Ezintasun iraunkor oso kualifikatuaren % 20ko gehikuntza
Aitortzearen atzera-eragina iritsi al liteke eskatu aurreko hiru hilabeteetara edo 55 urte betetzen diren unera, une horretan igoera lortzeko baldintza guztiak betetzen badira?

Ekainaren 21eko 24/1972 Legearen 11.4 artikuluak sartu zuen % 20ko gehikuntza, eta, gaur egun, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 196.2 artikuluan txertatuta dago (8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa). Lege horren manuek, ezintasun iraunkor osoaren gehikuntza hori lortzeko adin jakin bat izateko baldintza ezartzeaz gain, interesdunak ezintasun iraunkor osoa aitortu zitzaionaz bestelako jarduera batean beste enplegu bat lortzeko zailtasunak dituela uste izatera eramaten duten beste inguruabar batzuk egotekoa ere ezartzen du.
Argi dago gehikuntza horrek ez duela prestazio berri bat eratzen, ezintasun iraunkor osoaren osagarri bat besterik ez baita; horregatik, ez du bizitza propiorik, mendekoa da, baina lege-testuak badu nolabaiteko autonomia dagokion lege-tratamenduan; izan ere, baliaezintasun-maila bat ez bada ere, ezta prestazio independente bat ere, kontua da hura eskuratzeko baldintzetan eta haren dinamikan izaera espezifikoa duela eta horrek hurbildu egiten duela haren araubide juridikoa prestazio bati dagokion araubidera, eta, horregatik, alderdi batzuetan Gizarte Segurantzaren benetako prestazio baten arauak aplikatu ahal zaizkio.
Beraz, % 20ko gehikuntza prestazio-izaerako osagarria izanik, nahiz eta prestazio bat ez izan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 53.1 artikuluan aurreikusitako araubide juridikoa aplikatu behar zaio. Izan ere, aitortzearen atzera-eragina hedatzen da eskaera egin zen dataren aurreko 3 hilabeteetara, eta, beraz, beti izango da beharrezkoa igoera hori eskatzea, eta ez da automatikoki aplikatuko adina betetzearekin, Auzitegi Gorenaren 2020ko martxoaren 22ko epaiak, 279/2020 Doktrina Bateratzeko Kasazio Errekurtsoan emandakoak, gogorarazten duen bezala.
Raquel Martínez Balbás
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua
