Lanaldi partzialean lan egindako egunak lanaldi osoko egun gisa konputatzen dira erretiroko prestaziorako, ala partzialtasun-koefizientea aplikatzen zaie?
Konstituzio Auzitegiak, 2019ko uztailaren 3ko epaian (688-2019 zenbakiko konstituzio-kontrakotasuneko barne-arazo bati dagokio, zeina Konstituzio Auzitegiaren Bigarren Salak planteatu baitzuen hau zela eta: ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak (RCL 1994, 1825) onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 1 ataleko hirugarren erregela, c) letra; zehazki, manuari abuztuaren 2ko 11/2013 Errege Lege Dekretuaren 5.2 artikuluak emandako erredakzioa, zeina baita lanaldi partzialean diharduten langileak babesteko eta arlo ekonomiko eta sozialeko premiazko beste neurri batzuetarako), planteatzen zuen diskriminatzailea ote zen partzialtasun-koefizientea aplikatzea gabealdia kalkulatzean, zegokion erretiro-prestazioa eskuratzeko.
1994ko GSLOn (RCL 1994, 1825) —indarrean den 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuan bezala (RCL 2015, 1700 eta RCL 2016, 170)—, erretiroko pentsioaren zenbatekoa bi faktoreren arabera zehazten da: oinarri arautzailea eta kotizazio-aldia, zeinak balio baitu orobat oinarri arautzailearen gain ehuneko bat zehazteko, zeinaren bidez lortzen baita kobratuko den zenbatekoa (120.2 artikulua, 1994ko GSLO (RCL 1994, 1825).
Lanaldi osoan diharduten langileen kasuan, kotizazio-aldia urtetan eta hilabetetan kontatzen da (161.1 eta 163 artikuluak, 1994ko GSLO (RCL 1994, 1825), koefizienterik edo formula murriztailerik aplikatu gabe. Hamabost urteren buruan, prestazioa jasotzeko eskubidea eskuratzen da, oinarri arautzailearen ehuneko 50ean [161.1.b) artikulua], eta, handik aurrera, kotizatutako denboraren araberako portzentajea handituz doa, ehuneko 100era iritsi arte, gehieneko mugara heldu arte alegia, salbuespen gutxi batzuk kenduta.
Lanaldi partzialean diharduten langileen kasuan, aldiz, zazpigarren xedapen gehigarriak murrizketa bat aurreikusten du kotizazio-aldian; 1994ko GSLO (RCL 1994, 1825) (11/2013 Errege Lege Dekretuak emandako erredakzioa (RCL 2013, 1211)). Bi alderditan egiten du. Lehenbizikoan, prestaziorako irispidea ematen duen 15 urteko gutxieneko denbora bete den zehazteko. Alderdi hori ez dugu kontuan hartuko prozesu honetan. Bigarrena, hemen dagokiguna alegia, oinarri arautzailearen gaineko portzentajea finkatzeko kotizazio-aldiaren kalkuluari dagokio. GSLOren zazpigarren xedapen gehigarriaren hirugarren erregelak, c) letrak, hau agintzen du: (i) bigarren erregelako, a) letrako, bigarren paragrafoari jarraikiz, kotizatutako urte eta hilabeteei “partzialtasun-koefizientea” aplikatzea, zeinaren bidez ehuneko bat esleitzen baitzaio lanaldi partzialeko aldi bakoitzari, pareko lanaldi osoko langile baten lanaldia aintzat hartuta, eta horri, “hala badagokio, lanaldi osoan kotizatutako egunak” gehitu; (ii) horren emaitzari, berriz ere hirugarren erregelako c) letraren arabera, 1,5eko koefizientea gehitzen zaio, eta, “nolanahi ere, ateratzen den egun-kopurua ezingo da izan partzialki altan egondako aldia baino handiagoa”.
Konstituzio Auzitegiaren aburuz, batetik, kotizazio-aldia finkatzean tratu-aldea dago, batzuentzat modu naturalean, denbora errealaren arabera (lanaldi osoan diharduten langileak), eta beste batzuentzat artifizialki, balio murriztaile batetik abiatuta (lanaldi partzialean diharduten langileak); bestetik, horrela ezarritako metodoak, batez ere, laneko bizitza osoan partzialtasun-ehuneko txikiena duten langileak zigortzen ditu, hau da, lan-merkatuko mailarik ahulenean daudenak.
Aipatutako epai horretan konstituzio-kontrako eta baliogabe jo zen “de jubilación y” tartekia, zeina hemen agertzen baita: ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak (RCL 1994, 1825) onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 1 apartatuko hirugarren erregelako lehen paragrafoa, c) letra, manuari abuztuaren 2ko 11/2013 Errege Lege Dekretuaren (RCL 2013, 1211) 5.2 artikuluak emandako erredakzioan, zeina baita lanaldi partzialean diharduten langileak babesteko eta arlo ekonomiko eta sozialeko premiazko beste neurri batzuetarako. Lanaldi partzialeko langileen erretiro-pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko partzialtasun-koefizientearen aplikazioa zehazten duen heinean, eta, hala, partzialtasun-koefizientea ehuneko 67 baino txikiagoa denean, 1,5eko koefizientearen bidez konpentsatzen ez denez, pentsioaren zenbatekoa proportzionalki murrizten da oinarri arautzailearen azpitik. Oinarri arautzailearen ondorio murriztaile horrek, zeharka, diskriminatu egiten ditu prestazioa eskuratzeko aukera ematen duen hamabost urteko gutxieneko denbora dutenak, sexua dela eta, eta hori galarazia dago (EK (RCL 1978, 2836),14. artikuluaren bigarren tartekia; beraz, 1994ko GSLOren (RCL 1994, 1825) zazpigarren xedapen gehigarria aplikatzen zaien lanaldi partzialeko langileen erretiro-pentsioen zenbatekoa zehazteko, ez da kontuan hartu behar aipatutako partzialtasun-koefizientea, hau da, ez da aplikatu behar haren ondoriozko murrizketarik.
Gai horretatik abiatuta, GSINk zenbait irizpide hartu zituen epai horretatik eratorritakoa betetzeko, eta 11/2013 Errege Lege Dekretuaren 5.2 artikuluaren erredakzioa aldatu zuen.
Adierazitako galderei dagokienez, eta Konstituzio Auzitegiaren irizpideari eta 11/2013 Errege Lege Dekretuaren 5.2 artikuluari jarraituz, lanaldi partzialean lan egindako egunak lanaldi osoko egunak bezala zenbatuko dira.
David Erauskin Perez
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua
