Azpikontratatutako atezainaren inguruko zor solidarioei erantzun behar die jabeen erkidegoak?
Kontsulta honetan proposatzen zaigun gaiaren arabera, ebatzi behar da ea jabeen erkidegoa enpresari kontratugiletzat jotzen den Langileen Estatutuaren 42. artikuluaren ondorioetarako eta, beraz, adierazitako aginduaren arabera erantzun beharko ote lukeen soldata-zorrengatik.
Hasteko, merkataritzaren arloko zentzu orokorrean jabeen erkidegoa enpresa ez dela kontuan hartu behar badugu ere, egia da, halaber, kontratatzeko gaitasuna duela eta enplegatzailea izan daitekeela langileen kontratazio zuzenaren bidez; esate baterako, hiri-finketako atezainak. Jabeen erkidegoaren jardunbidea enpresa txikiena bezalakoa da, eta, bertan, auzokideen premiak estaltzea da haien ekoizpen-jarduera. Horretarako, bizileku duten eraikinaren zainketarako eta bizigarritasunerako ezinbestekoak diren zerbitzuak kontratatu eta mantentzen dituzte. Hartara, kasu honetan, atezainaren eginkizunak azpikontratatuko ez balitu, enplegatzaile zuzena izango litzateke.
Beraz, hasteko, oso kontuan hartu behar dugu erkidegoa enplegatzaile nagusia dela eta baloratu egin behar dela atezainak garatutako zereginak benetan sartuko liratekeen berezko jardueraren kontzeptuaren barruan eta, horren ondorioz, erantzukizun solidariorik edukiko lukeen erabaki beharko litzatekeela, atezaintzako jarduera hori azpikontratatzeko aukeratutako enpresak ordainduko ez balu edo agindutakoa beteko ez balu.
Horri dagokionez, Auzitegi Gorenak 2022ko maiatzaren 24ko epaian adierazten du jabeen erkidegoak enpresa nagusi moduan erantzun behar diela hark kontratatutako enpresaren zorrei.
Gorenak honako arautegi hau dauka aztergai.
Langileen Estatutuaren 2.1 artikuluaren xedatutakoaren arabera, “lege honen ondorioetarako, honako hauen zerbitzugintza jasotzen duten pertsona fisiko edo juridiko edo ondasun-erkidego guztiak izango dira enpresariak: aurreko idatz-zatian aipatutako pertsonak eta legearen arabera eratutako aldi baterako lanerako enpresek enpresa erabiltzaileei lagatzeko kontratatutako pertsonak”.
LEren 42.1 artikuluak dioenez, “euren jarduerarekin berarekin zerikusia duten zerbitzuen edo obren garapena beste batzuekin kontratatzen edo azpikontratatzen duten enpresek egiaztatu egin beharko dute kontratista horiek egunean dutela Gizarte Segurantzako kuoten ordainketa”. Gainera, 2. idatz-zatian xedatzen denez, “enpresa nagusiak, Gizarte Segurantzari begira lehen zehaztutako epearen iraupenean izan ezik, eta haien zeregina amaitu osteko hurrengo hiru urteetan, elkartasunez erantzungo die kontratistek eta azpikontratistek kontrataren indarraldian Gizarte Segurantzari dagokionez euren gain hartutako betebeharrei.”
Gorenak Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 16.5 artikulua dakar gogora, Gizarte Segurantzako Afiliazioari eta Altari dagokienez, baita artikulu horretan aurreikusitako betebeharra ez betetzean ezarri beharreko eta honako hauetan zehaztutako zigorra ere: GAAHZLren 22.11 artikulua, lege-testu beraren 23.2 artikulua eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 24. artikulua.
