Lan-harremana amaitu ondoren, eta kontuan hartuta langileak ez zituela oporrak hartu aipatutako amaieraren aurreko hiru urteetan, zer gertatzen da hartu gabeko oporrekin? Eta preskripzioaren figura zuzenean interpretatu al daiteke?
Hasiera batean, oporrak osorik eta benetan hartu ez badira, hitzarmen kolektiboan adierazitako aldiari dagokionez edo Langileen Estatutuaren 38. artikuluan xedatutakoari dagokionez, konpentsazio ekonomikoa egin behar da, hitzarmena azkendu arte urte horretan igarotako denboraren proportzioan.
Kontuan hartuta, hasiera batean, lan-kontratutik eratorritako ekintzak hura amaitu eta urtebetera preskribatuko direla (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren 59. artikulua), kontratua azkendu aurreko azken urteari dagozkion oporrak baino ez dira ordainduko, eta aurreko urteetakoak preskribatuta egongo dira, betiere, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboak besterik xedatzen ez badu.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren (EBJA) doktrina komunitarioak, eskubide nazionalak balioetsiz eta eskubide horiek Europako zuzenbidearekin harmonizatu beharrez, erabaki du araudi nazional batek urteko opor ordainduak izateko eskubidea galtzea xedatu dezakeela legeria nazionalean ezarritako aldiaren amaieran, betiere, langileak eskubide hori baliatzeko aukera izan badu. Kontuan izan behar dugu urteko opor ordainduak izateko eskubideak garrantzi berezia duela Batasuneko gizarte-zuzenbidearen printzipio izateagatik, eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren 31.2 artikuluan berariaz onartuta dagoela.
EBJAk, C-120/21 auzian, zeina Alemaniako Estatuaren epaitu aurreko auzi batetik datorren, aztergai dugun gaian garrantzi handia duen epai bat eman zuen 2022ko irailaren 22an. Izan ere, gai horri erantzuteko, kontuan hartu behar da preskripzioa balioesteko, segurtasun juridikoko arrazoiez gain, zeinak eskubideak garaiz ez baliatzearekin batera bere oinarri baitira (eskubideez baliatzeko epea eta eskubideak erreklamatzeko epea igaro ondoren, eskubidea iraungi egiten baita), aintzat hartu behar dela, lan-harremaneko alderdien arteko aldea dela-eta, langileak eskubide hori baliatzeko aukera benetan izan duela egiaztatu beharko dela, eta enpresaburuak modu eraginkorrean eman behar duela urteko oporrak baliatzeko aukera, ahaztu gabe, beraz, dagozkion eskaintza- eta informazio-betebeharrak. Izan ere, enpresaburuak langilearen eskubideen preskripzioa argudia dezakeela onartzeak, eskubide horiek modu eraginkorrean baliatzeko aukerarik eman gabe, enpresaburua arrazoirik gabe aberastea ekarriko luke, eta hori langilearen osasuna zaintzeko helburuaren aurkakoa izango litzateke, oporrei buruzko Erkidegoko araudian onartzen den bezala.
Beraz, kasu zehatza hainbat elementuren arabera baloratu beharko da, hala nola oporrak ezarritako aldian hartu ez izanaren inguruabarrak, gai horren inguruan enpresaburuak egin duen lana edo inguruabar horri buruz jaso duen informazio-lana. Izan ere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren doktrinak zuzenean eragiten dio Langileen Estatutuaren 59. artikuluari, eta, horren arabera, posible izango da konpentsazio ekonomiko bat eskatzea azken lan-urtetik aurrera baliatu ez diren oporrengatik, baldin eta enpresaburuak ez badu jardun Goi Auzitegi honek eskatzen duen arreta sendotuarekin.
Raquel Martínez Balbas
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
