consulta
Itzuli

Kontsulta juridiko 2024ko Maiatza

Lanez kanpoko istripu bat gertatzen denean, enpresaburuak alta emateko eta kotizatzeko betebeharrak bete ez baditu eta kaudimengabea bada, nork du aldi baterako ezintasunagatiko subsidioa ordaintzearen erantzukizuna?

kontsulta

Langilea alta emanda ez badago, subsidioa ordaintzeko erantzukizuna enpresari dagokio zuzenean eta esklusiboki. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ez du inolako betebeharrik aurrerakinik egiteko (ezta mutualitateak ere, berak estaltzen baditu kontingentzia horiek enpresan), kasu horretan ez baita aplikatzen prestazioen automatikotasunaren printzipioa. Halaber, ez da inolako erantzukizun subsidiariorik sortzen Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarentzat (edo mutualitatearentzat, ) ugazaben kaudimengabeziagatik.

Ez da hala gertatzen lan-istripuaren edo lanbide-gaixotasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasunen kasuan, horietan GSINen erantzukizun subsidiarioak irauten baitu. Izan ere, erakunde hori iraungitako Lan Istripuak eta Gaixotasun Profesionalak Bermatzeko Funtsaren ondorengoa da, azaroaren 16ko 36/1978 Errege Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoan aurreikusitakoaren arabera, 1956ko ekainaren 22ko Dekretuaren 39. artikulutik 41.era bitartekoetan aurreikusitakoari dagokionez (artikulu horiek bermea ematen zuten enpresaren zein Ugazaben Mutualitatearen kaudimengabeziaren aurrean).

Bestelakoa da enpresak atzeraeraginez kotizatu behar badu izapidetze-aldiko soldaten denboragatik eta tarte horretantxe gertatzen bada lanez kanpoko istripua.

Horrelakoetan, kaleratzea bidegabea edo deuseza dela deklaratzen da, eta, aplikatu beharreko lege- eta erregelamendu-arauen arabera, enpresak izapidetze-aldiko soldatei dagokien aldian kotizatu behar du. Nolanahi ere, enpresaburuak langileari baja eman behar dio zerbitzuak emateari uzten dion unean. Bi arau-aurreikuspen horiek bateragarri egiteko, kontuan hartzen da kaleratze-prozesua izapidetzen ari den bitartean kaleratutako langileak altarekin parekatzen den egoera lor dezakeela atzeraeraginezko ondorioekin, baldin eta erabakitako kaleratzea bidegabea edo deuseza bada. Egoera hori Auzitegi Gorenaren 2009ko azaroaren 3ko epaian aztertu zen (rcud. 1434/2009), zeinak bidea irekitzen baitio enpresa-kaudimengabeziagatiko GSINen erantzukizun subsidiarioari.  

Susana Castaños del Molino


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak