consulta
Itzuli

Kontsulta juridiko 2023ko Apirila

Aldizkako kontratu finkoen modalitatea

Aldizkako kontratu finkoen modalitateari buruz egin zaizkigun kontsultei dagokienez, Auzitegi Nazionalaren 2023ko otsailaren 21eko epaiaz arituko gara, argitzen baitu zer ezin den kontratu-modalitate horren xede izan, ez datorrelako bat haren izaerarekin eta helburuarekin.

Auzitegi Nazionalaren 2023ko otsailaren 21eko 19/2023 Epaiak ohartarazten du ikastetxe publikoek ezin dutela irakaslerik aldizkako kontratatu finkoarekin kontratatu curriculumeko jarduerak emateko.

Irakaskuntza pribatuko zentroen elkarte baten legelarien ordezkaritzak demanda bat ezarri zuen “erregimen orokorreko ikastetxe pribatuetako edo itunpeko mailarik gabeko eta dirulaguntzarik gabeko irakaskuntza arautuko ikastetxeen hitzarmen kolektibo nazionala” aurkaratzeko, hitzarmen horretako 17 bis artikulua, eta, zehazki, hirugarren atala, baliogabetzeko eskatzeko.

Hona hemen hitzarmen kolektibo horretako 17 bis artikulua:

Aldizkako kontratu finkoa. Modalitate horren pean kontratatu ahalko dira [langileak] urte-sasoiko lanak edo sasoiko ekoizpen-jarduerei lotutakoak egiteko, edo izaera hori ez duten baina, aldizkako prestazioak izanik, gauzatze-aldi benetakoak, zehatzak edo zehaztugabeak, dituztenak egiteko.

Kontratu-modalitate horretan, lanaldi osoz eta lanaldi partzialez kontratatu ahal izango da.

Hala ere, modalitate horretan ezingo da kontratatu I. Taldeko langilerikirakasleakcurriculumeko jarduerak irakasteko.

Kontratu-modalitate honen pean kontratatu ahalko da artikulu honetako lehenengo atalean azaltzen den izaera duten jarduerak gauzatzeko, hirugarren paragrafoan zehazten den salbuespenarekin, deialditik deialdirako gutxieneko epea bi hilabete badira.

Aldizkako kontratu finkoaren modalitatearen bidezko kontratazioa justifikatzen duten lanak Gabonetako, Aste Santuko eta Pazko Asteko jarduerarik gabeko egunen aurretik eta egun horien ondoren egiten direnean, enpresak aldizkako langile finkoen alta efektiboa mantenduko du aldi horietan, eta altari dagozkion eskubide guztiak izango dituzte.

Kontratua idatziz gauzatuko da, indarreko legedian zehazten diren irizpide objektibo eta formalak betez. Nahitaez egin beharko da idatziz, eta lan-jardueraren funtsezko elementuak jaso beharko ditu, hala nola jardueraren iraupena, jardunaldia eta orduen banaketa; hala ere, azken horiek gutxi gorabeherako gisa jaso ahalko dira, eta deialdiaren unean zehaztu.

Inaktibo dauden pertsonei deitzeko irizpide objektibo eta formalak enpresaren eta enpresako langileen legezko ordezkarien artean zehaztuko dituzte, adostasunez. Adostasunik ez dagoenean, lanpostuko antzinatasun handienetik txikienerako ordenan deituko zaie langileei.

Kasu guztietan, deialdia egin ahal izango da posta elektroniko bidez edo interesatuari jakinarazpen egokia egin zaiola jasota uzteko aukera ematen duen beste edozein baliabide idatziren bidez. Gutxienez jardueraren hasiera baino 7 egun lehenago egin beharko da jakinarazpena. Aurreabisua epe laburragoan egiten bada eta langileak onartzen badu, baliozkoa izango da.

Aldizkako langile finkoek ezin izango dute kalterik jasan kontziliazio-eskubideak baliatzeagatik, lanpostua gordetzeko eskubidea ematen duten absentziengatik eta legean edo hitzarmen kolektibo honetan aitortutako eskubideetan oinarrituta justifikatutako beste arrazoi batzuengatik.

