incapacidad temporal
Itzuli

Kontingentzia arruntak eta profesionalak estaltzen dituen erakundea aldatzearen berezitasunak aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langile autonomoen araubide berezian

Abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrak dio Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen mutua bat aukeratu dezaketela hasieran erakunde kudeatzaile bat aukeratu zuten Langile Autonomoen Araubide Bereziko langileek. Xedapen horren arabera, estaldurak erakunde kudeatzaile batekin zituzten 1998. urtea baino lehenagoko langile autonomoak behartuta zeuden kontingentzia profesionalak zein arruntak estaliko dizkien beste erakunde batera aldatzera. Xedapen iragankor hori 18/2007 Legea garatzen zuen abuztuaren 1eko 1382/2008 Errege Dekretuaren parekoa da; Errege Dekretu horrek ere behartu egiten zituen langile autonomoak Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen mutua bat hautatzera kontingentzia arruntak eta profesionalak aseguratzeko.

Orobat aurreikusten zen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ofizioz esleitu ziezaiekeela istripu eta gaixotasun profesionalen mutua bat 2008ko urtarrilaren 1erako erakunde-aldaketa formalizatu gabe zuten autonomoei. Hala ere, langile autonomoak kontingentzia arrunten eta profesionalen aseguru-erakundearen aldaketa formalizatzen ez zuen bitartean, erakunde kudeatzaileak aseguratzeko obligazioa izaten jarraituko zukeen.  

Edozein unetan egin zezakeen aukera hori langile autonomoak, lege batetik eratorritako obligazioa baitzen, baina ondoreetarako datari dagozkion berezitasun batzuekin; izan ere, langile autonomoa aldi baterako ezintasuneko egoeran legokeenean hasiko litzateke aseguru-erakunde berriaren estaldura.

Araubide orokorrean, enpresa batek kontingentzia arrunten aseguru-erakundea aldatzen duenean, aseguru-erakunde berria hasten da kontingentzia arrunten ondorioz aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langile guztiei ordaintzen eta haiei estaldura ematen, aldaketa egiten den lehenengo egunetik bertatik dituelarik ondoreak. Aitzitik, kontingentzia profesionalen ondorioz aldi baterako ezintasuneko egoeran leudekeen langile autonomoen kasuan, aurreko aseguru-erakundeak ordainketak egiteko eta osasun-laguntza estaltzeko obligazioa izaten jarraituko luke.

Langile autonomoei dagokienez, eta Gizarte Segurantzako Lan Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutuen Lankidetzari buruzko Erregelamenduaren arabera —hirugarren kapitulua Langile Autonomoen Araubide Bereziaren barruan egonik aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileentzako prestazio ekonomikoaren kudeaketari buruzkoa da— aldeak daude ondoreei dagokienez, langilea aldi baterako ezintasuneko egoeran dagoen edo ez kontuan hartuta.

Erregelamendu horren 75. artikuluak ezartzen du dagokion atxikitze-agiria sinatuta formalizatuko dela mutuarekiko harremana, eta urte natural bateko indarraldia izango duela. Aldaketa formalizatzeko unean langilea aldi baterako ezintasuneko egoeran egongo balitz, medikuaren alta gertatu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunera arte atzeratuko lirateke aukera horren ondoreak; beraz, aseguru-erakundearen aldaketa urtarrilaren 1ean gertatu beharko balitz, aldaketa hori ez litzateke gertatuko langilea medikuaren alta egoeran egon arte, eta uztekoa duen aseguru-erakundeak jarraitu beharko luke langile autonomoari estaldura ematen medikuaren altaren egunera arte, nahiz eta langile autonomoak berak formulatu erakunde-aldaketa.

Hori bera dio, besteak beste, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2021eko urriaren 5eko epaiak, abenduaren 7ko 1993/1955 Errege Dekretuaren 75.1 artikuluan oinarrituta: “gertaera eragilearen unean estaldura ematen duen erakundeari dagokio prestazioa, jurisprudentziari dagokionez zuzenbidearekin bat datorrena, ordura arte erakunde horrek jaso baititu kotizazioak; horrek gailendu behar du babestutako egoeran zehar aseguru-erakundea aldatu izanaren aurrean”.

David Erauskin Pérez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak