Kotizatutzat jotzen al da Covid-ak eragindako ABEEE-aren ondorioz eta ezinbestean langabezia-prestazioa jasotako aldia, baldin eta beste langabezia-prestazio bat jaso nahi bada?

Zalantzarik gabe, gai honek Gizarte Segurantzaren onuradun ugariri eragiten die, COVID-19ak eragindako pandemiak izan zuen hedadura dela eta. Horregatik, erantzun bat emateko, COVIDaren ondoriozko langabezia-prestazioak arautzeko lege berezia eta Gizarte Segurantzak prestazio horretarako dituen arau orokorrak aztertu eta interpretatu behar dira.
Langabezia-prestazioen iraupenari buruzko arau orokorra hemen dago jasota: urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 269. artikulua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) testu bategina onesten duena.
Lehen apartatuan, langabezia-prestazioaren iraupenari aplikatu beharreko eskala dago; horretan, legezko langabezia-egoeraren aurreko 6 urteetako okupazio kotizatuaren aldiak hartzen dira kontuan.
Bigarren paragrafoan ezartzen da ezin direla kontuan hartu aurretik beste eskubide bat onartzeko aintzat hartutako kotizazioak, ezta ere erakunde kudeatzaileak egiten dituenak —edo enpresak, hala badagokio— prestazioa ordaintzen den bitartean.
Jurisprudentziak funtsezko termino bat interpretatu du: “lanean benetan aritzea”. Horren bidez, prestaziorako eskubidea izateko kontuan hartu beharreko aldiak baloratzen dira, ulertzen baita eskubide hori lana eta kotizazioa daudenean sortzen dela eta ez dela nahikoa kotizazio hutsa; hau da, kotizatzearekin batera, lana egin ere egin behar da. Zerga-sistema horren ardatza da lanak eta kotizazioak eratzen dutela lanaren gabezia ordezten duen prestazioa.
COVID-19aren ondoriozko langabezia-prestazioa erregulatzeko ezarritako arau bereziak aztertu behar ditugu; bereziki, martxoaren 17ko 8/2020 Errege Lege Dekretuaren 24. artikulua. Horren arabera, COVID-19ari lotutako arrazoi ezinbestekoen ondoriozko kontratu-eteteei eta jardunaldi-murrizketei dagozkien espedienteetan enpresa salbuetsi egitenda GSLOren 273.2 artikuluan aurreikusitako enpresa-ekarpena ordaintzetik, bai eta baterako diru-bilketako kontzeptuengatiko kuotak ordaintzetik ere. Eta hori guztia berretsi zen irailaren 29ko 30/2020 Errege Lege Dekretuan, zeinean aldi hori benetan kotizatutzat jotzen baita ondorio guztietarako, aldez aurretik adierazitako artikuluan bezala.
Fikzio horren irismena zehazteko, Auzitegi Gorenak 2023ko azaroaren 16ko epaian (doktrina bateratzeko 5326/2022 kasazio-errekurtsoa) erabaki du legegileak hau esan nahi izan duela araudi berezi horretan: langileari ez dio kalterik eragin behar COVIDaren ondoriozko lan-etenaren edo jardunaldi-murrizketaren ondoriozko langabezia-pertzepzioetan enpresa-kuota ordaintzearen salbuespenak. Arau horren xedea da enpresa-kuotaren salbuespenagatiko ondorio juridikoak erregulatzea eta, horretarako, langabezia-aldi hori benetan kotizatutzat jotzen jarraitzea, enpresa-kotizaziorik gabeko alditzat jo ez dadin.
Auzitegi Gorenaren arabera, arau bereziak ez du eragiten COVIDaren ondoriozko langabezia-prestazioak aurreikusitakoak baino onura gehiago ekar dezakeen erregelarik, eta ez du GSLOn jasotakoa baino eskubide zabalagorik eta haren bestelakorik eragin nahi; aldiz, araudi arruntean onartutako estatutu juridiko bera mantendu nahi du langilearentzat, langabezia-aldian enpresa-kotizaziorik izan ez arren.
Lan-zerbitzuak denbora-tarte jakin batez benetan gauzatu izanak bakarrik sor dezake prestaziorako eskubidea. Legegileak beste zerbait adierazi nahi izan balu, berariaz jaso behar zukeen. Beraz, erantzuna hau da: ezin da luzatu langabeziagatiko prestazioa jasotzeko aldia.
Raquel Martínez Bálbas
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
