Kontratu osteko lehiari buruzko ituna ordenamendu juridikoko figura bat da, eta langileei lehen egiten zuten jarduera bera egitea eragozten die, lan-harremana amaitu ondoren gehienez ere bi urteko epean, lehengo enplegatzailearekin zuzeneko lehiarik ez izateko.
Kontratu osteko lehiarik ezari buruzko itun honen azken helburua da enpresak langilearen prestakuntzan eta ezagutzetan egin duen inbertsioa babestea, langileak ez ditzan erabili prestakuntza eta ezagutza horiek bere lehengo enpresa enplegatzailearen aurka lehiatzeko, modu desleialean izan ala ez. Dena dela, baldintza batzuk bete behar dira bideragarritasuna eta erabilera bermatzeko.
Langileen Estatutuaren 21. artikuluak, lehiarik ezari eta enpresan irauteari buruzko itunari buruzkoak, ezartzen du zehaztu egin behar dela konpentsazio ekonomikoa, eta hori funtsezko eta uko egin ezinezko baldintza dela.
Konpentsazioa ezin da inola ere izan anbiguoa, aldakorra edo alde bakarrak —enpresak nahiz langileak— erabakitakoa, eta egokia, argia eta enpresaren eta langilearen artean berariaz adostua izan behar du, bi aldeek itun horren ordaina jaso dezaten.
Ezaugarri horiek zorrotz bete behar dira; izan ere, jurisprudentziak deuseztzat jotzen ditu kontratu osteko lehiarik ezaren itunak, konpentsazio ekonomikoari buruzko zehaztasunik ezagatik, eta azpimarratzen du hori funtsezko eta uko egin ezinezko baldintza dela, lehen aipatutako Langileen Estatutuaren 21. artikuluaren arabera.
Enpresaren interesa egiaztatu behar da, lan-jardueratik bereizi behar da, ezin da izan sinbolikoa edo arbitrarioa, eta, behin baino gehiagotan adierazi den bezala, interes horrek argia eta frogatzeko moduan hitzartua izan behar du.
Irizpide horiek betetzen ez baditu, ituna baliogabetu egiten da eta ezin da hura ez betetzeagatiko kalte-ordainik eskatu.
Ildo horretan, adibide gisa aipatzekoa da Ceutako Lan-arloko 1 zenbakiko Epaitegiak berriki emandako epai bat. Epai horrek, Auzitegi Gorenaren 2023ko abenduaren 14ko epai bat oinarri hartuta, deuseztzat jo zuen kontratu osteko lehiarik ezaren ituna, konpentsazioari buruzko argitasun eta akordio faltagatik, eta beharrezko baldintzatzat ezarri zuen gardentasuna eta oreka izatea enpresaren interesen eta langileen interesen artean.
Azken batean, gisa horretako figura juridikoen xedea da segurtasun juridikoa ematea bi aldeei, konfiantza eta elkarrekiko errespetua oinarri dituzten lan-harremanak sustatuz, eta berretsiz lehiarik ezari buruzko itunek gardenak, orekatuak eta zorroztasunez formalizatuak izan behar dutela, enpresaren interesa eta langileen eskubideak errespetatuz.
David Erauskin Pérez
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko letradua
