Ezintasun iraunkorrari eta erretiroa hartzeko ohiko adina betetzeari buruz

Galdera hau oso ohikoa da, eta maiz egiten dute pentsioa jasotzeko eskubidea ematen duen ezintasun iraunkor bateko pentsio baten onuradunek (osoa edo absolutua eta baliaezintasun handia): Zer gertatzen da aitortutako pentsioarekin erretiro-adina betetzen denean?
Jarraian azalduko dugun bezala, gehienetan prestazioaren onuradunak ez du ezer egin beharko, eta pentsiodunak ez du kalterik jasango inolaz ere, kasurik okerrenean egoera berean geratuko baita.
Ikus dezagun gure ordenamendu juridikoak nola antolatzen duen ezintasun iraunkorretik erretiroa hartzeko ohiko adina betetzerako iragate hori; ikusiko dugun bezala, izen-aldaketa bat baino ez da izango kasu gehienetan.
Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 200.4 artikuluak dioenez, “Ezintasun iraunkorragatiko pentsioei, haien onuradunak hirurogeita zazpi urte betetzen dituztenean, erretiro-pentsio deituko zaie. Izendapen berri horrek ez du inongo aldaketarik ekarriko, ordura arte jasotako prestazioaren baldintzei dagokienez”.
Lege-testua oso argia da: printzipioz, pentsiodun batek ere inolako kudeaketa edo izapiderik egin beharrik gabe, ez Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean, ez eta beste erakunde batean, ezintasun iraunkorreko pentsioari erretiro-pentsio deitzen zaio automatikoki, eta ez dira birkalkulatzen ez oinarri arautzailea, ez pentsio-ehunekoa, ez ordainsari-kopurua, ez eta PFEZaren ehunekoa ere, ezintasun oso kualifikatua, absolutua edo baliaezintasun handia jasotzen bazuen pentsioak PFEZtik salbuetsita egoten jarraituko baitu.
Nabarmendu behar dugu artikulu horrek 67 urteko adina aipatzen duela erretiroa hartzeko ohiko adin gisa, 2027an hori izango baita erretiroa hartzeko ohiko adina, gutxienez 38 urte eta sei hilabetez kotizatu izana egiaztatzen ez dutenentzat.
Oraindik trantsizio-aldian gaude, eta, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren zazpigarren xedapen iragankorrak adierazten duen bezala, gradualki aplikatuko da; 2024an, 66 urte eta 6 hilabetekoa da adin hori.
Kontuan hartu behar dugu, gainera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 163.1 artikuluak adierazten duela araubide orokorraren pentsioak elkarrekin bateraezinak izango direla onuradun berarengan metatzen direnean, “legez edo erregelamenduz berariaz kontrakoa xedatzen ez bada”. Beraz, erretiroa hartzeko behar beste kotizatu dugula uste badugu, erretiro-pentsioa eska diezaiokegu Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari. Erakunde kudeatzaileak aztertuko du pentsioa jasotzeko baldintzak betetzen diren, dagokion pentsioa kalkulatuko du, eta horretarako eskubidea aitortuko du, baina organo kudeatzailea hasiko da ordainketa egiten, edo, hala badagokio, urteko zenbatekoetan handiena den pentsioa ordaintzen jarraituko du. Horrenbestez, printzipioz, zenbateko handieneko pentsioa ordainduko da, salbu eta pentsioduna (edozein arrazoi dela eta) ados ez badago eta beste aukera bat baliatzen badu.
Egia esan, kasu gehienetan oso gutxitan da onuragarriagoa erretiro-pentsioa eskatzea, aldez aurretik ezintasun iraunkorreko pentsioduna izanez gero —eta zenbat eta gazteago aitortu hasierako pentsioa, orduan eta onura gutxiago ekarriko du—, berriz kotizatu ez bada eta maila ezintasun absolutukoa edo baliaezintasun handikoa bada. Nolanahi ere, zalantzarik izanez gero, onuradunak beti eska dezake pentsioa, eta erretiroa hartzeko eskubidea betetzen ez badu edo zenbateko txikiagokoa bada, ondoriorik gabe geratuko da.
Azaldu dugun guztia pentsio kontributiboei buruzkoa da, baina gerta liteke onuraduna baliaezintasun-pentsio ez-kontributibo bat jasotzen aritzea. Gure ordenamendu juridikoak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 367.3 artikuluan arautzen du egoera hori, eta, funtsean, arestian adierazitakoarekin bat datorren araubide bat ezartzen du. Izan ere, honako hau adierazten du: “Baliaezintasun-pentsioei erretiro-pentsio deituko zaie haien onuradunek hirurogeita bost urte betetzen dituzten unetik aurrera. Izendapen berri horrek ez du inongo aldaketarik ekarriko, ordura arte jasotako prestazioaren baldintzei dagokienez”.
Cristina Cearra Guezuraga
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
