Zer erakunderen ardura da aldizkako langile finkoei dagokien kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasunaren prestazioa ordaintzea jarduerarik gabeko aldietan eta aseguru-erakundea aldatzen denean?

Aldizkako langile finko bati dagokion balizko kasu bat aztertuko dugu; langile hori, jarduerako aldian dagoela, kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasuneko egoeran sartu da, mutua jakin baten estaldurarekin. Eta jarduerako aldia amaitu du oraindik ere kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasuneko egoeran, eta, horrenbestez, prestazioa kobratzen jarraitu du, zuzenean mutuak ordainduta. Langilea egoera horretan dagoela, enpresak erakunde aseguratzailea aldatu du, eta estaldura beste mutua bati edo erakunde kudeatzaileari eskualdatu zaio. Kasu horretan, planteatzen da ea zer erakundek arduratu behar duen prestazioa ordaintzeaz.
Ondorio horietarako, bi soluzio posible egongo lirateke: prestazioa hasi zuen erakundearen kontura jarraitzea ordainketak, deialdi berria egin arte; une horretan, enpresak arduratu beharko luke ordainketa eskuordetuaz. Edo, bestela, erakunde berria arduratzea ordainketaz.
Duela gutxi planteatu eta ebatzi da kasu hori Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiaren bi epaitan (946/2023 zk.-ko epaia, martxoaren 28koa, eta 880/2023 zk.-ko epaia, martxoaren 22koa), zeinek auzitegi horretako lehenagoko epai bati (3107/2022 zk.-ko epaia, urriaren 18koa) egiten baitiete erreferentzia. Epai horretan, hau argudiatzen da:
“Aldizkako prestazioa eta harreman mugagabea dituen kontratu honen izaera bereziak (finko aldizkakoa) erakunde kudeatzailearen zentsura juridikoa atzera botatzera eraman gaitu, areto honen iritzian IV. aretoaren doktrina judiziala (aseguramendu-batasunaren eta -integritatearen printzipioa) aplika baitakieke mota horretako langileei, estaldura-aldaketa jarduerarik gabeko aldian gertatzen den ala ez alde batera utzita.“
“Aldizkako langile finko bat da, mutuarengandik jasotzen zuena aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoa, hura baitzen erakunde aseguratzailea baja eragin zuen gertaeraren unean. Lan-harremana ez da iraungi; eten egin da, jarduera bera eten delako, aldizkako langile finkoa baita. Kasu hori ez da bateragarria lan-kontratua iraungitzen den kasuekin. Dagokigun kasuan, kontuan hartu behar da aseguramendu-batasunaren eta -integritatearen printzipioa, zeinaren helburua baita laguntza zenbait mutuaren artean banatu dadin saihestea, eta ez ditu kanpoan uzten estaldura-aldaketaren unean aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden baina enpresako plantillan jarraitzen duten langileak… eta dagokigun kasuan enpresak mutua aldatu zuen unean auzi-jartzailearen kontratua ez zegoenez iraungita (etenda zegoen kanpaina amaitzearen ondorioz, harik eta hurrengo denboraldia hasi bitartean), aseguramenduaren ardura hartu duen mutua berriak (aztertutako epaietan, GSIN) hartu behar du langile guztien ardura, eta hari dagokio auzi-jartzailearen aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa ordaintzea, langile guztien aseguramendua hasi duen unetik“.
Beraz, hau da planteatutako galderaren soluzioa: lan-kontratua etenda duten eta kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa kobratzen ari diren aldizkako langile finkoen kontingentziaren erakunde aseguratzailea aldatzen denean, erakunde aseguratzaile berrian sartzen dira langile horiek, eta erakunde horrek ordaindu behar du prestazioa, zuzeneko ordainketa bidez.
Jesus M. Vicente Cuadrado
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
