consulta
Itzuli

Kontsulta juridiko 2023ko Maiatza

Frankiziapeko merkataritza-klinika batean langile autonomo ekonomikoki mendeko gisa (LAEM) lan egiten duten odontologia-arloko espezialistak. Besteren konturako langile gisa hartu beharko lirateke?

kontsulta

20/2007 Legearen 11. artikuluaren arabera (Langile Autonomoen Estatutua) eta 197/2009 Errege Dekretuaren 1. eta 2. artikuluen (garapeneko araudia) arabera, langile autonomo ekonomikoki mendekoa (LAEM) da jarduera ekonomiko edo profesional bat irabazi-asmoz, ohikotasunez, pertsonalki, zuzenean eta nagusiki pertsona fisiko edo juridiko batentzat −bezeroarentzat− egiten duen pertsona fisikoa. Ekonomikoki mendeko diren langile autonomoek pertsona fisiko edo juridiko horrekiko mendekotasun ekonomikoa dute, haiengandik jasotzen baitute langile autonomo gisa egiten duten jardueraren errendimendutik lortutako diru-sarreren % 75, gutxienez. Autonomia funtzionalaren eta mendekotasun ekonomikoaren baldintzez gain, beste baldintza batzuk ere aldi berean bete behar dira. Hala, baldintza hauetako bat betetzen ez bada, ez dira LAEM gisa hartuko:

  1. Bere kargura besteren konturako langilerik ez izatea eta jarduera hirugarrenekin ez kontratatzea edo azpikontratatzea, ez ekonomikoki mendeko den bezeroarekin kontratatutako jardueran, ez beste bezero batzuekin kontrata ditzakeen jardueretan.
  2. Jarduera modu bereizian egitea, bezeroaren konturako edozein lan-kontratupean zerbitzuak eskaintzen dituzten langileekiko.
  3. Jarduera aurrera eramateko beharrezkoak diren ekoizpen-azpiegitura eta material propioak izatea, bezeroak dituenekiko independenteak, baldin eta jarduera horretarako garrantzitsuak badira ekonomikoki.
  4. Jarduera antolakuntza-irizpide propioekin aurrera eramatea, bezeroak eman ditzakeen jarraibide teknikoak gorabehera.
  5. Jardueraren emaitzaren araberako kontraprestazio ekonomiko bat jasotzea, bezeroarekin hitzarturikoan oinarrituz, bere gain hartuz jarduera horre arriskua eta mentura.

Bistan denez, Langileen Estatutuaren 1.1 artikuluan zehazten den lan-harremana egoteko (enplegatzailearen antolakuntza- eta zuzendaritza-esparruan besteren kontura ordainpeko zerbitzuak borondatez eskaintzen dituena), banan-banan aztertu beharko da kasu bakoitza. Alegia, kasuz kasu begiratu beharko da ea betetzen diren langile bat Mendeko Langile Autonomoen Araubide Berezira atxikitzea ahalbidetzen duten baldintzak.

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak berriki emandako epai batek (33/2003 epaia, urtarrilaren 17koa) ontzat eman du klinika odontologiko batek aurkezturiko doktrina bateratzeko kasazio errekurtsoa (3291/20). Klinika horretako langileak Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) alta emanda zeuden.

Egitatezko kasuan, aztertzen da ea enpresa ezagun baten (VITALDENT) frankiziapeko merkataritza-klinika batekin lotura duten odontologoek enpresa horrekin lan-harremanik duten ala ez, eta, beraz, ea Langile Autonomoen Araubidera atxikita egotea zuzenbidearen araberakoa den ala ez.

Epai horretan, xehe-mehe aztertzen dira profesional horien autoantolakuntza adierazten duten ezaugarriak, eta, hala, bereizi egiten da epai horretan ez bezala lan-harremana dagoela ondorioztatu izan duten epai judizialetatik.

Aztertutako premisa faktikoan aldi berean ematen diren inguruabar hauek hartzen ditu kontuan epaiak, kasu honen lan-izaera destipifikatzen duten ezaugarri gisa:

  • Aldeen arteko kontratu idatzi bat dago, eta ez da antzeman kontratu horretatik bereiztea adieraziko lukeen portaerarik edo errealitaterik.
  • Ez da egiaztatu mendekotasunik, askatasuna baitago jardueraren egunak eta ordutegiak zehazteko.
  • Eskainitako zerbitzuetatik eratorritako fakturazioaren ehuneko bat jasotzen da, baina ordaindua ez izateko arriskua hartuz.
  • Profesional bakoitzak kanon bat ordaintzen dio klinikari haren instalazioak erabiltzeagatik.
  • Profesional bakoitzak zehazten ditu prezioak, frankizia-emaileak gutxi gorabeherako gida bat duen arren.
  • Fakturaziotik ehuneko bat kentzen da frankiziapeko enpresak utzitako material eta bitarteko pertsonalengatik.
  • Klinikak ez du zuzendaritza medikorik, eta odontologoek ez dute lanak banatu edo ikuskatzen dituen goragoko organorik.

Edonola ere, Salak argi eta garbi esaten du doktrina hori ezin dela orokortu frankiziapeko hortz-klinika guztietara, ez eta VITALDENTen frankiziapeko guztietara ere, baizik eta kasu honetan ematen diren ezaugarri berak dituztenetara bakarrik.

Jon Careaga Correa


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak