consulta
Itzuli

Kontsulta juridiko 2022ko Urria

DISZIPLINA BIDEZKO ZEHAPENA JASO DEZAKE ZERBITZUAK TELELAN BIDEZ EMATEN DITUEN LANGILE BATEK, KONTU PERTSONALAK DIRELA-ETA EZ BERTARATZEAGATIK?

Planteatzen zaigun gaia honako hau da: lan-harremana telelanaren modalitatean ematen den kasuetan, enpresak zehatzeko ahalmena balia dezakeen ala ez, baldin eta lanaldian zehar eta justifikaziorik gabe langileak lanpostua uzten badu, eremu pertsonaleko jarduerak egiteko.

Horretarako, aztertu behar da jokabide hori Langileen Estatutuaren 54.1 eta 2 d) artikuluetan jasota dagoen ala ez. Hau da, erabaki behar da zehatze-ekintzak zilegi diren (kaleratzea barne) langilearen ez-betetze larri eta errudunen aurrean, edota kontratuko fede ona urratzean eta lanean konfiantza gehiegikeriaz aritzean.

Horrela, telelan bidezko lanaldia garatzeko figura bat sortzen da, zeinean langileak bere lanaldiari dagozkion lan-parteak eman behar dizkion enpresari, sinatuta, bertan adierazita zein izan den egindako lanaldia eta, beraz, egunero zerbitzuak zein ordutegitan eman dituen zehaztuta. Dokumentu hori emanda, langilea onartzen ari da bertan adierazitakoa guztiz egiazkoa dela, eta, ondorioz, zorrotz betetzen duela dokumentuaren helburua.

Beraz, dokumentu hori –lan-partea– enpresari eman ondoren, enpresak egiaztatzen badu langileak lantokitik alde egin duela jarduera pribatuak egiteko, enpresaren aurretiazko baimenik gabe edo ondoren jakinarazi gabe, falta bikoitza izango da langilearena. Hau da, lanpostutik alde egin izanak enpresari jakinarazi gabe (langileak lan-parteak ematen baititu, lanaldia oso-osorik egin duela adierazteko), esan nahiko luke, alde batetik, langileak lanpostua utzi duela eta ez dituela kontratuan adierazitako zereginak bete; eta, bestetik, enpresari bere lanaldiaren jardunari buruzko gezurrezko informazioa eman diola, kontratu-harremanaren funtsezko zatia izanik ere.

Horrela, bada, enpresak zehatzeko ahalmena baliatzea, zehapenen mailaketan zehapenik larrienaren alde egitera iritsita ere (hau da, langilearen diziplinazko kaleratzea), justifikatuta egon daiteke, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta, eta, beraz, neurria guztiz bidezkoa izan daiteke.

Telelanean diharduen langileak horrelakorik egiteak garrantzi berezia du, enpresarekiko mesfidantza eragiten baitu, kasu horietan zaila delako lanaldia betetzen dela kontrolatzea. Beraz, horrelakoetan, justifikatuta dago enpresak zuzenbidearen arabera zehatzea, kontratuaren fede ona urratzeagatik, eta, batez ere, lanean konfiantza gehiegikeriaz jarduteagatik, zeina agerikoa baita hemen aztertzen ari garena bezalako kasuetan.

Enpresaren zehatzeko ahalmena egikaritzea justifikatzen duen bigarren gaia honako hau izango litzateke: horrelako kasuetan, langileak justifikaziorik gabe uzten du bere lanpostua, eta ez ditu haren kontratu-xede diren zereginak betetzen. Hau da, langileak ez-betetze larria egiten du, eta horrek kaleratzea eta, ondorioz, lan-harremana azkentzea ekar dezake, betiere, behar bezala arrazoituta eta proportzionaltasuna zainduta.

Jesus M. Vicente Cuadrado


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak