OHIKO LANBIDEA ETA AUTONOMOEN ARAUBIDE BEREZIA

Ezintasun iraunkorraren mailak zehazteko orduan, funtsezkoa da ohiko lanbidea aztertzea. Auzitegi Gorenaren 2023ko azaroaren 22ko epaian (992/2023 ebazpena), kontuan hartu beharreko ohiko lanbidea zein den aztertzen da: lan-gaitasuna murrizten duten murrizketa anatomikoek edo funtzionalek eragindako lesioak jasaten direnean betetzen ari dena edo haiek baloratzen direnean betetzen ari dena.
Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoaren bidez ez ditugu ezintasun iraunkorraren mailak baloratzeko kasu asko aurkituko, oso balorazio indibidualizatua delako. Zaila da bi kasu berdin aurkitzea, baina, hemen, Auzitegi Gorenak ohiko lanbidearen kontzeptuaren azterketa interesgarria eta didaktikoa egin du, eta hori kontuan hartu behar da.
Langile Autonomoen Araubide Berezian (aurrerantzean, LAAB) alta emandako langile baten kasua dugu. Zirkulazio-istripu bat izan zuen —lanez kanpoko istripua— 2015eko abuztuaren 17an, larria, diagnostikoa zango katastrofikoa izanik. Aldi baterako ezintasunaren epea agortuta, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (aurrerantzean, GSIN) espedientea hasi zuen. 2017ko irailaren 16an ebatzi zen: aldi baterako ezintasun-prozesuari amaiera eman zion, eta ez zuen onartu inolako ezintasun iraunkorrik.
2004ko azaroaren 11n, auzi-jartzaileak sozietate mugatu bat eratu zuen, zeinaren objektu soziala baitzen zaldi-ikuskizunak antolatzea, zaldiak alokatzea eta espezialistak prestatzea. Bera zen sozietatearen administratzaile bakarra eta enpresaren akzioen % 85en titularra, eta zaldi gaineko ikuskizunetan eta espezialistak prestatzen ziharduen.
2017ko ekainaren 21etik aurrera, sozietate mugatuko kudeatzaile-lanak egiten hasi zen. Trafiko-istripuaren ondoren, muga handiak zituen, eskakizun fisiko handiko jarduerak egitea eragozten zizkiotenak. Ondoren, aldi baterako ezintasuneko beste prozesu bat hasi zen, zeina GSINk 2018ko ekainaren 14an emandako ebazpenaren bidez amaitu baitzen, ezintasun iraunkorraren aitorpena ukatuta. Erabaki horren aurrean, langileak lehenik erreklamazioa eta gero demanda jarri zuen, ezintasun iraunkor osoa aitortzeko eskatuz.
Alacanteko Lan Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak, 2019ko otsailaren 8ko epaian, ezintasun iraunkorraren maila hori aitortu zuen, baina Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2020ko ekainaren 14ko epaiak erakunde kudeatzailearen erregutze-errekurtsoa onartu eta epaia errebokatu zuen. Langileak, orduan, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen.
Hau da eztabaidagaia: zein da langilearen ohiko lanbidea, zaldi gaineko ikuskizunetan eta espezialistak prestatzen diharduen espezialistarena, —alegia, lanez kanpoko istripuaren unean zuen lanbidea— ala sozietateko kudeatzaile eta administratzailearena? Izan ere, funtsezko elementua da hori baliaezintasun-egoera baten aurrean gauden ala ez erabakitzeko. Ez da zalantzan jartzen langileak muga funtzional garrantzitsuak dituela.
Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 194.2 artikuluan eta 2530/1970 Dekretuaren 36.2 artikuluan ezarritakoaren interpretazioa egiten da, non esaten baita LAABen ulertuko dela ohiko lanbidea dela interesduna alta emanda zegoen araubide horrek babesten duen ezintasun iraunkorra eragin zuen gertaera gertatu zenean interesdunak zuena eta aurrekoa.
Beraz, ondorioa da ezintasun iraunkorra dakarren istripua gertatzen den unean betetzen ari dena izan behar duela ohiko lanbideak, eta ez geroagokoa, GSINeko Ezintasunak Baloratzeko Taldeak irizpena ematen duenean beharbada betetzen ari dena.
Auzitegi Gorenak egiten duen interpretazioa hori denez, kasu honetan kontuan hartu behar dugun lanbidea zaldi gaineko ikuskizunetako espezialistarena da, hau da, zirkulazio-istripua izan zuenean betetzen ari zena.
Jon Careaga Correa
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
