consulta
Itzuli

Kontsulta juridiko 2023ko Uztaila

Lan egin dezake adingabe batek?

kontsulta

Enpresa askok, eskulan kualifikatua falta dela ikusita, adingabeen ikastetxeetara jotzen dute nolabaiteko kualifikazioa duten eta beren jarduerari dagozkion lanak egin ditzaketen eskulangileen bila. Behar duten eskulan-profila aurkitu ondoren eta hura kontratatzeko interesa pizten zaienean, zalantza sortzen zaie, ez baitakite ziur adingabeak kontratatu ditzaketen eta zer baldintzatan egin beharko litzatekeen.

Galdera hau sortzen zaigu lehenik eta behin: Espainian legezkoa da adingabeek lan egitea? Langileen Estatutuaren 6. artikuluan zehazten denez, lanerako gutxieneko adina 16 urte da, oro har. Izan ere, adin horretatik beherakoek ezingo dute lan egin gurasoen baimena edukita ere, salbuespen bakan batzuetan izan ezik. Horietako salbuespenetako bat dira ikuskizun publikoetan lan egiten duten 16 urtetik beherako adingabeak; halakoetan, dagokion lan-administrazioko agintaritzaren aurretiazko baimena behar da.

Bigarrenik, beste galdera hau sortzen zaigu: nork sinatu behar ditu edo sina ditzake adingabeek lan-zerbitzuak eskaintzeko kontratuak? Bereizi beharko dugu adingabeak 16 urte baino gehiago dituen eta modu independentean bizi den edo emantzipatuta dagoen. Kasu horietan, berak sina dezake, eta gurasoen edo legezko tutoreen baimena baino ez da beharko. 16 urte baino gutxiago dituzten adingabeen kasuan, haien gurasoek edo legezko tutoreek (pertsona fisikoa edo adingabearen tutoretza duen erakundea) sinatu beharko dituzte kontratuak.

Lehenengo bi galderen erantzuna azaldu ondoren, adierazi behar dugu adingabeen lanak baldintza jakin batzuk bete behar dituela, eta jarduera batzuk debekatuta dauzkatela.

Lanerako baldintza bereziei dagokienez, jakin beharrekoa da ezin dutela gauez lan egin eta ezin dutela aparteko ordurik ezta 8 ordutik gorako lanaldirik egin ere (8 ordu horien barruan sartzen da prestakuntzari eskaintzen zaion denbora); jardunaldia 4,5 ordutik gorakoa bada, gutxienez 30 minutuko atsedena egin beharko dute, eta asteko atsedenak 2 egunekoa izan behar du (elkarren segidakoak izan behar dute 2 egunok).

Halaber, adingabeentzat debekatutako lan batzuk ere badaude; alderdi horri dagokionez, 94/33 EEE Direktiba aplikatu behar da, ekainaren 22koa, adingabeen kontratazioa debekatzen duena kasu hauetan:

Objektiboki haien gaitasun fisiko eta psikologikoak gainditzen dituzten lanak.

Agente toxiko eta kantzerigenoekiko eta alterazio genetiko hereditarioak eragiten dituzten agenteekiko esposizioa dakarten lanak.

Erradiazioekiko esposizio kaltegarria dakarten jarduerak.

Gazteen kontzientzia, esperientzia eta prestakuntza falta dela-eta identifikatu edo prebenitu ezin dituzten istripuen arriskua duten egitekoak.

Hotzarekiko, beroarekiko, zaratarekiko edo bibrazioekiko esposizioa dela-eta gazteen osasuna arriskuan jartzen duten jarduerak.

Bestalde, 1957ko uztailaren 26ko dekretua dago, adingabeen eta emakumeen lanen mugaketak ezartzen zituena. Gaur egungo lege-egoeraren arabera interpretatu behar da, eta, beraz, sexuagatiko desberdintasunak ezabatu egin behar dira, baina adingabeentzat debekatutako jarduerak adierazten dira dekretu horretan:

  1. Hala, adingabeen lana 236 jardueratan debekatzen da. Araura bertara jo daiteke jarduera zehatzak zein diren jakiteko, zerrenda luzea baita hemen jartzeko.

2.- Ez du baimentzen makina edo mekanismo arriskutsuak koipeztatzea, garbitzea eta konpontzea.

3.- Istripuetarako arrisku nabarmena duten makina, gailu eta tresnak erabiltzea debekatzen du, arriskua erabat baztertzen duen segurtasun-gailurik izan ezean.

4.- Lau metrotik gorako altuerako lanak debekatzen dira, zoru egonkor eta jarraituaren gainean eta behar bezala babestuta egiten direnean izan ezik.

5.- Gehiegizko ahalegin fisikoagatik edo langileen egoera pertsonaletarako kaltegarriak izateagatik langileen osasunerako desegokiak diren lanak debekatzen dira.

6.- Dekretuan pisuari eta lan-motari dagokienez ezartzen diren mugak gainditzen dituzten zamak bultzatzeko, arrastatzeko eta garraiatzeko lanak debekatzen dira. 

7.- Lantokian toxikoen edo hauts-substantzia kaltegarrien lurrun edo emanazioak eta sute- eta leherketa-arriskua dutenak baldin badaude, adingabeentzat debekatuta egongo da lan horiek egitea, eta debekatuta edukiko dute, halaber, baldintza horietan lan egiten den lantokietan egotea.

Adingabea kontratatu ondoren, enpresariak prebentziozko jarduketa bat egin beharko du: adingabeek dituzten arriskuen ebaluazio espezifikoa. Ebaluazio horretan, kontuan hartu beharko dira haien lanpostuari dagozkion arriskuak eta laneko giroa, lantoki osoari dagokionez, eta arrisku posibleen berri eman behar zaie adingabeari eta haien guraso edo legezko tutoreei.

Azkenik, enpresentzat oso garrantzitsuak dira adingabeak kontratatzeari buruzko arauak ez betetzetik edo urratzetik eta laneko segurtasunari eta prebentzioari buruzko arauak ez aplikatzetik eratorritako ondorio posibleak.

Enpresa batek legezko baldintza horiek bete gabe kontratatzen badu adingabe bat, Lan-arloko arau-hausteei eta zigorrei buruzko Legearen 8.4 artikuluaren arabera arau-hauste oso larria izango da, eta 7.501 €-tik 225.018 €-ra bitarteko zigorrak eragin ditzake. Era berean, adingabeen osasuna eta segurtasuna babesteari dagokion araudia ez aplikatzeak eragiten badu ez-betetzea, zigorra oso larritzat joko da Lan-arloko arau-hausteei eta zigorrei buruzko Legearen 13.2 artikuluaren arabera, eta zigorra 49.181 €-tik 983.736 €-ra bitartekoa izango da.

Jesus M. Vicente Cuadrado  


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Lotutako berriak