
BETETZEN AL DITU LANGILE AUTONOMOEN JARDUERA UZTEAGATIKO PRESTAZIOA ESKURATZEKO BETEKIZUNAK ORDAINTZEKE ZEUDEN KUOTAK JARDUERA UTZI ETA GERO ORDAINTZEN DITUENAK?
Kontsultan planteatzen den kasuan, langile batek ordaindu gabe zituen aurreko zenbait hilabeteri zegozkien kuotak Langile Autonomoen Araubide Berezian bere jardueraren etete-datan. Planteatzen dena da, kuota horiek data horren ondoren ordainduz gero, langileari eskubidea aitortzeko betekizunak betetzen diren ala ez.
Horri dagokionez, alde batera zein bestera ebatzitako epaileen zenbait erabakiren ondoren, oraintsu, 2018ko otsailaren 13an, Auzitegi Goreneko Lan-arloko Salak epaia eman du (DBKE 844/2016). Epai horretan, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen Mutualitate batek Kataluniako Auzitegi Gorenaren Lan-arloko Salak 2015eko azaroaren 16an emandako epaiaren aurka jarritako errekurtsoa onartzen du Auzitegi Gorenak.
Eztabaidagaia da, hain zuzen, gertaera eragilearen datan eskatutako kotizazio minimoak ordainduta ez izateakzer ondorio dituen Langile Autonomoen Araubide Bereziko jarduera uzteagatiko prestazioa eskuratzeko orduan eta zer ondorio dituen data horren ostean ordaintzeak.
Abuztuaren 5eko 32/2010 Legearen 4. artikuluak eskatzen du, besteak beste, jarduera uzteagatiko babesa izateko eskubidea sorrarazteko, jarduera uzteagatiko gutxieneko kotizazio-aldiak estalita egon behar duela, gutxienez etete-egoera horren aurreko 12 hilabeteetan.
Era berean, legeak eskatzen du egunean egon behar dutela Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketek, eta, halaber, adierazten du etete-datan eskakizun hori beteko ez balitz baina estalita egongo balitz babeserako eskubidea izateko gutxieneko kotizazio-aldia, organo kudeatzaileak zor dituen kuotak ordaintzera gonbidatuko duela langile autonomoa.
Egitatezko kasuan, langile autonomo auzi-jartzaileari jarduera uzteagatiko prestazioa ukatu zitzaion 2013ko ekaineko eta uztaileko buletinak ordainduta ez izateagatik –urte hartako abuztuan ordaindu zituen–, jarduera 2013ko uztailaren 31n eten zuelarik.
Aztertu zen kontuan har zitezkeen, gabealdi espezifikoaren ondoreetarako, gertaera eragilea baino lehenagoko azken 12 hilabeteak, zeinak ez baitziren epean kotizatu, etete-dataren osteko 30 eguneko epean ordaintzeak interesdunaren kuotak egunean daudela kontsideratzea bazekarren.
Auzitegi Gorenak adierazten du ordainketa horrek ordainketa egunean izatearen betekizuna zuzentzen duela, baina horrek balioko lukeela soilik beharrezko gabealdia betez gero, eta kasu honetan ez da hori gertatzen.
Beraz, gertaera eragilearen (jardueraren etete-data) aurreko 12 hilabeteetako batean egin beharreko ordainketa egin ez den kasuetan, nahiz eta ordaintzera gonbidatzeko mekanismoen bidez ordainketa horiek etete-data baino beranduago egin ahal diren, geroago ordaintzeak ez du balio gertaera eragilea baino lehenagoko 12 kotizazio-kuotak ordainduta izatearen gabealdia betetzen dela kontsideratzeko.
Horrenbestez eta laburbilduz, gertaera eragilearen datan langile autonomoak estali gabe baldin bazuen jarduera utzi aurreko 12 hilabeteetako autonomoen kuotaren ordainketaren bat, ez luke beteko gabealdi minimoaren betekizuna nahiz eta etete-dataren ondorengo hilabeteko ordainketarako gonbidapen-epean ordaindu zorra, aipatutako epaian adierazten denez: «inoiz ere ez du ondoren egiten den ordainketak baliozkotzen gabealdia ez betetzea. Kontrakoa onartzeak pentsioen erosketa bidegabea ekarriko luke, inolako ausazkotasun-arriskurik gabe».
JOSE ANGEL MORAL
Lege-aholkularitza
