Zer ondorio sortzen dira aparteko ordainsariak hilero hainbanatzeko debeku konbentzionala betetzen ez denean?
Honako hauxe da zehatz-mehatz egiten den kontsulta: nahiz eta ezarri beharreko hitzarmenean berariaz debekatu, aparteko ordainsariak hilero kobratzea (hainbanatzea) askatasunez onartu duen langileak gero enplegatzaileari erreklamatu ahal dio aparteko ordainsari horiek ordaintzeko harremana azkentzen denean?
Askotan, diruzaintzako arrazoiengatik, oro har, enpresek aparteko haborokinen ordainketa hainbanatzen dute 12 hileko soldatetan. Langileen Estatutuaren 31. artikuluan, hitzarmen kolektiboari ematen zaio aparteko ordainsariak hamabi hileko soldatatan hainbanatzea ebazteko ahalmena.
Egin zaigun kontsultan, ebatzi egin behar da zer ondorio sortzen diren ezarri beharreko hitzarmenean hainbanaketa berariaz debekatzen denean eta enpresak debeku horri jaramonik egiten ez dionean eta langileak askatasunez onartzen duenean aparteko ordainsariei dagokien zatia hilero kobratzea.
Kontsulta honen erantzuna Auzitegi Gorenak 2022ko maiatzaren 18an eman berri duen epaian aurkituko dugu. Bertan, gure kontsultakoaren antzeko kasua aztertzen da, eta aurreko epaietan, 2021-02-08koan, esaterako, horri dagokionez ezartzen zuen doktrina ñabartu du Auzitegi Gorenak.
Gorenaren ñabardura horren aurrean, hark aurretiaz aztertutako egoerak hartuko ditugu abiapuntutzat. Honako kasu hauek bereizten ziren bertan.
a) Hitzarmen kolektiboan hainbanaketa berariaz debekatzen denean eta, horrez gain, hainbanatuz gero enpresa aparteko ordainsarien ordainketatik aske geratuko ez dela berariaz xedatzen denean. Kasu horietan, salak ebatzi zuen negoziatzaileen borondatearen ondorioz ezin dela aparteko ordainsariak ordaintzeko betebeharra betetzat eman, enpresak hitzarmenean horretarako zehaztutako epealdian egin ez duelako.
b) Hitzarmen kolektiboan aparteko ordainsariak ordaintzeko betebeharraren epemuga zein den bakarrik adierazten denean, baina hainbanaketa debekatu gabe eta hainbanaketa egiteagatik inolako ondoriorik zehaztu gabe. Kasu horretan, salak ebatzi du badagoela ordaindutakoa aparteko ordainsarien kontzeptuan egozterik, guztira ordaindutako zenbatekoa kontratuan zehaztutakoarekin bat badator.
Jakina denez, honako hauxe xedatzen da Langileen Estatutuaren 31. artikuluan: “aparteko ordainsariei dagokienez, haietako bat Gabonetan ordainduko da; eta bestea, hitzarmen kolektiboaren bidez edo enpresariaren eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioaren bidez zehazten den hilabetean. Hilabete hori ekaina edo uztaila izaten da. Nolanahi ere, arau hori badago negoziaketa kolektiboaren bidez aldatzerik, legegileak baimentzen duen bakarra delako aparteko ordainsarien urteko zenbatekoa banatzeko edo hainbanatzeko erabakia hartzeko”.