Kolokan jarritako 42. artikulua askotan eta askotan interpretatu da, “berezko jarduera” kontzeptu juridiko zehaztugabearen irismena zehazteko. Hori dela eta, bi doktrina-teoria daude:
a) Ekoizpen-zikloaren teoria. Horren arabera, enpresaren berezko jardueraren zirkulua zedarritzeko orduan, jendeari eskaini nahi dizkion edo merkaturatu nahi dituen berariazko ondasun edo zerbitzuen ekoizpenarekin berariazko lotura duten eragiketak edo zereginak hartzen dira kontuan.
b) Ezinbesteko jardueren teoria. Haien irismena hedatzen du bere eginkizunak behar bezala betetzeko asmoz ekoizpen-erakunde jakin batek garatu behar dituen berariazko edo ez-berariazko zereginetara.
Bi teoria horietatik abiatuta, aipatutako epaian, Gorenak ulertzen du ekoizpen-zikloarena dela eutsi beharrekoa, eta enpresa nagusiaren berezko jardueraren arlotik kanpo utzi behar direla zehaztu gabe dauden jarduera osagarriak.
Interpretazio horren oinarri moduan, azaltzen du ekoizpen-zikloko jarduerak, zirkulu horrekin berariazko loturarik ez duten ezinbesteko jarduerak ez bezala, enpresaren azken produktuan sartzen direla, zuzenean egiten direnean nahiz enpresa kontratistari agintzen zaizkionean. Hartara, justifikatu egiten da enpresa edo erakunde komitenteak ondare-erantzukizuna duela kontratan enplegatutako langileen soldatei dagokienez.
Doktrina hori defendatzeko asmoz, Gorenak zenbait epai aipatzen ditu; esate baterako, 1998ko azaroaren 24koa, 2005eko uztailaren 20koa, 2008ko urtarrilaren 23koa eta, berriena, 2017ko ekainaren 14koa.
Horren ezarpenaren arabera, argi dago jabeen erkidegoa eragile ekonomikoa dela, horrelako izaeradun jarduera duela eta, horren bidez, zerbitzuen ekoizpenean parte hartzen duela, behar besteko baliabide material eta pertsonalen bitartez, kontratazio zuzenaren edo hirugarrenen bidez. Beraz, horri esker, ulertzen da kanporatu den jarduera berezko jardueratzat hartzen dela LEren 42. artikuluaren ondorioetarako.
Jabeen erkidegoak garatu dezakeen zerbitzugintza gauzatzeko, zuzenean kontratatu dezake bere zuzendaritzaren eta antolakuntzaren arlopean arreta emango dien inoren konturako langilea, baina enpresa batekin ere hitzartu dezake zerbitzugintza hori.
Beraz, LEren 42. artikuluaren interpelazioa, berezko jarduerari dagokionez, murriztailea bada ere, bat dator ekoizpen-ziklo batean integratutako zerbitzuen kontratazioarekin, eta, kasu honetan, erkidegoa kontzeptu horren barruan dago kokatuta, erkidegoak berak zehaztu ahal izan dituenak eskaini beharko zaizkielako osagai dituen finketan bizi direnei, baina jabeei ez ezik, errentamenduen arabera bizilekua bertan finkatuta duten beste bizilagun batzuei ere bai.
Zerbitzu erkideak jabeen erkidegoarena den hiri-finkan daudela egia bada ere, jabekideak izateagatik osagai dituenen erabilera eta gozamen partekaturako dira. Dena dela, horrek ez du esan nahi zerbitzu horiek ezin direla sartu LEren 42. artikuluaren ondorioetarako ekoizpen-ziklotzat jo daitekeen horretan, jarduera bera etxebizitzen edo lokalen erabilera eta gozamena dutenen esku jartzen den neurrian. Hori dela eta, jarduera hori sartzen da azken emaitza izango litzatekeen horretan, erkidegoak bete behar dituen eskumenetako bati dagokionez, hau da, zerbitzu erkide onenerako beharrezkoak edo egokiak diren neurriak adostea, eta hori berak egin dezake zuzenean edo beste enpresa bati agindu ahal dio. Horren bidez, beraz, 42. artikuluaren helburua betetzen da, bertan enpresa komitenteak kontratako langileen soldatei begira duen erantzukizuna zehazten dela kontuan hartuta.
María José Marcilla
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
