragozpen Estatuko Klase Pasiboen Legearen 38.2 artikulua halako moldez interpretatzeko, ezen bete egingo baita jubilatutako edo erretiroa hartutako funtzionarioen eskubide pasiboen arloko arau-hutsune hori, Espainiako Konstituzioan aipatzen den elkartasun sozialaren printzipioari jarraikiz, eta adinekoek bizimodu duina eta independentea izateko duten eskubidea bermatuta, zeina Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak bermatzen baitu.
Ondorioz, Auzitegi Gorenak Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legearen 38.2 artikuluaren interpretazio hau zehazten du: eskubide pasiboen kausatzailearen onuradun bat baino gehiago aldi berean dagoenean, dibortziatutako ezkontidearen edo egungo ezkontidearen alarguntza-pentsiorako eskubidea azkendu ondoren, bizirik dirauen eta horretarako baldintzak betetzen dituen onuradunak osorik berreskuratzen du pentsioaren zenbatekoaren jatorrizko eskubide oso-osoa eta, ondorioz, dagokion alarguntza-pentsio osoa kobratzeko eskubidea.
Andrea Fernández Pérez
Mutualiako Lege-aholkularitzako lege-teknikaria