Hona hemen aztergai izango dugun eta bere irizpidea aldatzen duen epaia baino lehen Auzitegi Gorenak 2021eko otsailaren 8ko epaian ezarri duen irizpidea: hitzarmen kolektiboan hainbanatzeko debeku konbentzionala ez betetzean sortutako ondorioak zein ziren azaldu ez arren, argi zegoen ohiko subjektuek urteko zenbaketan guztira 14 hileko ordainsari ordaintzeko duten borondateari eustea baino ezin zela izan ondorio hori eta, arrazoiak arrazoi, ezin zela onartu hainbanaketaren aldebakarreko ezarpenaren ondorioz itundutako arauaren beraren eraginkortasuna eta edukia hustu ahal izatea. Hori guztiori, nahiz eta enpresariak adierazi badagoela ordainketa hori aparteko ordainsarien kontzeptuan egozterik hileko soldata bakoitzean. Salaren iritziz, enpresaren aldebakarreko adierazpena ez zen nahikoa, ez ordainsariaren zati horren izaera juridikoa zehazteko ez hitzarmen kolektiboan xedatutakoaren aurkako jarduketa justifikatzeko. Hori dela eta, ezin da aparteko bi ordainsariak ordaintzeko betebeharra amaitutzat jo enpresak haien hainbanaketetan egotzitako hileko zenbatekoekin konpentsatzeagatik. Izan ere, haren ustez, aparteko ordainsariak ordaintzeko sistemaren aldebakarreko aldaketak sistemarik ez dagoela adierazi nahi du. Horregatik, onartu egin behar da langileek hilero jasotako ordainsaria aparteko ordainsariak ez beste soldata-kontzeptu batzuei dagokiela.
Hasieran aurreratu dugunez, Gorenaren irizpide hori, ordea, 1646/2020 Errekurtsoko 2022ko maiatzaren 18ko epai horretan aldatu da. Bertan, antzeko kasua aztertzen du Auzitegi Gorenak: hitzarmenean aparteko ordainsarien ordainketa hilero hainbanatzea debekatuta egon arren eta hitzarmen horretan hori ez betetzeagatik inolako ondorio juridikorik aurreikusi gabe, enpresak eta langileak hileko hainbanaketa hori hitzartu zuten inolako arazorik egon gabe, baina, kontratua amaitu zenean, langileak aparteko ordainsariak ordaintzeko eskatu zion enpresari.
Beraz, abiapuntutzat hartutako egitatezko kasuaren arabera, enplegatzaileak hilero ordaindu zuen zenbateko bat aparteko ordainsarien hainbanaketa moduan, eta langileak halaxe onartu zuen. Gainera, estalduraren ohiko testuak hilabetez hilabete hainbanatutako ordainketa hori debekatzen du, eta sei hilean behin ordaintzea erabakitzen du.
Egitate horietatik abiatuta, auzitegiak ulertzen du hileko ordainketa onartzean eta horrekin ados egotean enplegatzaileak berriro ordaintzeko duen betebeharra azkentzen dela, aitortza berriro egitearen ondorioz langilea bidegabe aberastuko litzatekeelako. Izan ere, ulertu egiten da enpresak hori betetzen ez duenean zehapen administratiboa sortzen dela eta Laneko Ikuskaritzak esku hartu behar duela, baina horren ondorioz bitasunik sortu behar ez dela aparteko haborokinak ordaintzeko orduan, hitzarmenean ez delako inolaz ere horrelaxe tipifikatzen.
Horrela, Auzitegi Gorenak aparteko ordainsarien ordainketari buruzko doktrina ñabartzen du hitzarmenean hainbanaketa berariaz debekatzen denean. Horren ondorioz, argi dio hori debekatuta egon arren, debekua ez betetzean ezarri beharreko zehapena zein den zehazten ez bada eta langileak hainbanatutako hileko ordainketa onartu badu, ezin dela zenbateko hori eskatu. Bere esanetan, lan-harremanean langileak hainbanatutako ordainsariak era baketsuan jaso dituenez, ez da haren aldeko inolako krediturik sortzen kontzeptu horrengatik, eta, hileko jasoketa hori onartu eta horrekin ados egon denez gero, enpresariaren betebehar korrelatiboa azkendu du (Kode Zibilaren 1156. eta 1126. artikuluak), aurkakoaren ondorioz langilea bidegabe aberastuko litzatekeelako.
Azken batean, epai berri horren eta gorenaren irizpide-aldaketa horren arabera, ebatz dezakegu egindako kontsultan ohiko debekua bete gabe aparteko ordainsariak hilero hainbanatu zituen enpresariari zenbateko horiek langileari berriro ordaintzeko zehapenik ezarri ezin zaiola, langileak askatasunez onartu zituelako eta, berriro ordainduz gero, langilea bera bidegabe aberastuko litzatekeelako.
María José Marcilla
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
