consulta
Itzuli

Kontsulta juridiko 2023ko Urtarrila

Hilean 60 ordu baino gutxiagoko lanaldia duten etxeko langileen enplegatzaileek badute obligaziorik/erantzukizunik Gizarte Segurantzari kuotak ordaintzeko?

Planteatzen den kasua hauei buruzkoa da: hilean 60 ordu baino gutxiago lan egiten dutela-eta enplegatzailearekin adostutakoaren arabera kuotak ordaintzeko subjektu erantzulearen izaera hartu zuten langileak.

 

2023ko urtarrilaren 1ean, langile horiek kuotak ordaintzeko subjektu erantzule izateari utzi diote, eta enplegatzaileak hartu du izaera hori, Sistema Berezi honetan dauden gainerako langileen kasuan bezala. 

Ez da jarduketa berezirik egin behar kuotak ordaintzeko subjektu erantzulea aldatzeko. Aldaketa hori ofizioz egingo du Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak; baja bat egingo da 2022ko abenduaren 31n, eta alta bat, KKK berean, 2023ko urtarrilaren 1ean. Egoera horrek eragiten dien enplegatzaileek, baldin eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari oraindik ez badiote jakinarazi kuotak zein banku-kontutatik ordaindu behar diren kontuan zordunduz, 2023ko urtarrilaren 31ra arteko epea dute jakinarazteko. Jakinarazi ezean, eta, horren ondorioz, kontuan kargatzeko modalitatea aplikatu ezin bada, ordaindu gabeko kuotei dagozkien zorren agiriak sortuko dira. 

 

Arau-aldaketa hori irailaren 6ko 16/2022 ERREGE LEGE-DEKRETUAN jasotzen da, zeina etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak hobetzekoa baita, eta Etxeko Langileentzako Sistema Berezi horretan lehen aldiz sartu da Langabeziarako eta Soldatak Bermatzeko Funtserako Kotizazioa.

Langabeziarako eta Soldatak Bermatzeko Funtserako kotizazioa 2022ko abenduan egingo diren kuoten likidazioetan sartuko da lehen aldiz, eta 2022ko azaroko likidazio-aldiari dagokio. 2022ko urriko likidazio-aldiari dagokion Langabeziarako eta Soldatak Bermatzeko Funtserako kotizazioa likidazio osagarri gisa sartuko da 2023ko urtarrilean egingo den kuota-likidazioan. Horrenbestez, 2023ko urtarrilean likidatuko dira 2022ko abenduko kuota guztiak, barne direla Langabeziarako eta Soldatak Bermatzeko Funtsari dagozkionak eta kontingentzia horiengatiko 2022ko urriko kuotak. Edozein kasutan, Langabeziarako eta Soldatak Bermatzeko Funtserako kotizazioari 16/2022 LEDak aipatzen duen % 80ko hobaria aplikatuko zaio. 

Susana Castaños del Molino


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Lotutako berriak