consulta
Itzuli

Kontsulta juridiko 2023ko Urria

Langile autonomo batek galdetzen du ea aukerarik duen bere negozioaren kudeaketa-lanarekin jarraitzeko, bere ohiko lanbiderako ezintasun iraunkorra izanik, baja mediko bat hastean prestazioak bateraezinak direla ebatzi delako.

kontsulta

Autonomoen Araubide Berezian, baita Araubide Orokorrean ere, ezintasun iraunkor osoa emateak langilea ezgaitu egiten du bere lanbideari atxikitako eginkizunak betetzeko. Aztertutako kasuan, langileak, ezintasuna jaso ondoren eta hilabete batzuetako lan-jardunaren ondoren, baja-aldi bat hasi zuen, zeina luzatzen joan baitzen; ulertzen da bajak ez duela ondorio ekonomikorik, prestazioen arteko bateraezintasuna dagoelako.

Langileak ezintasun iraunkorra esleitua zueneko lan-jardueraren pare-pareko testuinguru batean garatzen da baja medikoaren administrazio-egoera. Kasu honetan, langilea pintorea da, eta baja medikoaren unean adierazten du kudeaketa-funtzioak soilik betetzen dituela, hala nola bezeroei bisitak eta aurrekontuak egitea, baina ez dituela zehazki pintatzeko lanak egiten.

Auzi hori ebatzita dago gure auzitegietan, kudeaketa- eta administrazio-eginkizunak pintore autonomoen funtzioen artean dauden ala ez argitzeari dagokionez: adierazi izan da ezen lanbide horrek, pintatzeko lanak ez ezik, barne hartzen dituela halaber langileak bere enpresaren kudeaketaren esparruan egiten dituen lan gehigarriak. Hala, bateraezintasuna lanbide osoari dagokionez ezarri behar da, baita lan autonomoak inplizituki dakartzan kudeaketa-lanei dagokienez ere.

Horrelako kasuetan baloratu eta kontuan hartu beharreko arrazoibidea araubide berezi bat izatearekin lotuta daude, elementu bereizgarri garrantzitsu bat baitago Araubide Orokorrarekin alderatuta, mendekotasuna, alegia. Izan ere, Araubide Berezian, altan dagoen langilea ez da mugatzen lan fisikoa egitera, definizioz mendekotasun-araubidean ez dagoenez —besteren konturako lan-kontratuei dagokien bezala—, bere lanbidean sartzen direlako halaber enpresa-jardueraren berezko beste funtzio desberdin eta askotariko batzuk. Adibidez, ardurapean duen negozioaren administrazioa eta kudeaketa, salgaiak jasotzea, produktuen salerosketa, bezeroei bisita egitea… Ahaztu gabe ezintasun iraunkor eta osoagatiko pentsioa, izatez, jasotzen ez den soldataren ordezko errenta bat dela, hala ez balitz bikoiztasun ekonomiko batean geundekeelako: prestazioa eta soldata.

María Urizar Pérez 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua   

Lotutako berriak