Indarreko legediak hala zehazten badu, aldizkako langile finkoek eskubidea dute beren antzinatasuna lan-harremanaren iraupenaren arabera kalkulatzeko, eta ez zerbitzuak egiazki emandako denboraren arabera; horren salbuespen izango dira haien izaera kontuan hartuta beste tratamendu bat eskatzen duten kondizioak, betiere objektibotasun-, proportzionaltasun- eta gardentasun-irizpideak betetzen badira.

Enpresak aldizkako langile finkoei eta langileen legezko ordezkariei adierazi beharko die lanpostu finko hutsak daudenean, langile horiek borondatezko lanpostu-aldaketarako eskaerak egin ahal izan ditzaten, hitzarmen kolektibo honetako 26. artikuluan zehazten denez.

Ikasturtearen hasieran, enpresak langileen legezko ordezkariei helarazi beharko die, behar adinako denborarekin, urterako edo, hala badagokio, seihilekorako aurreikusten diren deialdien egutegi bat, eta aldizkako langile finkoen alta efektiboen datuak ere bai, behin gauzatzen direnean“.

Adierazitako agindua aurkaratu zuen elkarte auzi-jartzaileak, eta, zehazki, hirugarren paragrafoa: “modalitate horretan ezingo da kontratatu I. Taldeko langilerik —irakasleak— curriculumeko jarduerak irakasteko“. Demandan, argudiatu zuen debeku hori kaltegarria zela sektoreko enpresentzat. Auzi-jartzaileak gogorarazi zuen orain arte kontratazio gehienak lanaldi partzialeko kontratuen bidez egiten zirela, lanaldi zatituarekin; eta laneko erreformaren eraginez hitzarmenean modalitate hori debekatu izanak arauak aldatu zituela. Bestalde, argudiatu zuen ikasturtea amaitu ondoren udan ez dela egiten jarduerarik, eta aldizkako kontratu finkoa horregatik egokitzen dela lan-harreman horretara.

(Ikastetxe pribatuen estatuko bi patronal nagusiak bat datoz debekuarekin, eta hitzarmena sinatu zuten sektoreko sindikatu guztiekin batera).

Kontuan edukitzeko aurrekari gisa, gogora ekarriko dugu Auzitegi Gorenaren epai bat, 1994koa (14664/1994 AGEa, 1994/06/03koa; errekurtso-zk.: 3335/1992): administrazioko langileei buruzkoa da, oinarrizko hezkuntza orokorreko ikastetxeetako irakasleei buruzkoa izan gabe espezifikoki; epai horretan ezarri zen oinarrizko hezkuntza orokorreko jarduera hori jarduera iraunkorra eta ez-ziklikoa dela bere horretan, eta Estatutuaren 38. artikuluan ezartzen diren gutxieneko oporrak baino gehiago egokitzen zaizkiola.

Gerora, I. Taldeko langileak —irakasleak—, curriculumeko jarduerak irakasteko, aldizkako kontratatu finkoaren modalitatean kontratatzeko debekua jaso da hitzarmen kolektiboetan.

Auzitegi Nazionalak ezetsi egin du hezkuntza-patronal batek hitzarmen kolektiboa aurkaratzeari dagokionez egina zuen demanda, arrazoibide berdinarekin: irakaskuntza ez dela ez jarduera ziklikoa ez urte-sasoiaren araberakoa, udan ikastetxeak itxi arren. Horregatik, irakasleak ezin dira kontratu aldizkako langile finko gisa; negatiboki eragingo lieke, eta haien eskubideak nabarmen murriztuko lirateke.

Auzitegi Nazionala harago doa, eta, auzi-jartzailearen aurkarapena gaitzesteaz gain, mila euroko isuna jarri dio elkarteari “ausarkeriagatik”, nahi izateagatik “Auzitegiak legezko iruzur nabarmen bat baliozkotu dezan, ikastetxeen interes ekonomikoak eragindako langileen lan- eta ordainsari-eskubideen gainetik jarriz”.

Amaitzeko, hau dio Auzitegiak: “aldizkako kontratazio finkoaren erabilera mugatzea curriculumeko jarduerak irakasten dituzten irakasleei legezkoa da, arrazoituta dago eta proportzionala da bilatzen diren helburuekiko (esate baterako, langile horien enplegu-egonkortasuna bilatzea).”.

Epaia ez da irmoa, eta Auzitegi Gorenaren aurrean errekurtsoa aurkez daiteke.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Lotutako berriak