consulta
Itzuli

Kontsulta juridiko 2023ko Abendua

Enpresaren betebeharra al da langile guztiak trebatzea haien arlo profesionalean gerta daitekeen sexu-indarkeriaren inguruan?

kontsulta

Gizon eta emakumeen artean historikoki existitu den genero-desberdintasunaren gaitz soziala eragile sozial guztiak behartzen ari da jarduteko moduak, protokoloak, irakaskuntzak eta beste aldatzera, pixkanaka edozein desparekotasun mota desagerrarazteko neurriak ezarriz, zeren eta genero-berdintasuna, funtsezko eskubidea izateaz gain, onuragarria baita gizarte guztiarentzako eta, neurri handi batean, enpresetarako.

Esparru eta eremu askoren barruan sexu-askatasuna modu integralean bermatzeari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoan jaso zen edozein desparekotasun-mota desagerrarazten joateko hartu diren neurri garrantzitsuenetako bat, genero-berdintasunerako eta jazarpenaren aurkako trebakuntza, hain zuzen ere. Jakinekoa den bezala, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituen 901/2020 Errege Dekretuak betebehartzat ezartzen du enpresa bateko langile guztiak genero-berdintasunaren inguruan trebatzea.

Irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa argitaratu zenetik, langile guztiei sexu-indarkeriaren aurkako prestakuntza emateko betebeharra dute enpresek; horrenbestez, ondorioztatzen da enpresa guztiak daudela derrigortuta, salbuespenik gabe, era horretako prestakuntzak eskaintzera, enpresen euren bitartekoekin edo kanpokoekin. Betebehar hori jasotzen zuen dagoeneko 3/2007 Lege Organikoak, zeinaren arabera genero-indarkeria edo sexuagatiko indarkeria prebenitzeko neurriak ezarri behar baitituzte enpresa guztiek, sexu-indarkeria prebenitzeko neurriak eta beste neurri mota osagarri batzuk barne, hala nola jardunbide egokien kodeak hedatzea eta gaiari buruzko informazio-kanpainak egitea.

10/2022 Lege Organikoaren 12. artikuluaren bigarren atalak dio enpresek sentsibilizazioa sustatu behar dutela eta haien zerbitzura dauden langile guztiei eskaini behar dietela sexu-indarkerien aurkako babes integralerako prestakuntza. Emakume langileen lanpostuek dituzten arriskuak baloratzerakoan, sexu-indarkeria aintzat hartu behar dute enpresek aldibereko lan-arriskuen artean, eta horren inguruan trebatu eta informatu behar dituzte langileak.

Aurrez aipatu den bezala, enpresak berak dituen baliabideak zein kanpokoak erabil daitezke prestakuntzarako, eta, modu generikoan ez ezik, lanpostu horien esparru zehatz eta profesionalean egon daitezkeen arazoei edo arriskuei datxekien edukiak jorratu behar dituzte, lanpostu bakoitzaren arriskuen ebaluazioan sexu-indarkeriaren arriskua sartzeak prestakuntza xehetasun zehatzera eramatea eskatzen baitu eta ez gaia modu generikoan soilik lantzera.

Beraz, eta aurrez esandako guztiaren ondorioz, enpresaren betebeharra da langileak  trebatzea eta informatzea enpresak dituen lanpostuetako bakoitzean sexu-indarkeriaren ondorioz sor daitezkeen arriskuen inguruan, berak dituen bitarteko edo baliabideak erabilita edo enpresatik kanpokoak erabilita, era horretako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak kontratatuz.

David Erauskin Pérez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak